Ainara RODRIGUEZ - Ramon SOLA
Entrevue
Eider Mendoza
EAJren ahaldun nagusigaia Gipuzkoan

«Zenbat eta ekonomia indartsuagoa, orduan eta babestuago herritarrak»

Lehia bizi-bizia aurreikusten dute inkestek Gipuzkoan eta, zalantza batzuk tartean izanagatik ere, azkenean Eider Mendozaren aldeko apustua egin du EAJk. Eskarmentu handia du hondarribiarrak, lehenik Batzar Nagusietako presidente gisa eta gero Foru Aldundiko eledun lanetan. Kargua utziko duen Markel Olanoren ildo beretik joko luke.

Gobernantza arloko ahalduna izan ondoren, Azpeitian jaio baina Hondarribian bizi den Eider Mendoza (1974) ahaldun nagusirako lehian da EAJren izenean, EH Bildu ia parez pare duela. Bide beretik jarraitzeko asmoa antzematen da erabaki horretan; batetik, alderdian ibilbide luzea egina duelako (EGItik hasi eta Gasteizko Legebiltzarretik pasatuta), eta bestetik, orain arte kargu gorena izan duen Markel Olanoren ondo-ondoan lan egin duelako. NAIZ Irratian eman du bere egitasmoen berri.

Lehia estua aurreikusten dute inkestek. Maddalen Iriarte ez duzue urrun...

Gipuzkoan EAJren eta ezker abertzalearen mundua oso gertu egon gara beti. Gure lurraldea abertzalea dela azpimarratuko nuke. Nabarmena da gainerako alderdi politikoek, inkesten arabera behintzat, ez dutela pisu handirik izango. Eta parte hartzea handia izango dela dirudi.

Orain gutxi entzuteko prozesua burutu du EAJk, “Entzunez eraiki” lelopean. Ondorio batzuk autokritikoak izan dira. Zer aldatu beharko litzateke Gipuzkoan, aldatzekotan?

Entzuketa prozesu hau EAJk burutu du, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ere urteak daramatza entzuketa bat aurrera eramaten. Azken urteetan eginiko lanari garrantzi handia ematen diogu eta, aldi berean, entzuteaz aparte gainontzekoekin lankidetzan etorkizuneko erronkei ekiteko gaitasuna izan dugu. Hau da, entzun, adostu eta proiektuak abian jarri ditugu. Gure buruari egiten diogun kritika nagusia edo ikusten dugun aukera nagusia horretara bideratuko nuke: bakarrik ez dugu ahalmenik eta, hortaz, gainerako erakundeekin eta herritarrekin batera eseri, entzun, konpartitu eta proiektuak abiatu behar dira. Hori sendotu nahiko genuke.

Markel Olanoren bide beretik joko duzu edo ñabardurak izango dira?

Sekulako ekarpena egin dio lurraldeari Markel Olano jaunak. Diputatu nagusi apala izan da, eta oso eskuzabala, gainontzekoei konfiantza eskaini dielako. Horrek lortu du lurraldeari denon artean benetan ekarpen kualifikatu bat egitea. Bere izaera propioagatik egin du. Guretzat altxor ikaragarria da hori, eta nik bide horri eutsi nahi diot. Belaunaldi berri bat gara orain, estilo propioa izango dugu, baina bide horretan sakonduz.

Balantze baikorra egiten duzue PSErekin osatutako Gobernuaz?

Positiboa da. Duela zortzi urte EAJk Gobernua bere gain hartu zuenean, PSErekin batera, egoera ez zen inondik inora gaur dagoena. Enfrentamendu handi bat zegoen, enfrentamendu handi bat sortua zuen Aldundiak herritarrekin; egoera jasanezina zen, arazo potoloak zeuden, konponbiderik ez zutenak: hondakinak, Deskarga... Lehenengo urteetan lan nagusia arazo horiei konponbidea jartzea izan zen. Azkeneko lau urte hauetan etorkizunari begira jarri gara.

Mubil proiektua da adibidea; ezinbestekoa zen Gipuzkoan mugikortasunaren arloan estrategia bat garatzea, industria lagunduko zuena, egokitzeko eta negozio berriak martxan jartzeko. Hau ere ez du Aldundiak bakarrik egin: unibertsitateekin, industriarekin, gainerako aldundiekin, Eusko Jaurlaritzarekin... jardun dugu. Hor sortuko dena sekulakoa izango da. Europan ez dago honelako proiekturik.

Zein da gaur Gipuzkoak duen arazo nagusia? Zeri emango diozu lehentasuna?

EAJren ikur bat da: ekonomiari eta gizarte babesari, txanpon beraren bi aldeak direlako. Ekonomia indartsua behar dugu, baliabide nahikoak izateko, gehien behar dutenen alde. Gaur egun oinarri sendoak ditu ekonomiak gure lurraldean, langabezia %7an dago, berrikuntzan sekulako ahalegina egiten da (BPGren %2,69 horretara bideratzen da, Europako herri aurreratuenen pare), eta desberdinkeria maila ere baxua dugu. Zenbat eta ekonomia indartsuagoa, orduan eta lurralde orekatuagoa izango dugu, eta gure herritarrak hobeto babestuko ditugu.

Kooperatiben inguruan sortu diren gorabeherei nola begiratu diezu?

Bi aspektu nabarmenduko nituzke. Bat, beraiek izan behar dute erabakimena, eta gu ezin gara horretan sartu. Eta bi, handitasunak sendotasuna ematen du, gero eta enpresa handiagoak behar ditugu.

Gipuzkoa lurralde aberats gisa agertzen da datuetan, baina diruaren banaketa justua dela esango zenuke?

Gaur egun dugun ogasun sistema erabat progresiboa da; gehien dutenek gehiago ordaintzen dute. Bi adibide jarriko ditut: Ondare Zerga dago hemen, beste leku batzuetan ez dagoena; eta PFZ [IRPF] %40k ez du ordaintzen, eta beste %60aren laurdenak ordaintzen ditu PFZen bidez jasotzen denaren hiru laurdenak. Progresiboa eta justua da. Gaur egun azterketa bat abian dugu, aldiro-aldiro errebisatu eta egokitu beharra dagoelako, mundua oso aldakorra delako.

Etxebizitzaren arazoa potoloa da Gipuzkoan. Baina Gobernu espainolaren eta EH Bilduren arteko akordioaren kontra agertu da EAJ. Ez diozu onurarik ikusten?

Gure eskumenak goitik behera inbadituak izan dira. Badago aspekturen bat interesgarria dena, baina etxebizitzaren arloan eskumena dugu, eta hau urratu gabe beste lege batean aldaketa txiki bat eginda aurrera eraman zitekeen.

EAE mailan dagoen politika ez da existitu ere egiten gure inguruan, eta alokairuaren bidez egiten ari da. Egia da Donostian etxebizitza garesti dagoela, baina hor ere sekulako apustua egin da, adibidez Loiolan, garapen berriak egiteko, eta arnasa handia emango dio Udalari. Etxebizitza babestu asko egiten ari da, eta hemen jarri behar da azpimarra.

Zaharkitutako lurraldea da Gipuzkoa. Zaintzaren arazoa erdigunera etorri da. Zuentzat lehentasuna al da?

Bai. Proiektu propioa dugu, Adinberri, Pasaian, ezagutza eta berrikuntza sortzeko leku bat. Bizitza osasungarri bat aurrera eramateko ikerketa egingo da hor eta ezagutza sortuko da. Gainera, zortzi egoitza berri eraikiko ditugu, 30 egoitzatan eredu aldaketa dator (65 ditugu guztira Gipuzkoan)... Trantsizio betean gaude, baina ondo baloratuta dago hemen ematen den arreta. Jakinda, nagusiak direnen artean 10etik 8k etxean bizi nahi duela, eta hauek ere zaintza egoki bat behar dutela. Egoki zainduko ditugu etxean eta egoki zainduko ditugu egoitzan, etxean baleude bezala.

Osasun publikoaren sistemarekin kezka handia dago. Zure esku balego, zer egingo zenuke egoera hobetzeko?

Gipuzkoarren osasunaren inguruan? Egia da kezketako bat dela: ekonomiaren ingurukoa lehena, eta bigarrena Osakidetzaren arlokoa. Europa osoan gertatzen ari da, pandemiak faktura handia pasatu dio gure osasun sistemari, eta ez gara hori gainditzeko gai izan.

Baina ez da hau bakarrik: profesionalak falta dira alor guztietan, hemen eta Europan. Inoiz baino profesional gehiago dago Osakidetzan, inoiz baino baliabide gehiago bideratzen dira. Konfiantza eta pazientzia eskatzen ditugu.

Uliazpi auzian jarritako helegitearen aurka azaldu da PSE. Euskararen auzia arrakala bezala bizi duzue Gobernuan?

Gobernu Kontseiluak onartu zuen. Ez dugu arrakalarik ikusi orain arte. Ez nuke nahi euskara inondik inora eztabaidagai izatea. Oso argi dugu gipuzkoarren gehiengoak Administraziora jotzen duenean euskaraz artatua izan nahi duela. Eskubide bat da. Eta horretarako hemengo hizkuntza ezagutu behar da, ezinbestekoa da, zerbitzu egokia eskaintzeko.

Gipuzkoa lurralde abertzalea dela esan duzu hasieran. Horrekin ere, euskararekin bezala, oso posizioa ezberdinak dituzue EAJk eta PSEk, baina erakunde gehienetan elkarrekin zaudete. Inork pentsa dezake kontu hauek zuentzat bigarren mailakoak direla?

Badakizu Gipuzkoako lurraldean kolore guztietako gobernuak direla, eta ez dakit haiei galdera bera egiten diezun... Bakoitzak ideologia propioa izanda eta hau alde batera utzi gabe, Gipuzkoak dituen arazoei aurre egiteko gaitasuna izan dugu, eta lurraldea etorkizunari begira jartzeko.

Konbinazio harrigarriak badaude, baina adostasunak lortu dira lurraldean, eta nik gauza positibo bezala hartzen dut. Desberdin pentsatu eta desberdin aritu arren, lurraldeak aurrera egin dezan adostu beharreko puntu batzuk badira. Elkarrekin sendo gara.

Datorren ahaldun nagusia emakumea izango da. Zein balio ematen diozu?

Handia, lehenengo aldia baita. Erabaki guneetan egon behar dugu emakumeok, ez da bakarrik bisibilizazio kontu bat, eraginkorrak diren lekuetan egoteko beharra baizik.