Maddi TXINTXURRETA
GIPUZKOA • BI PROTAGONISTA, GAINONTZEKOAK LAUSO

Gipuzkoako dilema: EAJ edo EH Bildu, segi ala aldatu

Maiatzaren 28ko bozetan EH Bilduren eta EAJren arteko lehia estu egongo da Gipuzkoan, inkesten estimazioen arabera. Talaia horretan denak inporta du: abstentzioak, kanpainan asmatzeak, zalantzatiak konbentzitzeak, hautesleen fideltasunak... edo hauteskundez hauteskunde mantentzen diren joerak.

Gipuzkoan, Eider Mendozaren (EAJ) eta Maddalen Iriarteren (EH Bildu) arteko partida izango da maiatzaren 28koa.
Gipuzkoan, Eider Mendozaren (EAJ) eta Maddalen Iriarteren (EH Bildu) arteko partida izango da maiatzaren 28koa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Inkestek aurresana da: EAJren eta EH Bilduren artean lehia estu egongo da Gipuzkoan maiatzaren 28ko foru hauteskundeetan. Norgehiagoka horrek leiho posible batzuk ireki eta horietatik begiratzeko aukera ematen du. Hala, NAIZek eskatuta, zelatari lanetan jarri dira Ion Ansa eta Eva Silvan politologoak.

Hasteko, parte hartzean destatu dute begirada analitikoa, emaitzak argiak ez izateak izan baitezake eragina hauteskundeen erakarmen boterean. Edo hori uste du Silvanek. «Lehiatuak diren hauteskundeetan parte hartze handiagoa izan ohi da, hautesleriak badakielako bere botoa erabakigarriagoa dela eta, beraz, Gipuzkoan parte hartze ona egongo dela aurreikusi daiteke», esan du.

Dena den, abstentzioaren mamuak beti agerraldiak egiten ditu hauteskunde atarietan eta, alde horretatik, beste ertz bati heldu dio Ansak. «Askotan galdetzen dugu abstentzioak nori egiten dion kalte eta nori mesede, baina nik uste dut galderari buelta eman diezaiokegula, eta esan: nork egiten dio abstentzioari mesede. M28an aurkituko dugun lehia-ardatz nagusia da azkenaldian hauteskundez hauteskunde baieztatzen ari den errealitate bat: hautesleak erabaki behar duena da jarraitu nahi duen dagoenarekin ala aldaketa nahi duen», adierazi du.

Atzera begirako bat egin du, oroitarazteko Gipuzkoan bere garaian euskal alderdi politikoen sistema «oso polarizatuta» zegoela, baina zehaztu du, ETAk 2011n behin betiko borroka armatua uztea erabaki eta ezker abertzaleak koalizio eta aliantzen norabidea hartu ondoren, aldatu egin zela sistema hori. «Beraz, lehia hori oso desberdin aurkezten da orain. Lehia horretan EAJk hartu duen papera izan da, EH Bilduk irabazi ez dezan, marka posible bakar gisa aurkeztea. Baina, aldi berean, Gipuzkoan bereziki, ikusten ari gara EAJ bat gero eta gehiago ari dena EH Bilduren antza hartzen; gero eta gehiago erabiltzen ditu ezker abertzaleak bere garaian erabiltzen zituen terminoak eta estiloak. Fenomeno hori etorri da ezker abertzalearen igoerarekin batera», azaldu du politologo eta kazetariak.

Honek M28an gipuzkoarren parte hartzea igotzea eragingo du? «Ez du zertan», dio Ansak: «Gerta daiteke kontrakoa, parte hartzea apaltzea. Eta parte hartze baxu batek, baldintza hauetan, iradoki dezake zenbait jenderi ez zaiola horren aukera txarra iruditzen EH Bilduk gobernatzea, alegia, ez dela egon botoen mobilizazio bat EAJra, EH Bilduk gobernatu ez dezan. Beste hipotesia litzateke benetan Gipuzkoan ez dagoela aldaketarako nahirik eta ezker abertzaleak ez duela lortu bere aldeko botoa mobilizatzea».

KRISIAK, FIDELTASUNA...

EH Bildu ala EAJ, edozein izan daiteke garaile bozetan eta, beraz, erabakigarriak izango dira hautagaien profilak, kanpainan nabarmentzeko erakutsiko dituzten trebetasunak edo kalte egin diezaieketen diskurtsoak kudeatzeko gaitasunak. «Inkestek diote EAJ kokatuko dela aurretik, baina boto asko mobilizatzeko aukera dago oraindik», aipatu du Silvanek, eta gako batzuk eman ditu: «Aurreko bozetan abstenitu zirenek erabaki dezakete oraingoan botoa ematea, eta boto-emaile zalantzatiek markatuko dituzte alderdien arteko botoen transferentziak. Hauek dira hauteskunde kanpainan jokatzen diren kontuak». Izan ere, kanpainek ez dituzte hainbeste baldintzatzen alderdi bati fidel diren boto-emaileak. Zentzu horretan, EH Bildu ikusten du indartsuen, «inkestek agertzen baitute hautesleria fidelena duen alderdia dela».

EAJri begira, iritzi dio jeltzaleek PSErekin batera 2019an osatu zuten foru Gobernuak ez duela krisi larririk edo «eskandalurik» izan azken legegintzaldian eta, beraz, ez dirudi zigor modura boto saldo adierazgarririk galduko duenik. Alta, gerta daiteke Lakuaren kudeaketa krisiek, Osakidetzaren auziak adibidez -50.000 kexatik gora jaso zituen 2022an EAEko osasun sistema publikoak-, eragina izatea M28an, nahiz eta foru aldundiek osasun sistema publikoan eskumenik ez duten.

Baina, egiaz, EH Bilduk izango al du aukera errealik 2023-2027 legegintzaldian Gipuzkoan agintzeko? Ion Ansak onartu du «eszeptikoa» dela, ez baitzaio iruditzen epe motzera behintzat PSEk EAJrekin duen politika aldatuko duenik eta, beraz, EH Bilduk ez du erraza izango foru Gobernua lortzen, boto kopuruan garaile izango balitz ere. Hori gertatzeko, gaineratu du Ansak, gizartean aldaketarako nahiak «argiagoa» izan behar du, horrela «errazagoa» izango baita «PSEk aliantza politika aldatzea». Aliantzak, hortaz, ez daude alderdien exekutiben esku bakarrik, «gizarteak bidaltzen dituen mezuak» ere baldintzatu baititzakete, kazetariaren ustez.

GAIAK ETA IDENTITATEAK

Alderdiek bidaliko dituzten mezuetan ere arreta jar liteke, eta hauteskunde kanpaina ofizialki abiatu aurretik ere hasi ziren pista batzuk banatzen: EH Bilduk politika industrial baterako estrategia aurkeztu zuen eta Eider Mendozak ere Gipuzkoako ehun industriala sendotzearen alde hitz egin du. Ziurgabetasun ekonomikoaren garaian, beraz, ekonomiari helduko diote ezinbestean alderdietako hautagaiek, foru gobernuek fiskalitatean eskumenak dituztenez. «Bestela, kontuan hartu behar dira zeintzuk diren foru gobernuen eskumenak: azpiegitura, mugikortasuna, konektibitatea, ingurumena, garapen ekonomikoa, berdintasuna, gizarte zerbitzuak... Esparru hauetan mugituko dira gaiak. Eta bi alderdi abertzaleen arteko lehia izanik, saiatu beharko dute ikuspuntu eta proposamen desberdinak eskaintzen», adierazi du Eva Silvanek.

Ansari iruditzen zaio, bestalde, herritarrek botoa erabakitzeko orduan gai zehatzek baino pisu gehiago duela, oraindik ere, alderdien identitateak. «Jadanik ez hainbeste siglak, baizik joerak, aurrerakoiak diren, aldaketa ekarriko ote duten... Batez ere adin ertainetik beherako pertsonek daukaten balore sistema, momentu honetan, aurrerakoia da Gipuzkoan, oso nabarmena da. Izan daiteke Europako lurralderik aurreratuenetako bat balore aldetik, bizitza ulertzeko moduaren aldetik, baita politikoki ere. Zentzu horretan, EH Bilduk gehiengo nabarmena dauka, nahiz eta horrek ez duen esan nahi Gipuzkoa bere osotasunean hartuta EH Bilduk hegemonia kulturala duenik», azaldu du.

ETA BESTEAK ZER?

Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagaiei begira, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta EAJko Eider Mendoza ikusten ditu Silvanek indartsuen; Iriarte, jeltzalearen aurretik. «Maddalen Iriartek proiekzio handia dauka eta Eider Mendoza baino jende gehiagok ezagutzen du, Mendoza Aldundiko bozeramailea izan den arren. Bestalde, bi liderrak ongi baloratuta daude, eta horrek abiapuntu on batean kokatzen ditu», iradoki du.

Ansak, bere aldetik, boto eszisioari ere erreparatzea garrantzitsutzat jo du, izan ere, herritar batzuek alderdi desberdina markatuko dute M28an eskainiko zaizkien bi paperetan. «Nabarmena izaten da Gipuzkoan. EAJk Foru Aldundirako bozetan udal hauteskundeetan baino 9.000 boto gehiago lortzen ditu; EH Bilduk, aldiz, 5.000 boto gutxiago. Honek, nik uste, adierazten du herri mailan hautagaitzek eragina izan dezaketela emaitzetan, eta ematen du EH Bilduk abantaila duela herrietan, eta Gipuzkoa mailan markak garrantzia handiagoa daukala, eta hor EAJk du indar gehiago», adierazi du.

Lehia EH Bilduren eta EAJren artean egonda eta bi alderdietako hautagaiek «horrenbeste ikusgarritasun» izanda, gainerako taldeak «lausotuta» iritsi dira kanpainara eta «ikusgarritasuna lortzea kostatuko zaie», Silvanen ustez. Ezagutzari dagokionez, Iriarteren eta Mendozaren atzetik paretsu agertu dira inkestetan Elkarrekin Podemos-IU-Aliantza Berdeak koalizioko Miren Echeveste eta PSE-EEko Jose Ignacio Asensio, eta atzean geratzen da PPko hautagai Mikel Lezama.

«Ziur aski PSEk ez du arazorik izango bere hautesle kuota mantentzeko [bederatzi eserleku ditu] eta Elkarrekin Podemosen kasuan ikusi beharko da zer eragin duen Sumar proiektuak. PP, aldiz, bere momentu txarrenean dago; oraindik pairatzen ari dira berregituraketak eragin zizkien arazoak, badituzte lidergo arazoak ere. Kostatuko zaie besteen artean burua altxatzea», esan du politologoak.

Ansaren iritziz, PSE nahiz PPren jardunean eragin handia du Madrilgo momentu politikoak: «Gertatu dira aldaketa batzuk Gipuzkoako gizartean, ETAk bere erabakia hartuta edo lehenago, belaunaldi aldaketak ere badaude... Eta uste dut PSE eta batez ere PP euskal politikan lekuz kanpo geratzen ari direla. Hala ere, PSEk oraindik badu oinarri bat, eta uste dut ez dituela espero bezain emaitza txarrak izango. Eta PPrekin harrituta nago, zeren Espainian gorako joera du, eta hemen estimazioek kontrakoa diote, kanpoan geratzeko arriskuekin. Beraz, agian PPk ere espero baino emaitza hobeak atera ditzake».

Elkarrekin Podemosen inguruan gogoratu du momentu batean lortu zuela jendearekin konektatzea eta gai izan zela EH Bildurekin lehiatzeko gizarte esparru aurrerakoi, ezkertiar eta adin ertainetik beherakoan. Baina egun «gainbeheran» dagoela uste du, «eta ez da erabakigarria izango, EH Bilduk ez baditu emaitza oso onak lortzen», gaineratu du.



Adierazpenak

«Inkestek diote EAJ kokatuko dela aurretik, baina oraindik boto asko mobilizatzeko aukera dago»

EVA SILVAN

Politologoa

«Elkarrekin Podemos ez da erabakigarria izango, EH Bilduk ez baditu emaitza oso onak lortzen»

ION ANSA

Politologoa eta kazetaria