Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

Huntington eta Dickey mendiek eskalada handiak elkartu dituzte

Zac Colbran, Grant Stewart eta Dane Steadmanek “The Technicolor Superdream” bidea ireki dute Huntingtongo zutoin batean. Matt Cornell, Sam Hennessey eta Rob Smithek, berriz, Dickeyko “Blood from the Stone”-ren lehen errepikapena osatu dute.

Alaskako mendiek ez dute inor epel uzten. Kutsu berezia dute, batez ere, urrutiko lekuetan egoteaz gain, inguru oso bakartian eta isolatuan kokatuta daudelako. Makina bat menditara heltzeko, abioneta bat hartzea ezinbestekoa da. Hortik aurrera, alpinistek hartzen duten konpromisoa asko indartzen da.

Ez da benetako alpinismoa egiten den alderdi bakarra, baina Alaskako mendi horietara joaten direnek diote kontzeptu horrekin erabateko fusioa dagoela. Hori guztia bizi izan dute aipatuko ditugun bi espedizioek. Eta horrez gain, oso gogor estutu dute aurrez aurre izan dituzten xedeetan. Hots, zailtasun handiko eskaladak egin dituzte.

Zac Colbran eta Grant Stewart kanadarrek eta Dane Steadman estatubatuarrak elkarrekin jardun dute Huntington mendian. Kanadarrak gazteak dira, oso gazteak, eta haien jardunak bultzatu ahal izateko beka bat jaso zuten: «Huntingtongo mendebaldeko aurpegian igo gabe zegoen zutoin oso erakargarria eta estetikoa zen geure helburua. Jaso dugun dirulaguntzari esker, proiektu hau aurrera eramateko aukera izan dugu. Mendi gidariak gara, eta gure helburuak prestatzen ditugu aurrezten dugun diruarekin. Baina Alaskara joatea oso garestia da, eta izan dugun babes horrek presioa kendu digu».

Presioa izan edo ez, kontua da hirukote horrek joan den apirilean goi mailako jarduera egin zuela. 19tik 21era, alpinistak gai izan ziren “The Technicolor Superdream” bidea zabaltzeko. Asko eskatzen duen bidea da; izan ere, zailtasun tekniko handiak (AI5+, M6+, A2) gainditu behar izan zituzten. Aipatu dugun ageriko zutoin horretan 1.300 metroko eskalada egin zuten: «Apirilaren 15ean abionetak Tokosikna glaziarrean utzi gintuen. Onartu behar dugu Huntingtongo mendebaldeko aurpegia zirraragarria dela. Eta hori diogu benetako alpinismoa egin dutenek ekarpen handiak egin dituztelako».

Helburu hori mamitzen lehena Steadman izan zen. Iaz eginiko beste espedizio batean aipatu dugun horma horren azpian egon zen. Eta, jakina, igo gabe zegoen zutoinarekin harrapatuta geratu zen: «Izoztuta zeuden harkaitzezko sistema batzuk ikusi nituen. Beheko sekzioan, adibidez, izotz delikatua eta ez oso jarraikorra zegoen. Ateratako irudiak nire kideei bidali nizkien, eta hirurok ala hirurok bat egin genuen proiektu horrekin».

Glaziarrera heldu bezain laster, alpinistek ez zuten atseden hartzeko betarik izan. Eguraldia oso egonkorra zen, eta hori aprobetxatu zuten bide berriaren beheko zatia aztertzeko. Steadmanek onartu du baldintzak ez zirela oso egokiak: «Lehen luzean sartu eta ohartu nintzen, iaz ez bezala, izotz gutxiago zegoela. Aztertzera abiatu ginen, eta Zac-ek lehen luzeari ekin zion. Aseguratzeko lekuak ez ziren batere egokiak, baina handik onik irten zen. Bigarren luzean sokaburu joan nintzen, eta mistoan gogor estutu behar izan nuen; M6+ mailakoa da. Eraman nituen zortzi iltzeak eta friend sorta bat erabili nituen. Pozik geunden azterketa horrekin, eta, bi luze horiek rappelatu ondoren, kanpalekura jaitsi ginen».

Apirilaren 19an, berriz, behin betiko ekinaldiarekin buru-belarri jarri ziren. Aurreko egunetan eskalatutako bi luzeak gainditu eta bederatzi gehiago igo zituzten. Steadmanek aurreratu duen bezala, horietako bat marra berriak duen arriskutsuena izan zen: «Oso zaila izan zen, batez ere izotz mehea zuelako. Luze hori osatu ondoren, artifizialean sinatu genuen bakarrari ekin genion. A2 mailakoa atera zen. Soka gainetik nuela, segurtasun osoarekin, luze hori era askean igotzen saiatu nintzen. Eta lortu nuen; uste dut M7 dela. Bileran ginela, sokaburu joaten, librean igotzea otu zitzaigun, baina asmo hori alde batera utzi eta aurrera egin genuen. Berez, bibaka egiteko aurreikusitako erlaitzera heldu behar genuen, baina zailtasun tekniko handiek geure erritmoa mantsotu zuten. Beste erlaitz bat ikusi eta hara abiatu ginen. Askoz ere txikiagoa zen, eta gau osoa eserita igaro genuen. Gainera, hotz handia egin zuen».

Bigarren eskalada egunean ez zuten eguraldiarekin arazorik izan: ez haizeterik, ezta lainorik ere. Mistoan zenbait luze (M5 eta M6) eskalatu zituzten, eta eguerdirako “Colton-Leach” bidearen erlaitzera iritsi ziren. Eguzkiak gogor jotzen zuenez, arreta handiz igotzen jarraitu zuten: «Elurra oso sakona eta arriskutsua zen. Baldintza hobeagorekin sokarik gabe jarraituko genuen, baina, tarte oso arriskutsuak zirenez, ensamblean joan ginen. Lehenbizikoa ez bezala, bigarren bibaka (gailurrerian) oso atsegina izan zen. Biharamunean tontorra zapaldu eta hirugarren eta azken eguna horma hori jaisten jardun genuen».

Kanadarrek eta estatubatuarrak Huntingtongo mendebaldeko horman egin berri duten eskaladaren inguruan azalpen hauek eman dituzte: «Ezaugarriei dagokienez, aurreratu behar dugu luze guztiak kalitate handikoak izan direla. Denera, hamabost luze eskalatu genituen. Izotzezko korridoreak, mistoko tarte pikoak, elur-perretxiko bereziak… Eta hori guztia kontrahormaren erdi-erditik».

KALITATEZKO ERREPIKAPENA

Hurrengo protagonistek ez dute bide berririk sortu, baina egin duten jarduerak azpimarra merezi du. Lehen lerroan dauden alpinistei maiz honakoa entzuten zaie: «Hobe da goi mailako lehen errepikapen bat egitea, saltsarik ez duen marra bat zabaltzea baino».

Bada, Matt Cornell, Sam Hennessey eta Rob Smithek iritzi horrekin bat egin dute, eta Dickey mendiaren ekialdeko horman dagoen “Blood from the Stone” marran bigarrenak izan dira. Gogora dezagun duela 21 urte Ueli Steck eta Sean Easton-ek 1.500 metroko zirrikitu hori ireki zutela. Zailtasunari zein arriskuari begiratzen badiegu, onartu behar da sokada horrek lan bikaina egin zuela: A1, WI6 X eta M7+.

Hiru urte geroago, Smithek lehen bidaia egin zuen Alaskara. Ondoan Brian Teale zuen. Hain justu, bisita horretan hirukote horren helburua forma hartzen hasi zen. Bederen, Smithek lehen urratsa egin zuen: «Brianek eta biok astebete igaro genuen Dickey mendiaren ekialdeko hormaren oinarrian. Kanpaleku horretan ginela, nire kideak “Blood from the Stone” marra zirraragarria erakutsi zidan. Une zehatz horretan neure buruari zera ezarri nion: egunen batean bide hori errepikatu behar dut».

Esan behar dugu “Blood from the Stone”-ren atzetik espezialista asko izan direla. Eta ez da harritzekoa. Steckek eta Eastonek lau egun behar izan zituzten “marra perfektu” hori igotzeko. Agian, motz geratzen gara perfektua dela esatean; izan ere, marra horren lehen errepikapenaren egileak haratago joan dira: «Jarduera hau gure artean aztertu dugunean, erabateko adostasunera heldu gara. Amets bat egia bihurtu dugu. Eguraldi eta baldintza perfektuekin bide sinestezina eskalatu dugu. Eskaladaren kalitateari dagokionez, inoiz egin dugun onena izan da. Zaila egiten zaigu barneratzea egin berri dugun igoera. Den-dena lerrokatu da, eta gure arteko sinbiosia ederra baino ederragoa izan da. Ez dugu inolako zalantzarik honakoa hau esaterakoan: Ueli eta Sean, zorionak, nortasun handiko marra ikaragarria zabaldu zenuten!».