ZEGAMA-AIZKORRI

Lokatzaren gainean distira egin dute Manuel Merillasek eta Daniela Oemusek

Inoizko ediziorik irekiena izan zen atzoko Zegama-Aizkorri. Faboritorik gabe abiatu zen, ibilbideko zati bat ere aldatu behar izan zuten eguraldi txarragatik, eta azkenean Manuel Merillas espainiarra eta Daniela Oemus alemaniarra izan ziren azkarrenak.

Lasterketako bost emakume azkarrenak, ezkerretik eskuinera: Nordskar, Fiedler, Oemus, Leboeuf eta L’Hirondel.
Lasterketako bost emakume azkarrenak, ezkerretik eskuinera: Nordskar, Fiedler, Oemus, Leboeuf eta L’Hirondel. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«‘Hirugarrenean asmatu’ leloak nirekin ez zuen funtzionatu eta zazpigarrenean izan behar izan du», adierazi zuen EITBko kameren aurrean Manuel Merillasek, Zegama-Aizkorri irabazi bezain pronto. Zazpigarren aldia zuen Zegaman; 2013. urtean egin zuen debuta eta iaz hirugarren helmugaratu zen, Kilian Jornetek ezarritako errekor berritik 9 minutura. Aurten, izar katalanaren hutsunearekin, gizonezkoetan berea izan da distirarik handiena 42 kilometroetan.

Daniela Oemus alemaniarra (4 ordu eta 31 minutu) txundituta iritsi zen Zegamako plazara. Probako irabazleentzat helmugan jartzen den zinta luzatuta ikusi zuenean harritu egin zen, ez baitzuen espero lehen postuan iritsiko zenik. «Badakit sei korrikalari aurreratu ditudala, baina ez nekien lasterketaren buruan nintzenik», onartu zuen EiTBko kameren aurrean. Proba irabaztea ez zen inolaz ere bere helburua. Debuta zuen Zegama-Aizkorrin eta aurreneko hamarren artean bukatu nahi bazuen ere, garaipenak erabat ezustean harrapatu zuen.

Bai eta ikusle eta zale gehienak ere. Proba inoizko irekiena, epikoena, aurreikusita zegoen. Hala zabaldu zen lau haizeetara atariko egunetan, eta, egiari zor, asmatu zuten -azken orduan ibilbidea apur bat aldatu zuten, eguraldiaren eraginez, eta ez ziren igaro Aitxuriko gailur-lerrotik-. Eguraldi petrala, oro har, guztientzat eskasa izaten den arren, badira batzuk hobeto moldatzen direnak eta halaxe ikusi zen, igoeran zein jaitsieran. «Zegamako irabazleetako bat izatea ohorea da, ez naiz inoiz faborito ikusi, baina gaur baldintzek mesede egiten didate eta nahi nuen lasterketa atera zait», azaldu zuen, hain zuzen ere, Merillas irabazleak.

ATZETIK AURRERA

Daniela Oemus alemaniarra Aizkorriko kontrolean jarri zen lasterketaren buruan eta jaitsiera osoan ez zuen izan aurkaririk. Are gehiago, Yiao Mao txinatarrak, Aizkorriraino lehen postuan aritu zenak -2018an Mont Blanc-eko lasterketa irabazitakoa eta ultra distantzietan espezialista-, makalaldi galanta izan zuen eta, azkenean, 17. postuan helmugaratu zen.

«Lasterketa epikoa izan da niretzat, une batzuetan bota duen euri jasak apenas uzten zidalako aurrean nuena ikusten», adierazi zuen irabazleak.

«Aurkarien maila oso gogorra zen eta baldintzak oso zorrotzak ziren, lokatzarekin eta tarte tekniko askorekin», esan zuen, bestalde, bigarren egin zuen Caitlin Fielder Zeelanda Berriko atletak, alemanarengandik hiru minutura helmugaratuta. Theres Leboeuf suitzarrak, sei minutura iritsi zenak, osatu zuen podiuma.

LEHIA ESTUA BUKAERARAINO

Emozio handiko lehia izango zela esan zutenean gutxik esperoko zuten gizonezkoen proban gertatutakoa, kasik Zegamako plazan erabaki zena. Gutxi falta izan zen helmugako lerroan esprint bat ikusteko. Azken metroetan Merillasek abiadura azkartu eta atzean utzi zuen Elazzaoui Elhouzine.

Espainiarra eta marokoarra nor baino nor aritu ziren Moanoko kontroletik (34,2 kilometroan) helmugaraino, bien artean hiru segundoko tartea soilik zegoela. Egoera horretara iristeko, horiek ere atzetik aurrera egin zuten. Merillas zazpigarren igaro zen Aketxetik, ibilbidearen erdia eginda gutxi gorabehera, eta, beraz, bigarren erdi ikusgarria burutu zuen Leongo korrikalariak.

Haren atzetik, orpoz orpo jarraitu zion une oro Elhouzine berbereak, baina azken kilometrorako indarrak hobeto gorde zituen Merillasek eta, txapeldunaren txapelaz gain, Aizkorriko tontorrean dagoen aizkoraren erreplika ere eraman zuen Leongoak.

Kilian Jornet gabe, Remi Bonneten izena ibili zen ahoz aho, baina eguraldi petralak kalte egin zion frantziarrari, nahiz eta azkenean, hortzak estututa, meritu handiko laugarren postua eskuratu zuen. Hirugarren, podiuma osatuz, Jonathan Albon britainiarra izan zen, irabazlearengandik hiru minutura.

EUSKALDUNEN MAILA APARTA

Eguraldiak ez zituen kikildu ez korrikalariak, ez eta zaleak ere. Aizkorri puntan ere batu ziren zenbait ikusle, korrikalariak une oro animatzeko. Oemusek horixe nabarmendu zuen, «hauspotuta» sentitu zela lasterketa osoan.

«Zegama Zegama da» leloa behin eta berriz nabarmentzen da, eta zer litzateke etxeko korrikalaririk gabe? Sekulako maila erakutsi zuten euskaldunek ere. Oihana Kortazar (7.) eta Naiara Irigoyenek (10.) lehen hamarren artean bukatu zuten lasterketa. Gizonezkoetan, beste behin, Aritz Egea izan zen euskaldun onena (19.), oso gertutik jarraitu zion Borja Zubizarretaren aurretik (3 segundora, 20.).