IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Emakume gaiztoak», ahanzturaren aurkako eleberria

Galizieratik euskarara itzuli du Patxi Zubizarreta itzultzaileak Marilar Aleixandreren eleberria, “Emakume gaiztoak”. XIX. mendean kokatuta dago istorioa, emakumezkoen espetxe batean, eta hango emakumeen bizitzak eta harremanak kontatzen ditu.

Patxi Zubizarreta, «Emakume gaiztoak», itzuli berri duen eleberria, eskuetan duela.
Patxi Zubizarreta, «Emakume gaiztoak», itzuli berri duen eleberria, eskuetan duela. (Iraitz MATEO | FOKU)

«Memoriari aldarri» egiten dion eleberria da “Emakume gaiztoak”, Patxi Zubizarreta itzultzailearen hitzetan. Donostian aurkeztu zuen atzo Alberdania argitaletxeak argitaratu duen liburu berria, Marilar Aleixandre idazle galiziarraren lana. 2022ko Narratiba Sari Nazional espainola lortu zuen lan horrekin idazleak eta aurkezpenean bideokonferentzia bidez hartu zuen parte. Donostian bertan egon ziren Patxi Zubizarreta itzultzailea eta Jorge Gimenez editorea.

Gimenezek eman zion hasiera aurkezpenari, eta azpimarratu zuen gutxitan suertatzen dela sari batean bi ezaugarri nagusi elkartzea: «Marilarrek duen kalitateaz gain, mezu ikaragarri sakona ematen du, mezu horren premia dagoen momentuan». Ahaztuta daudenei egiten die erreferentzia, ezkutatuak izan diren emakume presoei.

XIX. mendearen amaieran, Coruñako Galera espetxean, dago kokatuta eleberria. Sisca da protagonista nagusia, preso dagoen hamabost urteko gaztea. Idazleak aitortu zuen fikzionatutako pertsonaia dela, baina ehun urte beranduago egon omen zen Siscaren pertsonaiarekin lotura izan zuen emakume bat. Asmatutako bizitzak badira ere, hainbat datu erreal izan ditu abiapuntutzat. Eleberri «hibridoa» dela azaldu zuen; izan ere, atal bakoitzaren amaieran benetako dokumentu bat jasota dago.

Zubizarreta itzultzaileak azaldu zuen bere ustez non dagoen muina: «XIX. mende amaierako harremanak islatzen ditu, botere harremana batetik, gizonezkoek emakumeen gainean darabiltena, eta preso dauden emakumeek beraien artean izandako harremanak, bestetik».

Aurkezpenean, bi eszena ekarri zituzten gogora idazleak eta itzultzaileak. Batetik, espetxe barruko buruzagiek ogiarekin egiten duten negozioa, eta horren baitan sortzen diren botere harremanak zein umiliazioa. Eta, bestetik, eleberrian zentralitatea hartuko duen espetxe barneko emakumeen eskola; eskola bat sortu nahi dute. Izan ere, uste dute «duintasuna» berreskuratu dezaketela irakurtzen eta idazten ikastearekin batera. Baina eskola hori ere debekatu egingo diete.

«GAIZTOAK»

Izenburuari erreparatuz, 1608ko gertakari batean oinarrituta dagoela kontatu zuen idazle galiziarrak. Antza, XVII. mendeko moja batek Espainiako errege Felipe III.ari espetxean zeuden emakumeak askatzeko eskatu zion, gizonezkoek espetxetik kanpo zigorrak bete bazitzaketen emakumeek ere egin zezaketela argudiatuz, baina orduko agintarientzat emakume horiek «gaiztoak» ziren, eta espetxean jarraitu zuten.