Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Mihi azoka, aho «tentsionatuetan»

Hamaika entzuteko gara gero! Kanpainaz ari naiz, botoenaz, antxoena aparte utzita. Hamaika, bai, eta euskaraz ez dugu hori baino gehiago, eta izango ere ez adimen artifizial transgenikoa legez ezarri arren. Total, plazetan egunotan bota diren guztien berri ez badaukat ere, osasunaz, nahi gabe entzun behar izan ditudanak gogoan, mihien azoka da kanpaina: mihi asko eta askotarikoak, inoiz kanpoaldea ikusi gabeak barne. Gaiztoak, bifidoak, frenulu gorridunak… denak dantzan, musika baino gehiago urruneko ereserkiren baten menpekoak tartean. Kanpainan kanpainakoa, mihi azpikoa gainera ekarri eta aho zulotik mikrofonorantz bideratu. Askok mihian herdoilik ez, beste gauza bat da burmuinean. Aukera banu, egunotan botatzen ari diren ideia antzeko horien trazabilitate azterketa abiatuko nuke, ahora Nola-Nondik argitzearren…

Total, mikrofonoetan, dagoena dago eta ez dagoena… astebete geratzen da; beraz, esperokoa da. Gaiaz aldatuta, lehengoan kanpaina propaganda hartu nuen etxe aurreko postontzitik, konturatu barik, informazioa zelakoan. Kolpea gero! Lehortearen beldur diren jaungoikoaren lege zaharrekoen kanpaina programa-kit baten ondo-ondoan hara! Kolon-ondesteko minbizia detektatzeko programan esku hartzeko gutuna; bestean esku hartzeko aukerarik ez… Ostia! Bihozkada! Nork-Nori-Zer-Nondik pentsatu nuen atsekabez… Tira, ulertzekoa da horien urduria, ez dute ba esan Sudanen iparrekoek eta hegokoek akordioa lortzen badute apropos euren kontra egindakoa izango dela!

Kanpainan bai, baina inork ez du gaia atera! Orain gutxi angula tona batzuk konfiskatzeko han-hor izandako miaketaz nago, legez kanpoko angulen trafikoaz. Mihirik ere ez da horren dantzara kanpoaldera atera. Bai, bai, plaza tentsionatu asko egunotako plazetan.