Ainara RODRIGUEZ
DONOSTIA
Entrevue
MIREN ETXEBESTE
Elkarrekin-eko zerrendaburua Gipuzkoan

«Turismoa gure bizitzak erabat baldintzatzen ari da»

Miren Etxebeste Podemos-Ezker Anitza-Berdeak-AV Gipuzkoako ahaldun nagusigaia da. Egun, Irungo Udaleko Euskara eta Berdintasun zinegotzia da, eta udal mailan sumatutako mugak oinarri hartuta ireki nahi ditu bide berriak Foru Aldundian. NAIZ Irratian eman zuen bere egitasmoen berri hauteskunde kanpainan bete-betean sartu baino lehen.

(Jon URBE | FOKU)

 

Nola heltzen diozu Gipuzkoako ahaldun nagusigaia izateko erronkari?

Ilusio eta konpromiso handiarekin. Irungo Udal Gobernuan nago, Berdintasuna eta Euskara eramaten ditut, eta asko ikasi dut gobernuan egonda: Aldundiak nolako baldintzak ezartzen dituen ere ikasi dut. Udal mailan baditugu muga batzuk, eta horiek gainditzeko Aldundiaren babesa eta laguntza ezinbestekoa da; hori konpontzera noa.

Aztikerrek otsailean egindako inkestan zioen Elkarrekinek bi eserleku gal ditzakeela. Nola interpretatzen dituzue datu horiek?

Otsaileko datuak atera baino lehen ez genuen ezer iragarrita Ezker Anitzarekin, Alianza Verderekin eta Equorekin batera eta ondorengoak beste mezu bat helarazi du; erakutsi dugu denok batera goazela. Apirileko inkestetan, agian, hirugarren eserlekua ere eman digute. Inkestetan, zenbat eta gertuago hauteskundeetatik, orduan eta datu hobeak jasotzen ditugu beti. Fokua alderdi guztietan jartzen delako, ez bakarrik indartsuenetan, eta gure mezua ere iristen hasten delako. Gizartearen beharrekin askoz ere lerrokatuago dago gure mezua beste alderdi batzuek mahaigainean jartzen dituzten gaiak baino.

Gipuzkoan EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estua iragarri dute inkestek. Emaitzek aukera emango balute, prest egongo zinatekete ezkerreko koalizio bat osatzeko?

Ezkerreko koalizioak egiteko prest gaude behar den leku guztietan, betiere programa bat adostuta. Politika erabilgarriak mahai gainean jarri eta egin beharrekoak adosteko prest gaude; zer egin fiskalitatearekin, gizarte kohesioarekin, integrazioarekin, lehen sektorearekin edo ekonomiarekin.

Zein balorazio egiten duzu azken lau urteez?

Aukera galdua, erabat; azken lau urteetakoa eta azken zortzi urteetakoa. Ez dute ezer berririk aurrera eraman, ez dute ezer garatu. EAJ temati dago, ez du aldaketarik nahi, aukera galtzen jarraitzeko asmoa du. Gipuzkoa ez da duela 20 urteko bera eta argi dago egungo EAJ-PSE binomioak ez duela inongo asmorik aldatzeko. Nola edo hala sartu behar gara gobernuan, bestela Gipuzkoak galdu egingo du eta.

Baina zerga erreformari heltzekoak direla iragarri dute EAJk eta PSEk. Etorriko balitz, zeintzuk izango lirateke lehentasunak?

Aberastasunaren banaketa eta orekarekin lotuta dago niretzat. Zergak murrizten dituzu, zerga pizgarrien bitartez hainbat dedukzio onartzen dituzu, horrek inbertsioa erakarriko duelakoan, baina ikusi dugu ez dela horrela: funts putreek gure lurraldea erostea ekartzen du, eta horrek ez du gero onurarik izango zerbitzu publikoetan edo gizarte ongizatean. Zentzu horretan heldu behar zaio: progresiboa eta justua izan behar du; gehien duenak gehiago ordaindu behar du.

Aberastasun Handien Zerga ez da berria Gipuzkoan. Alde egingo duzue?

Bai, dudarik gabe. Espainian bultzatu dugu, eta Euskadin 2011n onartutakoa baino progresistagoa da. Energia enpresen, bankuen eta horrelakoen ezohiko diru sarrera ikaragarrien gaineko zergak ezartzen saiatuko gara. Ez da justua batzuk besteen inflazioaren kontura aberastea eta diru hori ez banatzea. Aldundien bitartez badaukagu zerga propioak ezartzeko eskumena, eta hori baliatu behar da.

Etxebizitza merkatua arautzearen alde agertu zarete. Egun dagoen indar korrelazioarekin zerbait egin daiteke?

Egungo indar korrelazioa ikusita, ezerezean gera daiteke: eskumena autonomia erkidegoena da eta EAJk dagoeneko iragarri du Etxebizitza Legea ez duela begi onez ikusten. Ez da Ayuso bezain argia izan, baina ikusarazi du ez duela legeak aukeran ematen dituen tresnak garatzeko asmorik. Eta tristea da, ikusten dugulako gero eta zailagoa dela gure hirietan etxebizitza lortzea alokairuan edota erosketaren bitartez, eta espekulazioa leku guztietan dagoela. Gauden instituzio guztietan bultzatuko dugu Etxebizitzaren Legearen baitako tresnak garatzea.

Turismoari lotuta, zer egin daiteke arautzeko?

Ez dakit arautu daitekeen; hausnarketa bat, behintzat, egin behar dugu, sakona. Ez dugu Mediterraneoko turismoa hartu behar eredutzat, ez duelako balioko. Gu Euskadi gara, eta geure turismo eredua sustatu dezakegu; urteetan izan dugu gastronomian oinarritutako eredua, ez horren masifikatua. Ez zituen hemengoen bizi baldintzak oztopatzen, eta orain ez dago inolako araurik. Gure bizitzak erabat baldintzatzen ari da turismoa; ikusi dugu Donostian, adibidez, zenbat gaztek joan behar izan duten hiritik kanpora. Etxebizitza eskubidea bermatzea izan behar da helburua eta ez turismorako alokairuak bermatzea.