Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevue
MARISOL garmendia
PSEko alkategaia Donostian

«Ez dezagun turismoa muturrera eraman: Donostia ez da Venezia»

Udal Gobernuan egon ostean, EAJrekin dituen «desadostasunak» nabarmentzen ditu Marisol Garmendiak, baina aldi berean «turismo jasangarria» edo etxebizitza politikak garatzeko emandako pausoen balioa azpimarratuta. Goia eta Izagirrerekin parez pare egon daitekeela uste du; hala azaldu zuen NAIZ Irratian izandako elkarrizketan.

(Jon URBE | FOKU)

Primarioen bitartez iritsi zara hautagai izatera. Zauririk utzi du prozesuak?

Hauteskunde hauetan ni naiz emakume bakarra eta ni naiz primario prozesu bat pasatu duen bakarra. Nahiko adierazgarria da. PSEk beti egin ditu primarioak; nik emaitza oso onak atera nituen, alderdikideek nirekin bat egin dute eta oso gogotsu gaude.

Orain arte Udal Gobernuaren parte izan zarete. Kanpaina egiteko baldintzatzen zaitu horrek?

Gobernuan gaude, baina gu ez gara EAJ. Gu Alderdi Sozialista gara. Ni euskaltzalea naiz, ez abertzalea. Gobernu programa bat adostu genuen baina desadostasunak ere baditugu, eta nabariak. Libre sentitzen naiz nire programa propioa aurkezteko. Hainbat gaitan, trafikoan, segurtasun arloan... ez gaude ados. Bost zinegotzi izan ditugu guk eta politika progresista egin dugu, EAJrengandik bereiztuta.

Giltzarri gisa EAJ eta EH Bilduren artean hautatu beharko bazenu, zein proposamen ikusten duzu gertukoen?

Giltzarri zein den ikusiko dugu, ez dago ezer ziurtatuta; aukera zabalak daude guztiontzat; hor ibiliko gara hirurak. Gero eta donostiar gehiago daude haserre Goiak duen lidergo ezarekin. Eta Izagirre ezagutu genuen bere garaian. Desadostunak daude, garraio publikoaren inguruan, adibidez. Etxebizitzaren arloan, etxebizitza publiko eta alokairu eskuragarrien alde gaude; Etxebizitza Legeari baietz esan diogu; Donostian eremu tentsionatuak ezarri behar ditugu gure seme-alabek euren hirian bizitzeko eskubidea dutelako.

Etxebizitza arloan zein proposamen duzue?

Etxebizitza berriak egin behar dira, 6.000 gutxi gorabehera, baina bestelako politikak ere badaude. Eremu artifizializatu gehiago mugatu behar da. Badaude esparru batzuk zabaltzeko, baina gure apustua politika ezberdinak egitea da: alokairua, edo auzoak berritu eta birmoldatzea, adibidez. Hutsik dauden etxebizitzak alokairuan atera behar dira. Illunben irtenbide habitazionalen alde egiten dugu.

Zer gertatuko da Loiolako eraikin militarrekin?

Militarrak joan egingo direla. Defentsa Ministerioarekin akordioa dago; beste zona batera joango dira, eta gure proposamena horko %60 etxebizitza publikoa izatea da, eta hiria beste era batera egiteko baliatzea, auzo moderno, jasangarria, berdea, arkitektura berritzailearekin egitea.

Ertzainek eta udaltzainek presentzia handiagoa izan dezatela eskatu duzu. Ez duzu Donostia hiri segurua ikusten?

Segun eta zeinekin alderatzen den da segurua. Onartu beharra dago herritarrak gero eta kezkatuago daudela. Ez bakarrik dendariak eta ostalariak, auzokideak ere kezkatuta daude, eta badakigu non dauden puntu larriak. Prebentziozko neurriak jarri behar dira, oinezko patruila gehiago.

Turismoari dagokionez, herritarrak kexu dira masifikazioaz. Alkate bazina, zein neurri hartuko zenuke?

Neurriak hartzen ari gara turismo jasangarriaren alde. Etxe turistikoen lehenengo ordenantza onartu genuen duela urte batzuk eta honen ondorioz asko kontrolatu da, eta urtero-urtero horietariko asko itxi egiten dira. Moratoria bat ere onartu berri dugu, hotel gehiago ez egiteko, etxebizitzak dauden eraikinetan, adibidez. Bisitari taldeak murriztea, bozgoragailuak ez erabiltzea... hortik joan behar dugu. Donostia ez da izango ez Venezia, ezta Bartzelona ere.

Donostiarrok beti egin izan duguna egin behar dugu orain ere: bisitariak onartu eta beraiekin elkarbizitzari ekin, gure nortasuna, hizkuntza, gastronomia, kultura... ezagutzera emanez eta konpartituz. Milaka familia bizi dira turismotik. Ez dezagun gai hau muturrera eraman.

Albiste izan da Renfeko geltokiaren eraispena. Garapenaren eta nortasunaren artean dikotomiarik ba al da?

Ezin dira kontrajarri. Eta horretarako baliabideak baditugu, ondarea babesteko. Oreka zaila izaten da batzuetan, baina ni ondarea babestearen alde nago, behar diren eraikinei babesa emanez, ez guztiei.

Adierazpen bat onartu du Donostiako Udalak Arturo Espejo guardia zibilaren maila-igoera salatuz, Donostian bizi zen Mikel Zabalzaren kasuan. PSE abstenitu egin zen; zertan oinarrituta?

Ez dugu ezezkorik eman, abstenitu egin gara. Hainbat aktuazio polizial edo GAL onartezinak direla onartzeko inolako eragozpenik ez dugu, Euskadiko Alderdi Sozialistak oso garbi du hori.