Manex ALTUNA
DERBIA SADARREN

Kanporaketa moduko bat, Conference League-rako bidean

Osasunak garaipen baten beharra dauka zazpigarren posturako lehian buru-belarri sartzeko, eta Athleticek ere ezin du hutsik egin, hurrengo denboraldian Europan jokatu nahi badu.

Osasunak eta Athleticek Kopako finalerdietan neurtu zituzten indarrak azken aldiz.
Osasunak eta Athleticek Kopako finalerdietan neurtu zituzten indarrak azken aldiz. (Iñigo URIZ | FOKU)

Osasunak eta Athleticek bien arteko denboraldiko laugarren derbia jokatuko dute gaur iluntzean Sadarren. Partida 21.30ean hasiko da, Ligak joan den astean bi orduz atzeratzea erabaki ondoren. Jagoba Arrasatek ez zion garrantzi handirik eman aldaketari, eta harmailetan, agian, ume gutxiago izango direla aipatu zuen. Argi dauka zaleak gorritxoak animatzen egongo direla eta jasotzen duten babesak Athletic gainditzeko indarra emango diezaiekeela.

Berriatuako entrenatzaileak azpimarratu zuenez, Osasunak garaipena behar du Europarako lehian bizirik jarraitzeko. Athleticek hiru puntuko aldea dauka sailkapenean, eta gorritxoak irabaztera irtengo dira. Arrasateren ustez, Kopako kanporaketa baino irekiagoa izango da gaurko partida. Osasuna, Abdek lortutako gol bati esker, garaile atera zen joaneko partidan (1-0) eta berdinketa lortu zuen San Mamesen luzapenean (1-1). Kanporaketa osoan nafarrak ez ziren markagailuan atzetik joan, baina orain behartuago daude.

San Mamesen jokatutako Ligako partida hutsean bukatu zenez, hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan. Osasunak irabazten badu, Athletic gaindituko du sailkapenean eta, Liga amaieran puntuetara berdinduz gero, aurretik geratuko dira.

Athleticek, berriz, ezin du huts egin. Berdinketa bat ona izan daitekeen arren, aurkari asko daude zazpigarren posturako lehian, eta komeni da ahalik eta puntu gehien pilatzea, batez ere kontuan hartuta azken jardunaldian Bernabeun jokatuko dutela. Partida erabakigarria izango da, datorren denboraldian Conference League izeneko txapelketan parte hartzeko kanporaketa moduko bat.

Talde zuri-gorriak denboraldi hasieran ezarritako helburu nagusia hurrengo sasoian Europan jokatzea da eta, gorabehera ezberdinak gainditu ostean, bere emaitzen esku dauka. Osasunarentzat, aldiz, denboraldi «oso on» bat «bikain» batekin biribiltzea izan daiteke. Arrasateren esanetan, «ilusioa» nabari du jokalarien artean eta beren «maila onenetik gertu» egon beharko dute partida aurrera ateratzeko.

Entrenatzaile bizkaitarrak ez zuen hamaikakoaren inguruan ezer aurreratu, eta fisikoki ehuneko ehunean dauden jokalariak zelairatuko dituela esan zuen. Moi Gomez eta Abde deialdian daude, eta baita ere bigarren taldean aritzen diren Yoel atezaina, Diego Moreno, Jorge Herrando erdiko atzelaria eta Iker Muñoz.

ARAZOAK DEFENTSAN

Athletic hutsune batzuekin aurkeztuko da Sadarren, batez ere atzeko lerroan. Iñigo Martinez eta Yeray min hartuta daude eta Vivian eta Paredes atzelari gazteek ordezkatuko dituzte. Zelai erdian Dani Garciak eta Herrerak ere ezingo dute jokatu, lesionatu egin baitziren Celtaren aurkako norgehiagokan. 17 urte dituen Junior Bita erdilaria deialdian sartu du Valverdek. Boli Kostan jaioa, Bilbora heldu zen sei hilabeterekin eta Santutxun hasi zen futbolean. 10 urterekin talde zuri-gorriko harrobira iritsi zen, eta Lezamako harribitxietako bat da. Unai Gomez, Bermeoko erdilari ezkertia, eta Malcom Adu Ares hegalekoa ere lehen taldearekin izango dira Sadarren.

Galiziarren kontra eskuratutako garaipenak bolada txar bati amaiera emateko balio izan du, eta zuri-gorriek jarraipena eman nahi diote. Gainera, Sadarren emaitza onak lortu izan dituzte sarritan. Iazko denboraldian, esaterako, Sancetek egindako hiru golekin irabazi zuten. Zortzi zenbakiak Iker Muniain kapitainarekin alboan jokatu zuen azken jardunaldian, aspaldiko partez. Valverdek zelai erdiko hirukia berreskuratu zuen, eta ikusteko dago apustu honi eutsiko dion. Atezain postuan ere aldaketa egon daiteke. Astean zehar jokatutako azken aldian Julen Agirrezabalak jokatu baitzuen Unai Simonen ordez.