Biziak eta parte hartzaileak diren herrien alde
Datorren maiatzaren 28an Nafarroako herritarrek erabakiko dute zer nolako gobernuak nahi dituzten udal, kontzeju eta Nafarroako Parlamentuan datozen lau urteetarako. Pertsonen bizitza hobetzeko sortutako politiken ala gutxi batzuentzat egindako politiken artean hautatzeko aukera dugu. Alde batetik, jendearen lehentasunetan oinarritutako politikak, zerbitzu publikoak hobetzeko, pertsona guztiei oinarrizko eskubideak bermatzeko eta despopulazioari aurre egiteko pentsatuak diren politikak. Horren aurrean, higiezinen espekulazioa bultzatzeko, errentagarritasun sozialik gabeko azpiegitura handietan dirua xahutzeko eta energia enpresa handien onurak bermatzeko pentsatutako politikak.
Sinatzaileak zerrenda bakarra duten udalerrietako alkategaiak gara, eta artikulu honen bitartez gure kezka adierazi nahi dugu, ikusita udalerri eta kontzeju askotan hautagai zerrendarik ez dagoela. Hauteskunde hauetan 37 udalerri eta 77 kontzejutan ez da botoa emateko zerrendarik egongo, eta ia 8.000 lagunek ez dute tokiko ordezkariak aukeratzeko aukerarik izango. Gainera, 105 udalerri eta 247 kontzeju egongo dira zerrenda bakarrarekin, gure kasuan bezala.
Aldaketa historiko handiak gertatzen ari diren honetan, are garrantzitsuagoa da herritarrengandik gertuago dauden erakundeek erabaki ausartak hartzeko eskumenak eta baliabideak izatea. Herriek bizirik jarraitzea eta biztanleen beharrei erantzun ahal izatea, osatzen duten pertsona guztien esku dago.
Dokumentu hau sinatzen dugunok uste dugu badagoela politika egiteko beste modu bat, herrien eta herritarren alde lan egiteko beste modu bat, hauen kezkei erantzuna emanez eta erabaki bakoitzean parte hartuz. Horretan, EH Bilduk ezberdintasuna markatzen du, herritik eta herriarentzat lan egiten duelako.
Maiatzaren 28an gure esku dago zein gobernu, udal eta kontzeju nahi dugun erabakitzea, pertsona ausartek kudeatuta eta auzokideekin konprometituta. Horregatik eskatzen dugu konfiantza pertsona horiengan, kasu askotan modu altruistan erabaki baitugu gure herrien alde lan egitea. Hautagaitza bakarra aurkeztu den herrietan ere bozkatzera joateko ahalegina egin behar dugu, gure herri eta bailarak bizirik daudela erakusteko eta lau urte hauetan zerbitzu publiko duin eta deszentralizatuen alde lan egiteko eta borrokatzeko gogoz daudela erakusteko. Guztion artean maite ditugun kontzeju eta herriak egingo ditugulako.
*Artikulu hau zerrenda bakarra duten herrietako EH Bilduren alkategaiek sinatzen dute: Patxi Enkaje (Abaurregaina), Angel Unzue (Agoitz), Jose Manuel Zubillaga (Araitz), Oihana Olaberria (Arakil), Egoitz Urriza (Bakaiku), Santos Etxegia (Basaburua), Idoia Aritzala (Etxauri), Unai Miranda (Goizueta), Alfredo Alzueta (Imotz), Oihane Uribeetxebarria (Lakuntza), Mikel Huarte (Larraun), Aitor Sola (Romanzado), Gustavo Goiena (Zaraitzuko Junta) eta Amets Inda (Sunbilla).