Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Teknologia

Egurrezko hiru horma artean, plastikozko bizkarraldea duten aulkietan eserita daude aktoreak, oinutsik, ikusleei bizkarra emanda. Hitz egitea dagokien unean, aulkiari buelta eman eta ikusleari begira jartzen dira, banan-banan. Antzerkigile ezaguna bihurtzearekin amets egiten duen Konstantinek bere lehen antzezlana estreinatu du familiakoek eta lagunek osatzen duten talde txikiaren aurrean, Errusiako landa eremuko herrixka batean.

Gehienek ez diote lanari balio handirik ematen, herriko medikuak izan ezik, eta hark ere dio ez duela ulertu, baina gogoratu bai, gogoratuko duela.

Tragedia antzeman daiteke lehen eszenatik, Txekhovek “Txaika” (Kaioa, 1896) komedia moduan idatzi zuen arren. Stanislavskik zuzenduriko ekoizpenak aldatu zion lanari tonua, eta hala jarraitu du orain arte. Anya Reiss antzerkigileak egokitu eta Jamie Lloydek zuzenduriko “Kaioa” da horren adibidea, eszenografia minimalista eta klaustrofobikotik hasita.

Azken hori zuzenean ikusten ari garela ematen du, baina ez da horrela. 2022ko azaroan Londresko Antzoki Nazionalean grabatutako saioa da orain museoko antzokiko pantaila erraldoian proiektaturik ikusten ari garena. Teknologiaren abantailak, espazioan eta denboran urrun dagoena hemen eta orain jarraitzeko aukera.

Aretoa, hemengoa, erdi beteta dago, eta antolatzaileek pozik ematen dute. Saioaren amaieran ikusleetako batek lagunari esan dio hurrengoan antzerkia etxetik ikusiko duela, horretarako aukera ematen baitu Londresko Antzoki Nazionalaren grabazio bildumak.