Jon ORMAZABAL
BILBO
BURUZ BURUKO FINALAREN ATARIKO MATERIAL AUKERAKETA

«Nire zaleek Aitorren tantoak txalotuko dituzte eta alderantziz»

Konfrontazioa eta muturreko jarrerak ohiko diren garaiotan, pilota bestelako kirola dela uste dugunon argudioak sendotu egin dira, urteko partidarik garrantzitsuenaren bezperan bi finalistak aldagelan elkarrekin ia dantzan, barrez eta etengabe elkarri loreak botatzen ikusita. Zaleen arteko konexioa ere antzekoa dela azaldu zuen Jokin Altunak atzoko material aukeraketan.

Jokin Altuna eta Aitor Elordi, txantxetan.
Jokin Altuna eta Aitor Elordi, txantxetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Prestigio handiko futbol entrenatzaile bat zilarrezko domina gutxietsi eta lurrera botatzen ikusi eta ordu gutxira, benetan gustagarria izan zen Bizkaia frontoira heldu eta, aldagelako atetik, bi protagonistak musika -abestien inguruko eztabaida beste baterako utziko dugu- ozen jarrita, elkarrekin barrez ikustea, beren pribilegio egoeratik elkarri sekulako loreak botatzen aritzea, Jokin Altuna enpresari errekadutxoa botatzen entzutea, edo igandeko bere aurkariari lehen mailako aukerak ematea kosta zaielako eta partidari begira inolako aitzakiarik ez entzutea. Baina, batez ere, zenbait frontoitan pilotaren «futbolizazioa» jasan ostean, gozagarria izan zen amezketarrari igandean kantxan izango diren zaleen arteko konexioa ia pilotariek eurek duten konplizitatearen parekoa dela azaltzen entzutea.

Bataren eta bestearen azken finalak elkarrekin ospatu dituzte azken urtean Amezketan eta Mallabian, baina igande honetan, halabeharrez, bakoitzak bere aldetik egin beharko du, txanpon beraren bi aldeetan egongo baitira bi adiskideak. «Enpresakideak ere ez naiz aritu bata edo bestea gonbidatzen, askotan biok lagunak izanda konpromisoan jartzen duzulako jendea. Nire zaleak eurenekin oso ondo eramaten dira, batzuk dezente ezagutzen gara eta giro ederra egongo da Bilboko kaleetan». Kantxan ere hala izango dela ziur dago. «Badakit nire zaleek berak tanto egindakoan txalo joko diotela eta baita bere zaleek neuri ere. Bi afizio eredugarri dira, beti sekulako giroa jarri ohi dute. Ez dakit musikarik jarriko ote duten, horrek ere jendea aztoratu ohi duelako, baina ea denek gozatzerik duten».

DJaren inguruan sortu ziren goizeko ezadostasun bakarrak, amezketarrari ez baitzaio batere gustatzen partida bitartean bozgorailuetatik musika jartzea eta Aitor Elordi, aldiz, oso gustura aritzen da.

Lagunarteko giro horretan espero zen legez, materialak ere ez zuen polemikarako biderik zabaldu. Biek amaitu zuten oso gustura Martin Alustizak aurkeztutako lotearekin -denboran oso atzera joan beharra dago pilotek sortutako azken zalapartarekin topo egiteko- eta dena oso azkar joan zen. «Nireak agian frontisean irteera gutxikoak dira eta lurrean ibiltzen direnak dira. Bereak ere gustatu zaizkit», azaldu zuen gipuzkoarrak. Aitor Elordi ere erabat konforme geratu zen apartatutako lau pilotekin.

«EZ NAIZ GUTXIAGO SENTITZEN».

Baina giro berezi honek ezin du ahantzarazi igandean urteko txapelik preziatuena izango dutela jokoan, eta bietako inor ez dago prest erraztasunik txikiena emateko ere. Azken bolada luzeko emaitzek eman dioten konfiantza puntu erraldoitik, Aitor Elordik argi utzi zuen bera dela bere buruarengan konfiantza handiena duena.

«Normala da bera faborito izatea, baina ni ez naiz Jokin baino gutxiago sentitzen eta final batean banago horretarako merituak egin ditudalako da. Ez nator bakarrik gerra ematera, irabaztera nator», azaldu zuen mallabitarrak.

Horretarako, bizkaitarrak argi du orain arteko jokoa errepikatu beharko duela «pauso bat gorago eramanez», eta bi finalistak bat etorri ziren sakeak izango duen garrantzia nabarmentzean. Orain arte tanto ilada luzeak egin ditu batak zein besteak lehen pilotakadaren jabe izan denean, eta, horregatik, Jokin Altunak argi dauka «berari sakea egokitu eta 6-0 galtzen» has daitekeela eta horretarako prest etorri behar duela. Biek ematen diote garrantzi handia partida hasierari, baina prest daude sufritzeko ere.

165 SARRERA SALGAI

Aitor Elordi finalerako sailkatu izanak eman zion lehen egunetan bultzada nabarmena sarreren salmentari baina, finalistetako bat bizkaitarra izan arren, ez dira Bilboko Bizkaia pilotalekuko sarrera guztiak kolpetik saldu. Atzo arratsaldean oraindik 200 sarrera geratzen ziren salgai, gehien-gehienak (111) frontisetik urrunen dauden kantxako eserlekuak -kazetariontzat gordetako txokoaren ingurukoak, 120 euroko prezioa dutenak-.

Kantxako errebotean ere dezente geratzen dira. Gaur konpontzekoak dira erreboteko kristalezko paretan hautsita dagoen kristaletako bat. Berez atzo egin behar zuten, baina azkenerako finalerako 48 orduren faltan egingo dute.