Amaia U. LASAGABASTER
REALA

Eizagirrek bultzada eman dio proiektu txuri-urdinari, kontratua luzaturik

Realak kapitainaren jarraitutasuna lotzea lortu du, urtebetez besterik ez bada ere, eta zortzigarren denboraldia osatuko du kamiseta txuri-urdinarekin. Eizagirreren berritzearekin, hamaika jokalari daude kontratuarekin datorren denboraldirako.

Eizagirre «pozik» eta «gustura» agertu da kontratua berritzearekin.
Eizagirre «pozik» eta «gustura» agertu da kontratua berritzearekin. (REAL SOCIEDAD)

Zaleek eta klubak berak aspaldi gehien entzun nahi izan duten albistea zabaldu zuen atzo Realak, zurrumurru baikorrenak konfirmatuz. Nerea Eizagirrek kamiseta txuri-urdina janzten jarraituko du, kontratua luzatu ondoren. 2024ra arte berritu du kapitainak, datorren ekainaren 30ean bukatzen zitzaion orain arteko kontratua.

Tolosarraren berritzeak bultzada handia ematen dio proiektu txuri-urdinari, azken finean bera baita, Amaiur Sarriegirekin batera, azken urteotan aurrerapauso nabarmena eman duen taldearen ikurra. Baita interes gehien pizten duen Liga F txapelketako futbolarietako bat ere. Eizagirreri ez zitzaion eskaintza dotorerik faltako, orain dela bi urte gertatu zen bezala, baina orain ere, askotan adierazi duenez, Realarekin hazten jarraitzeko eta arrakastak lortzeko duen gogoari eutsi dio.

Nerea Eizagirrek (Tolosa, 2000) 16 urte besterik ez zituen Realarekin Lehen mailan debutatu zuenean, lehen urratsak herriko taldean eman eta ibilbidea Añorgan jarraitu ondoren. Igor San Miguelek minutuak eman zizkion hasierako denboraldi hartan, eta izan zitekeen jokalariaren pistak emateko aprobetxatu zituen erasotzaile gipuzkoarrak. Bi urte geroago, Gonzalo Arconadaren aginduetara, bazeukan bere tokia hamaikakoan eta erreferentziazko jokalaria izateko bidea ibiltzen hasita zeukan.

Hazkunde handiena, hala ere, Realaren aulkian Natalia Arroyo jarri denetik nabaritu zaio. Eizagirrek berak hartutako esperientziaren laguntzaz gain, Kataluniako entrenatzailearen eskutik jokoaren alderdi guztietan hobetu du nabarmenki tolosarrak. Jaurtiketa indartsu eta ikusgarriak egiten dituen jokalari ausarta baino askoz gehiago da gaur egun, ezaugarri hori ere indartu badu ere. Oso inplikatuta dago baloirik gabeko jokoan, seguruenik futbolari talentudunei gehien kostatzen zaiena. Futbol sortzailea da, eta goleko paseak ematen aditua -bera da, adibidez, Real Madrileko Caroline Weirekin batera gol pase gehien eman dituen futbolaria azken denboraldian-.

Hori guztia Eizagirreren nortasunari batu behar zaio. Orain dela bi urte talde erdiak Zubietatik alde egin zuenean proiektu berrien bila, erreferente handiak tarteko, tolosarrak ez zuen inolako beldurrik eduki urrats bat egin eta kapitainaren rola hartzeko: zelaira ere eraman duen lidergoa.

2021ean gertatu zen bezala, Eizagirreren berritzea mezu garrantzitsua da. Etxekoentzat eta kanpokoentzat, proiektu txuri-urdina, beste eskaintza tentagarrien gainetik, futbolari anbiziotsuen helburuei erantzuteko modukoa dela adierazten baitu. Arazo bakarra, eta ez da txikia, kontratuaren iraupenean dago, urtebetez besterik ez baitu luzatu. Eta horrek esan nahi du hurrengo hilabeteotan ere, bihartik hasita, aurrekoetan bezala lanean jarraitu beharko dutela Realeko agintariek, kapitaina Zubietan jarraitzen konbentzitzeko modua bilatzen.

Hurrengoa zortzigarren denboraldia izango da Eizagirrerentzat elastiko txuri-urdinarekin. Aurreko zazpietan, Ligako 143 partida jokatu eta 43 gol sartu ditu.

«Pozik eta gustura» agertu da jokalaria bera berritzearekin: «Polita da zure bizitzako taldean jarraitzea. Txikitatik beti izan dut buruan Realarekin debuta egitea. Orain, zazpi urte eta gero, beste urtebetez jarraitzea pozgarria da».

Bere asmoa, zortzigarren urte horretara begira, «bertsiorik onena ematea da, ahalik eta lan gehien egitea, taldeak nitaz disfrutatzen jarraitzeko, nik beraiekin taldean lanean jarraitzeko; eta espero dut oraindik amets asko lortzea». Momentuz batzuk bete ditu. «Debutaren eguna eta Kopa» izan dira bere egun berezienak, Txapeldunen Ligan Anoetan jokatu ahal izanarekin batera.

TALDE ERDIA

Eizagirreren berritzearekin, hamaika jokalari dira kontratua indarrean daukatenak datorren denboraldiari begira.

Beste bosten etorkizunak, aldiz, argitu gabe jarraitzen du. Adriana Nanclares, Ana Tejada, Ane Etxezarreta eta Cecilia Marcos dira, ekainaren 30ean bukatuko den kontratua edukita, oraindik non jokatuko duten adierazi ez dutenak. Atletico Madrilek utzita etorri bazen ere, Alejandra Bernaberen izena gehitu daiteke, Le Guillyrekin egin zuen ez bezala, klubak ez baitu hegalekoa oraindik agurtu, eta bigarren lagapen bat edo fitxaketa negoziatzen legoke.