Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Errailen gaineko zirrara

Bada bai, horrela da! Kanpaina bat amaitu eta, kalkulagailuen pilak berriro kargatzeko betarik izan gabe, hara!, beste batean sartu gaituzte. Ez dituzte hauteslekuko mahaia eta boto-ontziak kendu beharko; aldatzekotan boto txartelak aldatuko dituzte, zerrenda izenak aldatuta edo. Eta komunean paper gehiago jarri, badaezpada! Total, nire etxe aurreko postontziak tentsionatuta segituko du denbora batez sikiera. Estatuko aritmetika politikoaren aginduz.

Eta bitartean, aljebraren misterioak hasiak dira argia ikusten hor-han, hori bai, tuneletik atera gabe, horren hatsa uxatzea ezinezkoa bazaie ere. Sudurrak behar gero agintari izateko! Eta tamainako sudur zuloak! Lehendik zabaldua zuten gorotz transgenikoa usteldu egin zaie sudur puntan… Hurrengo legegintzaldian hainbat erakundetan pintzak uniforme politikoaren ezinbesteko osagaia izango da, orain ez asko musukoak izan bezala. Imajinatzen nago euren logelako armairuan, eskuinaldean, zapata beltz orbangabeak behean eta gorbata urdin marradunak goian, eta erdian pintzak asko eta askotarikoak, marka onekoak betiere. Ez ninduke harrituko hurrengo kanpainako irudietan pintzak jantzita agertzea hautagai batzuk!

Uniformez nagoela, aspaldian ez nuen hainbeste negar malko bota argazki hori ikusi arte! Zirraragarria, hunkigarria, bihotza bera beraztu ere… Bai, tranbiako errailen gain-gainean, grebalari uniformeaz bata, lan uniformeaz bestea, besarkada betean, negar zotinka edo, kasualitatean biak ertzain… eta ustez, jelkideen datu «gazi-gozoen» alde gozoa aurkitu nahian kezkati, ustez esan dut. Gauzak horrela, NATOko tropak Kosovotik ekarri beharko Tourrean ordena jartzeko. Ama, ama! Demonio! Bertsolaria gogoan: zerbitzuetan jartzean probatzen da zelakoa den kudeaketa!