Maite UBIRIA BEAUMONT
ZIBURUKO EUSKAL LIBURU ETA DISKOAREN LAUGARREN AZOKA

Kaioen pare, euskal kultura zaleek habia dute Ziburun

Euskal liburu eta diskoaren laugarren azokak atzo egun osoan euskal literaturaren eta musikaren sorkuntzak eskura jarri zituen Ziburuko plazan. Maiatz argitaletxearen lemazaina izan den Lucien Etxezaharreta omendu du aurten, eguzkia lagun, euskal kultura zale parrasta erakarri duen feriak. Kaioak karranka, euskal kultura zaleak kalakan, biek ala biek habia atzeman dute Lapurdiko kostan.

Adin guztietako lagunak bildu diren Ziburuko plazan euskara hutsean iraganen den azokak proposatzen duen eskaintza zabalaz gozatzeko prest.
Adin guztietako lagunak bildu diren Ziburuko plazan euskara hutsean iraganen den azokak proposatzen duen eskaintza zabalaz gozatzeko prest. (Guillaume FAUVEAU)

Ziburuko plazan xapito handia eta parean oholtza. Bien artean hamargarren urtemuga gainditu duen Kaskarotenia ikastolaren gurasoak, kultura zaleen oinarrizko gosea asetzeko prest. Euskal liburu eta diskoaren azoka bere laugarren ediziora heldu da aurten, eta Argia hedabidearen eta Baltsa elkartearen auzolanaz sorturiko feriak erakusleihoa jarri die, beste behin ere, non eta Lapurdiko kostan, argitaletxe, diskoetxe, ekoizle independenteei eta, ororen gainetik, euskara lanabes jarduten duten sortzaileei eta eragileei.

Hamarkada luzetan Maiatz argitaletxearen lemazain izan den Lucien Etxezaharreta omendu du aurten azokak. «Adin baten marka» izan arren, kontent mintzatu zen GARArekin kazetari eta idazlea, gorazarre horrek euskararen alde eginiko lanari «baloratze bat ekartzen diolako».

«Euskal literatura klasikoa hemen sortu zen, eta agian azokak bultzatuko du berrikuntza. Ezin da jakin, baina literatura, artea bezala, ez dira ezerezetik etortzen, behar da gune bat non baloratua den, azoka honetan gertatzen den bezala», nabarmendu zuen ondoren idazle beteranoak.

Maiatz argitaletxearen mahaiaren bestaldean, Etxezaharretaren hitzei adi-adi euskal kulturaren udaberritze horren iragarle izan daitekeen «kaio» gaztea. Xan Idiart ‘Nostalgia ez da salgai’ ipuin bilduma besapean duela heldu da Ziburuko azokara.

Berdin irakaskuntzan zein kazetaritzan urratsak egin ditu baxenabartarrak. Neurri batean Etxezaharretari zor dion akuilu lanari esker, bigarren liburua plazara ekarri du.

Zortzi «ipuin absurdoen» bilduma aurkeztu berri du garaztarrak. Are, ordurako ezezagun zuen alorrean sartu da Idiart, ‘alter ego’ bat sortu baitu, izen berekoa bada ere, Idiart, izen ttipi ezberdin batekin mintzatzen dela: Xuban.

«Ipuinek ez dute baitezpada haien arteko loturarik, nahiz eta gehienak Euskal Herrian kokatuak diren. Ipuin absurdoak direla erranen nuke, eta nire kezkak edo barneko korapiloak askatzeko parada eman didate», azaldu du.

IKUSEZIN HORIEK UKAN ZUTEN JOLAS EREMUA

Beste hainbeste egin du, alegia bere barnean zituenak kanpora ateratzea, oso sentibera den eremuan kokatu den Miren Azkaratek. ‘Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak' lana plazaratu du GARA argitaletxearen eskutik. Euskal Herrian barna aurkezpen ugari egin baditu ere, erbesteratu anitzen seme-alaben plaza izan den Lapurdin liburua aurkezteak «zirrara» egin dio Azkarateri.

Kazetariaren eskarmentua baliaturik, bere baitatik asko atera du liburuan, eta horrendako bera bezala memoria ariketan «hustu diren euskal iheslarien eta deportatuen seme-alaba horietatik» jaso dituen oihartzun baikorrak preziatu ditu bereziki Azkaratek.

Memoria poliedrikoa idazteko orduan alea utzi du egileak askotariko molde, gai eta formatuetan kontatzeko, hori bai, euskaraz soilik parada eskatzen duen azokan.

Gero eta zabalagoa, baita gero eta aberatsagoa ere izateko parioa egin duen azokan mahaia izan du lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) argitalpen zerbitzuak. Ezinbestean argitalpen ororen erdia euskaraz plazaratzen duen erakundeak lagin txiki bat baizik ez zuen atzo ekarri Lapurdira. Izan ere, zerbitzuko zuzendaria den Elisabete Alberdik adierazi zuenez, Mikel Laboa katedraren eskutik jasotako ekarpen oparoaren berri izan zuten azokara bertaraturiko euskaltzaleek, argitalpen zientifikoaren arloan kokatzen diren ZIO bildumaren lanak ahantzi gabe.

Helduen nagusitasunari iskin eginez, liburuak kuxkuxeatzen haur anitz atzeman zitezkeen, orduak aurrera joan ahala berotzen joan zen azokaren xapito zuri azpian.

Haiengandik hurbil, kartera motxilatik sartu eta atera, mezenas lanetan, kultura zale txiki horien gurasoak.

Komikiak eta, nola ez, mangak euskaraz

Gazteei dagokienez, zer esanik ez, komikiak eta mangak euskaraz ikuskatzeko aukerarik ez zuten galdu.

Aurreneko edizioetan bezala Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak Euskal Irratiak, Euskal Kultur Erakundea, Euskal Elkargoa eta Ziburuko Herriko Etxearekin partaidetzan antolaturiko euskara hutsezko azokan presente izan ziren Harriet argitaletxea eta Kabe zigiluaren eskaintzak.

«Pandemia ostean gazteek asko jo zuten mangara, eta pentsatu genuen euskara behar zela zaletasun horretara egokitu, uste dugulako euskara ezin dela egunkari edo irratira mugatu», aipatu zuten mahaiaren gibeletik Mikel Murok eta Haizea Morenok.

Ildo beretik, hizkuntza muga baino zubia badela agerian jarriz, egitarau oparoa prestatu du aurtengo azokak.

Arratsaldean antzerki saio eta kontzertu txikiekin ahal zuten gozatu eguzkiak gupidarik gabe jo zuenean, tarteka, plazako ostatuetatik barreiatu ziren azokako bisitariek.

Behin azokaren ateak itxita ere, ilargiaren esperoan, herri giroan, euskal kulturaren aldeko ospakizuna aski luzatu zen Ziburun. Azokaren ikurra den hegaztiari ohorea eginez, kaioak karranka zein kultura zaleak kalakan, biek ala biek habia eraiki dute Lapurdiko kostako herrian.