Ane URKIRI ANSOLA
LEABURU
HERRI KIROLAK

Binakako euskal pentatloia egonkortze aldera, markak hausten jarraitu nahi dute

Etzi, 17.30ean, jokatuko da Tolosako zezen plazan. Emakumezkoetan hiru bikote lehiatuko dira eta gizonezkoetan seik neurtuko dituzte indarrak.

Lehiatuko diren zenbait kirolari, antolatzaileekin eta Mahala baserriko Jokin Arrospiderekin.
Lehiatuko diren zenbait kirolari, antolatzaileekin eta Mahala baserriko Jokin Arrospiderekin. (GARA)

Binakako euskal pentatloiak marka guztiak hautsi zituen iazko edizioan eta aurten, are gehiago egonkortu denean, erregistro guztiak apurtzeko prest dira kirolariak. Emakumezkoetan hirugarren edizioa lehiatuko da eta aurten ere hiru bikotek neurtuko dituzte indarrak; gizonezkoetan laugarren aldia dauka binakako proba honek.

Atzo aurkeztu zuten txapelketa, Leaburuko Mahala baserrian, probaren babesle nagusiaren etxean, hain zuzen ere. Tolosako zezen plazan jokatuko da pentatloia, igandean, 17.30ean (ETB1).

Emakumezkoak lehiatuko dira lehendabizi eta norgehiagoka estua aurreikusten da. Hauek dituzte egin beharreko lanak: 63 kiloko bolari 20 jasoaldi; giza proban, 250 kiloko harriarekin bi plaza; aizkoran, 45 ontzako bi egur; 35 kiloko txingekin 6 plaza eta bukatzeko, bi kilometro korrika.

Faboritoen artean iazko txapeldun Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz daude. Lucia Orbek -lehen edizioko txapelduna- Julia Martinezekin osatuko du bikotea; azken honentzat estreinako aldia izango da pentatloian, bai eta Lur Errekondo eta Oihana Fernandez de Barrenarentzat ere.

Proba burutzeko «gogotsu» dago Errekondo, NAIZi onartu dionez. Nahi luke apur bat gehiago entrenatu; «segurtasun handiagoarekin iristeko, batez ere aizkoran, baina ondo joango dela uste dut». Fernandez de Barrena aizkoratik dator; usurbildarra, aldiz, harri-jasotzetik. Helburu garbirik gabe daude debuta egingo duten bikoteak, baina gainontzeko bi bikoteekin borrokan ibiliko direla argi dauka. Beldur handiena «korrikan» dauka usurbildarrak, bizkarreko minagatik.

IZETA VI.AREN MONOPOLIOA

Izeta baserrian entrenatu dira Errekondo eta Fernandez de Barrena, txapeldun baten etxean. Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.ak” aurreko hirurak bereganatu ditu eta aurten laugarrenaren bila joango da, laugarren bikotearekin.

Xabat Olaizolarekin osatuko du bikotea. Lehia gogorra aurreikusten du, aurkariak ere indartsu daudelako. «Segundoak nondik jan pentsatzen ari gara denok». Julen Gabirondo-Beñat Telleria, Aritz Irazabal-Beñat Amade (debutaria), Xabier Zaldua-Aratz Mugerza, Ioritz Gisasola-Jon Gisasola eta Julen Kañamares-Jagoba Otaegi saiatuko dira Izeta VI.aren monopolioa hausten.

Hiru bikoteko bi txandatan lehiatuko dira lan hauek burutzeko: 100 kiloko bolarekin 40 jasoaldi; giza proban, 400 kiloko harriarekin lau plaza; aizkoran, 4 kana-erdiko; 50 kiloko txingekin 8 plaza eta bukatzeko, 4 kilometro korrika.