EDITORIALA

Egungo eskuin muturra Berlusconiren ondarea da

Atzo, 86 urte zituela, hil zen Silvio Berlusconi, politikari eta enpresaburu italiarra. Mediaset inperio mediatikoaren jabea zen, boterea lortzeko eta bertan finkatzeko funtsezko tresna. Azken hogeita hamar urteetan Italiako politika moldatu duen politikaria izan da Berlusconi. Forza Italiaren sortzailea eta hiru aldiz lehen ministroa, 1994-1995, 2001-2006 eta 2008-2011 urteetan. Gaur egun senataria zen eta bere alderdia Giorgia Meloni buru duen koalizio Gobernuko kidea da. AC Milan futbol taldeko presidentea ere izan zen 1986-2017 urteetan.

Politikara iritsi zen moduak oihartzun handia du gaur egun. Laurogeiko hamarkadaren hasieran «Tangentopoli» kasuak Italiako klase politiko ustel bat erakutsi zuen, denak berdinak zirela adierazteko eta usteldurarik gabeko outsider gisa aurkezteko balio izan ziona. Gainera, enpresari arrakastatsuaren itxurak aukera ematen zion herrialdea zuzentzeko gaitasuna zuela irudikatzeko; azken finean, sarritan, enpresa baten kudeaketa herrialde baten gestioarekin parekatzen da. Berlusconik bere diskurtso politikoan emozioetara jotzen zuen, eta konspirazio komunistatzat jo zuen edozein kritika. Gainera, bere inperio mediatikoak ongi estalitako harropuzkeria amaigabea eta misoginia nabarmendu zituen. Eskandalu etengabez inguratuta egon zen, batez ere antolatzen zituen bakanal pribatuengatik, baina kartzelari iskin egin eta politikan azkeneraino jarraitzea lortu zuen. Ekonomiari dagokionez, neoliberal amorratua izan zen. Harrigarria bada ere, 2011ko krisiaren unerik gorenean Europako Batasunari aurre egin zion, austeritate politikaren aurkako jarrera mantenduz. Eta orduan Bruselak bere dimisioa behartu zuen.

Donald Trump iritsi baino askoz lehenago asmatu zuen trumpismoa Berlusconik. Zoritxarrez, bere politikaren ideia, zeinean emozioak, harrokeria, prozedura demokratikoekiko mespretxua, misoginia eta atzerritarraren deabrutzea etengabe aldarrikatzen baitira, nagusitu egin da. Testuinguru horretan hazi da gaur egungo eskuin muturra. Hori da Berlusconiren ondare nagusia. Eta ezkerrak oraindik ez du asmatu nola aurre egin.