Urtzi URRUTIKOETXEA

Kargu federalak irakurri dizkiote Trumpi; errugabea dela esan du

Donald Trump «historian lehen aldiz» izandako gertaera askoren protagonista izan da urteotan. Oraingo honetan, espetxe zigorra izan dezakeen prozesu federal bati aurre egin behar dio, FBIk Mar-a-Lagoko egoitzan aurkitu zituen agiri sekretuengatik. Atzo irakurri zizkioten karguak AEBko presidente ohiari Miamiko auzitegian.

Donald Trump AEBko presidente ohiaren kontrako manifestariak, Wilkie D. Ferguson Jr. Auzitegi Federalean, Miamin.
Donald Trump AEBko presidente ohiaren kontrako manifestariak, Wilkie D. Ferguson Jr. Auzitegi Federalean, Miamin. (Ricardo ARDUENGO | AFP)

Floridan arratsaldeko hirurak eta Euskal Herrian gaueko bederatziak zirenean zuen Donald Trumpek Miamiko Auzitegi Federalean hitzordua bere aurkako karguak irakur ziezazkioten, baina AEBko presidente ohia ordu biak baino lehen bertaratu zen. «Gure herrialdearen egunik tristeenetako bat da. Gainbehera doan nazioa gara!», idatzi zuen Trumpek letra larriz, auzitegiraino eraman zuen auto-karabana abian jarri aurretik.

Iritsi zenean, auzibidea abiatzeko ohiko prozesuari jarraiki, presidente ohia atxilo hartu eta argazkia egin zioten. Epaitegi federaletan ez dago grabatzerik edo argazkirik egiterik, eta, beraz, epailearen aurreko agerraldiaren marrazkia baino ez da egongo. 14.55ean sartu zen Trump aretora John Goodman epailearen aurrera, baita berarekin batera auzipetuta dagoen Walt Nauta haren laguntzailea ere. Trumpi ez bezala, Nautari hatz-markak hartzeaz gain polizia-argazkia ere egin zioten. Inputazioak irakurri zizkiotenean, espero bezala, Trumpek errugabea (zehazki, «ez erruduna») dela adierazi zuen 37 karguei dagokienez.

PROTESTAK

Trumpen auzipetze federala zela-eta hainbat protesta deialdi egin ziren, eta presidente ohiak ere jarraitzaileei manifestatzeko eskatu zien asteburuan zehar. Miamiko alkate errepublikanoak ere protesta eskubidea zainduko zuela esan zuen, baina era baketsuan jokatzeko eskatu zien manifestariei, hirira milaka polizia iristen ziren bitartean.

Arratsaldeko hiruretan Miamin egin ohi duen bero sapari eta eguzkiari ezaxola, Hego Floridako auzitegi federalaren kanpoaldean Trumpen jarraitzaileak elkartu ziren protestan, baita zenbait aurkari ere. Batzuek «Donald Trump maite dugu» oihukatzen zuten bitartean, besteek poza adierazi zuten auzipetzeagatik. Presidente ohiaren bozeramaile eta beste zenbait kasutan abokatua izan den Alina Habbak gogor salatu zuen auzibidea, eta horren atzean motibazio politikoa dagoela adierazi zuen. «Trump presidentearen aurkako inputazioak egitea, beste kasuei ez ikusi egiten zaien bitartean, hemen bizi dugun ustelkeriaren adierazle da -nabarmendu zuen- Gure nazioaren historiaren inflexio-puntu batean gaude, aurkari politiko baten aurka jotzeko akusazio hauekin».

Iazko abuztuan FBIk Trumpen Floridako etxaldean atzemandako ehunka dokumentuetatik 31 agiritan zentratu da akusazioa. Inputazioa ez da berez Etxe Zuritik paperak ateratzeagatik; Gobernuko presidente eta goi-kargudun askok egin dute antzekorik, baina jazotakoaz ohartzean itzuli egin dituzte. Trumpek, ordea, behin eta berriz uko egin zion Artxibo Nazionalaren eskaerari; gero gezurra esan zuen (gutxi batzuk itzuli eta besterik ez zeukala esanez), eta Mar-a-Lago etxaldean hartu ohi zituen bisitarien aurrean isilpeko dokumentuak erakutsi izan zituen, inputazioak dioenez. Agiri horietako batzuetan herrialdearen defentsa-mekanismoak eta sekretu nuklearrak ere ba omen daude.

Guztira, 37 kargu egotzi dizkiote Donald Trumpi, gehienak Espioitza Legearekin lotuta; gainerakoek gezurra esatearekin eta Justiziaren lana oztopatzearekin dute zerikusia. Justizia Sailak kasuaren larriaz jakin zuenean, eta FBIk atzemandako agiriak froga indartsuak zirela ebatzita, fiskal independente bat izendatzea erabaki zuten, Trumpek beste behin ere bere aurkako «sorgin-ehiza» argudiatuko zuela jakitun. Jack Smithek politikari errepublikano zein demokraten inguruko ikerketak burutu izan ditu. Atzo, Miamiko auzitegian izan zen Smith Trumpi karguak irakurri zizkiotenean, aretoko lehen lerroan eserita.

ERREPUBLIKANOEN ERREAKZIOAK

Testuinguru honetan, Trumpengandik haratago, begiradak Alderdi Errepublikanoan jarrita daude, presidentegai izateko primarioetara aurkeztu diren pertsonengan, batez ere. Orain arteko inputazioen aurrean presidente ohiaren alde azaldu dira ia guztiak, eta hala egin zuten joan den ostegun-ostiralean ere: Justizia Saila politizatuta dagoela salatu dute, eta beste politikari batzuekin ez duen jarrera izatea egotzi diote. Vivek Ramaswamy enpresari eta balizko hautagaiak gainerako lehiakide errepublikanoak gaztigatu ditu, denek adostu dezaten hautagaitza irabaziz gero Trumpi indultua emango diotela.

Izan da Trump kritikatu duenik ere: Chris Christie New Jerseyko gobernadore ohia da kritiko zorrotzena, eta Asa Hutchinson Arkansasko gobernadore ohiak ere esana du Trumpek primarioetako lehiatik kanpo behar lukeela. Azken egunotan, orain arte presidente ohiaren alde agertu izan diren hautagai batzuen jarrera ere aldatu da. «Inputazioa egia bada, esaten duena benetan bada, Trump presidentea benetan axolagabea izan zen gure segurtasun nazionalarekin», esan zuen astelehenean Nikki Haley hautagai eta NBEko enbaxadore ohiak. Hego Carolinako beste hautagaiak, Tim Scottek, kasua «larria» dela adierazi zuen.