Baionako jaiak: aurten eskumuturrekoaren prezioak gora egingo du
Baionako Udalak 10 eurotik 12ra igo du jende gehien biltzen den egunetan jai-eremura sartzeko eskumuturrekoaren salneurria. Aurten prezioa aldatuko da, eta datorren urtean, berriz, datak aldatuko dira, jaiak bi aste aurreratuko baitira Olinpiar Jokoengatik.
Jende gehien biltzen den egunetan, asteburuan -uztailaren 28tik 30era, alegia-, Baionako jaigunera sartzeko besokoaren prezioa hamar eurotik hamabira pasatuko da aurten bertakoa ez den gainerako ororentzat; horrela erabaki zuen Udalbatzak joan den ekainaren 1ean. Datorren urtean, berriz, Lapurdiko hiriburuak bi aste aurreratuko ditu jaiak, eta, beraz, sanferminekin batera izango dira, neurri batean behintzat.
Jaietan sartzeko pasearena 2018an ezarri zen, eta orduan zortzi euroko prezioa jarri zuten. 2022an bi euroko igoera aplikatu zen, eta aurten dozena bat euroraino iritsiko da prezioa. Udalak, ohi bezala, kostuen goranzko joerarekin justifikatu du, bereziki «segurtasunaren» atalari aipamena eginda.
Parisko Gobernuak bultzatutako erreforma batek ekitaldi jendetsuetan segurtasun indarrak hedatzeak dakarren kostuaren zati baten ordainketa tokiko erakundeen bizkar pausarazi zuenetik, Baionako Udalarentzat diru kontuen oreka bihurtu da jaietako buruhauste nagusia. Gainerakoan, azken urteetan hartutako erabakiek eta izandako aldaketek ez diote kalte handirik eragin festei dagokienez.
2022an, bi urteko geldialdi pandemikoaren ondoren, 1,2 milioi pertsona ibili ziren Lapurdiko hiriburuan jaiez gozatzen -udal agintarien arabera-, 2019an jarritako marka baino %15 gehiago.
Kudeatzeko zaila den jendetza hori erakartzen duen «abuztuko oporraldia» saihesteko, egutegia aurreratzea erabaki zuten 2000ko hamarkadaren amaieran, eta aldaketa horrek ez du eragin txarrik izan Baionako herriko jaietan.
Udalak, orain, ofizialki iragarri du datorren urteko jaiak bi aste aurreratuko dituela, zehazki uztailaren 10etik 14ra bitartean programatzeko, eta horrek ere ez du tokiko ostalaritza gehiegi aztoratu. Akaso, Parisek 2022ko udazkenean egindako iragarpenak, hau da, Olinpiar Jokoek iraun bitartean Estatu frantsesean ekitaldi jendetsurik ezin izango dela egin iragartzeak, jaiak bertan behera geratuko ote ziren beldurra sortu zuelako orduko hartan. Jakina, datak aurreratzea erabaki askoz arinagoa da.
CRSEN LAU TALDE
Barne Ministerio frantsesak jaiegunetan CRSen lau unitate -280 polizia, alegia- ibiliko direla idatziz bermatu duela-eta, Jean-Rene Etchegaray auzapezak esan du data aldaketa hori «segurtasunari kalterik egin gabe» egin ahal izango dela.
Bestak bertan behera uztearen “mamua” behin desagertuta, aurrerapena gaitz txiki bat bezala ageri da, nahiz eta zalantza batzuk sortzen dituen egun horietako batzuek sanferminetakoekin bat egingo dutelako. Izan ere, ohikoa da Iruñeak jai egutegia zabaltzea eta senidetutako hiri Baionak “Gaixoa ni”-ren doinuei segida ematea.
Moka ostatuko nagusi Nicolas Biscayk Mediabask atariari adierazi dionez, data aldaketa gorabehera, «seguru jende asko bilduko dela, orain arte bezala», eta gaineratu du harrituko lukeela «Arroxelatik, Bordeletik edo Paristik etortzen den jendeak Baionara etortzeari uzteak» Iruñearekin egutegia partekatzen duelako.