GARA
BRUSELA
ARGIBIDEAK ESKATU DITU EUROPAR PARLAMENTUAK

Pegasusekin egindako espioitza ikertzeko eskatu dio Europak Madrili

Kataluniako independentistei eta hainbat euskal herritarri Pegasusekin egindako espioitzaren inguruko guztia argitzeko eskatu dio Europar Parlamentuak Estatu espainolari, eta «epailearen aginduz CNIren helburu izan ote ziren argi ez dagoen 47 kasuak» ere ikertzeko eskatu du. Era horretan, zalantzan jarri du egindako espioitza horren legezkotasuna.

Paz Esteban CNIko zuzendari ohia, Margarita Robles ministroa eta Esperanza Casteleiro CNIko zuzendaria.
Paz Esteban CNIko zuzendari ohia, Margarita Robles ministroa eta Esperanza Casteleiro CNIko zuzendaria. (Eduardo PARRA | EUROPAPRESS)

Europar Parlamentuak Estatu espainolari eskatu dio ikertu eta argitu ditzala ustez Pegasus espioitza-programa erabili den kasu guztiak, agindu judizialik ez dutenak barne. Horrez gain, eskatu dio has dezala iragarritako Inteligentzia Zentro Nazionalaren erreforma.

Europako Ganberako osoko bilkurak Pegasusen eta Spyware-ren -Europar Batasunean antzeko kasuak eragin dituena- erabileraren inguruko guztia aztertzeko gomendioa onartu zuen. Testu horretan, Estatu espainolari atal bat eskaintzen zaio, Kataluniako eta Euskal Herriko 65 politikari ustez espiatzeagatik (horietako 18 epailearen baimenarekin, Madrilen esanetan). Horien artean daude, besteak beste, Pedro Sanchez Gobernu espainoleko presidentea eta haren ministro batzuk.

Aldeko 411 botorekin, kontrako 97rekin eta 37 abstentziorekin, Euroganberak Madrili gomendatu zion «ikerketa osoa, bidezkoa eta eraginkorra» egiteko, Pegasus erabili zuen kasu guztiei buruzko argitasunak emateko: «CNIren helburuak betetzeko epaileren batek legeztatu zituen edo ez argi ez dagoen 47 kasuak barne».

Halaber, ikerketa batean Sanchezen eta haren gobernuko kideen inguruan egindako espioitza argitzeko eskatu zuen. Eta ikerketa horiei buruzko ondorioak Europan aurkezteko eskatu du.

ERREPARAZIOA IZAN BEHAR DUTE

Euroganberaren esanetan, ustez epailearen aginduz jarraipena egin zitzaien Kataluniako 18 kide independentisten kasuan, Gobernu espainolak pertsona horiei agindu judizial hori ikusteko sarbidea eman behar die. Eurodiputatuen arabera, espioitza jasan zuten pertsona guztiek «legezko erreparaziorako sarbide esanguratsua» izan behar dute, eta haien kasuei buruz irekitako prozesu judizialak «atzerapenik gabe eta modu inpartzial eta sakonean» amaitu behar dira.

ESKUINA ERREFORMAREN AURKA

Europar Parlamentuan PPren eskuinetara kokatzen diren bi taldeak, kontserbadoreak (Vox barne) eta ultraeskuineko Nortasun eta Demokrazia alderdia, testua zuzentzen saiatu ziren, Kataluniako independentisten espioitza «2017ko estatu-kolpe saiakeraren ikerketaren zati gisa» ager zedin. Zuzenketek CNIri eta Europoli buruzko gomendioak ere ezabatzen zituzten, baina ez zuten osoko bilkuraren babesik lortu.

Atzo bozkatutako gomendioekin amaitu zen Pegasusen gaiari lotuta sortutako batzorde parlamentarioaren urtebeteko lana. Bertan 215 solaskiderekin eztabaidatu dute eta hainbat herrialdetara bidaiatu dute, Espainiara barne, txostena idatzi eta azken ondorioetara iristeko.

Bozketa egin ondoren, Ciudadanoseko Jordi Cañasek adierazi zuen adostutako gomendioak garaipen bat direla beraientzat: «Espioien programak errugabeak zelatatzeko ezin direla erabili defendatzen dugunontzat, baina bai ustezko delitugileak zelatatzeko, Espainiaren kasuan bezala».

Diana Riba (ERC) ere pozik agertu zen, gomendioek Estatu espainola «Poloniaren eta Hungariaren maila berean» jartzen dutela iritzita, eta batzordeak bere lurraldea bisitatu ahal izatea txalotu zuen: «PSOE, PP, Vox eta Ciudadanosek ‘Catalangate’ kasuaz ez baitzuten hitz egin nahi».