Ion GARATE
Entrevue
HAIMAR ZUBELDIA
Txirrindulari ohia

«Turismo kanpaina bat da, Euskal Herria mundu guztira iritsiko da»

Haimar Zubeldia 1998tik 2017ra bitartean profesional mailan aritu zen. Tartean hamasei aldiz lehiatu zen Tourrean, urte askotan Top10ean sarturik, gainera. 2017an erretiroa hartu zuen, Donostiako Klasikoan. Mendian ondo moldatzen zen arren, erlojuaren aurkako probak ziren bere berezitasuna, eta tenperatura handiek mesede egiten zioten.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

Haimar Zubeldia, Tourrari begira, NAIZ Irratitik igaro den bigarren protagonista da. Meritu handiko ibilbidea du usurbildarrak. Tourrean bakarrik, adibidez, Euskaltel Euskadirekin 2003an bosgarrena izan zen, 2006an zortzigarrena, 2007 berriro ere bosgarrena, 2012an Trekekin seigarrena, 2014an zortzigarrena... Umiltasuna lagun, ez du txirrindularitza mundua baztertu, eta haren esperientziaren lekuko izan gara irratian.

Zergatik da Tourra hain berezia txirrindularitza munduan?

Hitzekin azaltzeko zaila da. Galdera hau askotan egin didate. Beste lasterketa batzuetan egona nintzen, baina, lehenengo aldiz korritu nuenean, ikusi nuen uste baino gehiago zela, gainera. Eta handik hona Tourrak zerbait egin badu, handitzera egin duela eta bertan egon den edozein txirrindularik lasterketarik handiena dela esango dizu.

Giroan ere izan zara, Vueltan akaso gehiago... Zerk egiten du desberdina Tourra?

Hirurek egun berdinak dituzte, 23 egunetan konpetitzen diren lasterketak dira. Baina Giroak badu halako erromantizismo bat. Italiarrek Giroa lasterketa oso kutuna bezala dute, eta, nolabait, aspaldiko txirrindularitza usaintzen da bertan.

Tourra, aipatu dugun bezala, txirrindulari orok joan nahi duen lasterketa da. Hara iristen diren txirrindulariek eta taldeek beti zertxobait gehiago jartzen dute. Motibazio extra bat dago, batik bat urteko jomugarik garrantzitsuenetarikoa delako eta bertan egiten denak mundua zeharkatzen duelako. Izugarrizko oihartzuna dauka Tourrean egindako edozerk.

Espainiako Itzulia, berriz, agian hiruretan errazena da egiteko. Lehenengo aldiz handi bat egiteko egokiena da. Baina irailean jokatzen da, beste biak egin ondoren, eta esan genezake, nolabait urtea ez bada ondo joan, urtea salbatzeko lasterketa egokia dela.

Zein zen zure txikitako oroitzapena Tourrarekin?

Gaztetan oroitzen dudana da, batik bat, Miguel Indurain handia bost Tour horietako bat irabazten. Aurten Tourra Bilbon hasten denez, gogora etortzen zait ere Donostian hasi zenekoa, 1992an. Gogoan dut bigarrengo etapa: Donostiatik irten eta Zarautz aldera egin zuten. Ni usurbildarra naiz, eta bertan egon nintzen goiz osoa errepide ertzean.

2001ean dator zure lehen Tourra. Eta 2003an bosgarrena izan zinen sailkapen nagusian. Nola gogoratzen duzu?

Guk espero baino lehenago etorri zen emaitza hori. Oker ez banago, hirugarren Tourra izan zen bai niretzat eta bai Euskaltel Euskadirentzat, eta gogoan dut batez ere lehenengoa asko sufritzeko urtea izan zela. Konturatu ginen, hara iritsitakoan, lasterketa erabat ezberdina zela, han asko genuela ikasteko, halako zaplazteko batzuk ere jaso genituen. Baina Laisekak Luz Ardidenen azken astean, azken aukeretan gainera, irabaztea lortu zuen eta momentu hura berezia izan zen. Askotan aipatu dut, Laiseka helmugara iristerakoan, bertan euskaldun asko zeudela eta momentu horretan ni eta beste taldekide batzuk Luz Ardiden hastear ginela, eta nolabait orro egin zuen mendiak, halako oihu handi bat entzun zen.

Nola doa bat lehenengo Tourrera?

Nik uste dut, errespetuarekin. Iritsi ginenean, nik gogoan dut Iñigo Chaurreau eta David Etxebarria zirela Tourra eginda zuten bakarrak taldean, eta haiei aholkuak eskatzen genizkien, gehienbat lehenengo aste hori gainditzeko, erorketa horiek ekiditeko. Hala ere, izan genituen erorketak; baina uste dut garrantzitsua dela lehenengo Tourra edo itzuli handi batean lehenengo aldiz egiten duena bukaerara iristea. Nahiz eta sufritu eta emaitza onak ez lortu, asko ikasten da, irakaspen handia da.

Tourrean 16 aldiz parte hartu duzu. Errutinak izango zenituen, baina Mikel Astarlozak aipatu zigun monotonia hori beretzat oso nekagarria zela.

Bai, eta horretarako ere entrenatuta zaude. Estres puntu hori ere gainditzen jakin behar da, batez ere lehenengo astean indarrak bizi-bizi daudenean eta errepideak estuak direnean eta denok aurrean joan nahi dugunean, horrek sortzen duen estresa; zuzendaria ere pinganillotik aurrean egoteko esaten ari zaizunean... Zerbait ez badut orain faltan botatzen, egun horiek dira.

Zaletuek laguntzen dute. Zer esanik ez, euskaldunek eta marea laranjak. Nola gogoratzen duzu zuk aro hori?

Momentu oso polit bat bezala. Euskaltel taldea lehenengo aldiz joan zenean, gonbidapen bidez lortu zuen, eta gero pixkanaka taldea gorantz joan zen. Marea laranja nahigabe etorri zen berarekin. Etxera etorritakoan gehiago konturatzen zara gauza horiez. Momentu oso politak izan ziren. Gogoan dut Tourmaleten gora, Tourreko mendate mitiko bat delako, nola goian pasatu ginen Armstrong, Ullrich, Iban Mayo eta ni. Behera begiratu eta marea laranja marraztuta zegoen mendian. Urte oso politak izan ziren. Jendeak identifikatuta ikusten zuen bere burua taldearekin. Orduan euskal zalegoak goia jo zuen.

Esango zenuke euskal zalegoa dela sutsuena?

Holandarrak ere oso ezagunak dira Alpe D’Huez mendatean; belgikarrek beren klasikoak oso sutsu bizitzen dituzte; baina nik uste dut txirrindulariek badakitela hemen ere zalegoa oso sutsua dela, baina batez ere txirrindulariak errespetatzen dituztela. Asko harritzen dira nola bakoitza bere izenagatik deitzen duten, eta horregatik ere gustatzen zaie hemen lasterketak egitea.

Urte asko dituzu Top10ean. Meritu handiko ibilbidea.

Etapa batzuk gogoan ditut hankak banituenak behintzat etapa irabazi edo inguruan egoteko, baina nire ezaugarrietako bat azkartasun hori azken metroetan ez edukitzea izan da, eta horregatik uste dut garaipenik ez dudala. Argi dagoena da Top10 bat egiteko 21 egunetan hor egon behar duzula, ezin duzula egun oso txar bat izan. Barruan nerbioak ere egoten dira, lo ere ez da hain ondo egiten, eta tokatu izan zait Tourra beste era batera bizitzea, batez ere nire azken urteetan, beste batzuen laguntzan edo morrontzan. Beti esan dut, era horretan ere disfrutatu egiten da, baina batik bat lasaiago lo egiten da.

2003ko Tourrean Lance Armstrong menderatzeko aukera ikusi al zenuten?

Orain hotzean pentsatuta, nik uste dut agian bai Ullrich eta bai gu ere gertuen egon ginen urtea hori izan zela. Gainera urte hura izan zen Belokik erorketa gogor hura izan zuenekoa. Azken etapara arte erabaki gabe zegoen eta denak oso hurbil zeuden. Zerbaitetan gogorra eta ona bazen bera, psikologikoki zen. Nik uste dut alderdi psikologikotik irabazi ziola Tour hura Ullrichi. Erlojupekoetan Ullrich hobea izan zen, beste urteetan ikusi ez genuen bezala, baina Luz Ardidenen nola atera zizkion 45 segundo horiek nahikoak izan ziren Tourra irabazteko.

Nola hasi zinen zu txirrindularitzan?

Nire aita zikloturista zen. Igandero ikusten nuen bere lagunekin ateratzen. Nik ere txirrindularitzan hasi nahi nuela eskatu nion amari. Garrantzi handia hepatitis batek izan zuen. Hepatitisa pasatu nuen gaztea nintzela, eta orduan aritu nintzen amari bizikleta eskatu eta eskatu. Berak ere, ohean egoteko, modu hori ikusi zuen. Bizikleta iritsi zen, Usurbilgo eskolan apuntatu eta pausoz pauso azkenean lortu nuen profesionala izatea.

2012an, Euskaltel Euskadiren kirol kudeaketa berriaren aurkako sinatzaileen artean zinen. Nola gogoratzen duzu?

Ez genuen ulertzen. Urte asko egin genituen, atzetik filosofia bat defendatze. Maila mantentzeko arrazoi bezala ezin ziren gauza horiek ahaztu, bestela aurretik egin genituen gauzak ez zutelako zentzurik. Munduan barrena zerbait erakusten joan baginen aurreko urte guztietan, hauxe zen: Euskaltel Euskadi batik bat euskal txirrindulariz osatutako talde bat zela, edo Euskal Herrian sortutako txirrindulariekin.

2017an utzi zenion profesionala izateari. Propio aukeratu zenuen Donostiako Klasikoa?

Tourrean hartu nuen ziur erabaki hori, ikusi nuelako argi eta garbi. Entrenamenduetan ere nire ametsetan nolabait irudikatu nuen bukaera bat. Berezia da denboraldi erdian uztea, baina egun berezia eta polita izan zen: etxeko edo gertuko lasterketan, txiki-txikitan ikustera joaten ginena, eta bertan amaitzea nire kirol bizita polita izan zen.

Jarraitu duzu lasterketa ezberdinetan korritzen, ezta?

Bai, hori da. Teknikoki erabiltzen genituen gauzak, bizikletak edota arropak, atentzioa deitzen zidan. Utzi bezain laster, Etxeondo euskal markarekin lanean hasi nintzen. Bizikleta marka ezberdinekin ere ari naiz; gaur egun Orbearekin nago. Zikloturisten martxetan ere egoten gara, abenturetan, desertuan edo mendiko bizikletekin egiten diren gauza ezberdinetan.

Nola deskribatuko zenuke euskal txirrindulariek Tourrean izan duten papera?

Azken urteetan ikusi dugu munduko talde onenenetan baditugula euskal txirrindulariak, eta gainera oso estimatuak direla uste dut. Fama ona dugu euskal txirrindulariok. Oso nobleak gara. Gainera besteengatik lan egin behar denean, dena ematen dugun horietakoak gara. Beti bezala, zikloak egoten dira; gaur egun Euskaltel Euskadi ez dugu goi mailan, eta argi dagoena da munduko lasterketa onenetan euskal txirrindulariak Euskaltel Euskadi zegoenean baino gutxiago direla. Baina taldeak hor jarraitzen du eta bere papera beste bat da momentu honetan; goi mailara joateko bidean egon behar duten talde horietakoa da. Afizionatu mailan dabiltzanek, 23 urtez azpikoan, horrelako erreminta bat behar dute jauzi hori emateko.

Aurten polemika izan da harrobiarekin, lasterketa batzuk egon baitira ia egin ezinik.

Ni horretan kritikoa naiz. Hausnarketa bat egin behar da. Kapaz gara munduan zehar urtero egiten den ekitaldi handienetariko bat etxera ekartzeko, baina ni beldur naiz gero nolabaiteko basamortu edo lehorte bat etorriko ote den. Autokritika egin behar dugu, eta jarraitu behe kategoria horietan inbertitzen, gerora ere txirrindulariak izateko.

Bilbotik abiatuko da aurtengo Tourra. Nola sentitzen zara horren aurrean?

Nik uste dut hasten denean konturatuko garela gaur egun zer den Tourra. Asko kostatu da ekartzea, baina eduki dezake retorno bat. Jende asko hurbilduko da, eta ez dakit zenbat telebista katetan emango duten. Turismo kanpaina handi bat da eta Euskal Herria munduko txoko guztietara iritsiko da.

Zuk nondik, nola jarraituko duzu Tourra?

Euskal marka askok (Etxeondo, Orbea...) aprobetxatuko dute ekitaldi handi hau beren bezero onenak ekartzeko eta nobedade guztiak erakusteko. Ni inguru horretan ibiliko naiz. Etapez ere gozatu nahi dut. Kirol bizitza utzi nuenetik, saiatu naiz urtero Pirinioetara mugitzen, eta aurten ere asmoa dut. Ea gure txirrindulariak punta-puntan ditugun.