Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Zumaia eta San Juan, lehen liderrak oso estropada gorabeheratsuan

Donibane Lohizuneko emakumeen proba beranduago hasi zen buian arazo bat izan zelako eta, behin irteera emanda, erlojuarekin arazoak egon ziren. Gizonetan ere bigarren txanda martxan zela gelditu behar izan zuten, txalupa bat gunean sartu zelako.

Zumaiako emakumeak, Donibane Lohizunen, denboraldiko lehen bandera astintzen.
Zumaiako emakumeak, Donibane Lohizunen, denboraldiko lehen bandera astintzen. (Guillaume FAUVEAU)

Zumaia, ETE Ligan, eta San Juan, KAE1 Ligan, dira 2023ko denboraldiko lehen liderrak atzo arratsaldean Donibane Lohizuneko uretan lehen estropada irabazita. Traineruen zilarrezko ligen hasieran, ez zen emozioa falta izan, ezta kezka ere, ikusitakoak ikusita.

Izan ere, estropada oso gorabeheratsua izan zen. Lehenik, ETE Liga beranduago hasi zen. Haize boladek dena oztopatzen zuten, baina horri beste arazo batzuk gehitu zitzaizkion. Batetik, irteera 11 minutu atzeratu zen 4. kaleko buia batekin arazoa zegoelako. Eta, bestetik, ondoren, behin irteera eman eta minutu bat pasatu zenean, epaileek bandera gorria atera zuten gelditzeko behartuta, erlojuarekin arazoak zeudelako. Gizonezkoen proban, bigarren txandak lehen minutua pasatuta zuela gelditu behar izan zuten, txalupa bat estropada gunean sartu zelako.

ETE LIGA: ZUMAIA, FABORITO ETA NAGUSI

“Telmo Deun” ontzia bigarren txandan aritu zen eta nagusi izan zen.

Lehen txandako bigarren irteeran ere arazoak izan zituzten patroiek estatxak heltzeko, baina jarraian proba estua ikusi genuen. Kaiku eta Astillero estu-estu aritu ziren. Pentsa, lehen ziaboga denbora berean egin zuten (3:33).

Baina Kaikuk bigarren luze oso ona egin zuen eta Deustuk Astillero aurreratu zuen bigarren maniobra aurretik. Azken luzean, “Bizkaitarra”-k nagusitasunez irabazi zuen, denbora oso ona eginda (11:24.95).

Bigarren txandan, ordea, Naroa Goikoetxea Zumaiako patroiaren agindupean, gipuzkoarrek hasiera-hasieratik markatu zuten erritmoa eta lehen ziabogan Kaikuk eginda zuen denbora hobetu zuten (3:28, bizkaitarrak baino baino 5 segundo hobeto).

Bigarren luzean ez zioten ezustekoari tarterik eman eta hegan egin zuten garaipenerantz. Horiekin batera, Kaiku, Deustu eta Astillero arituko dira gaur goizean, San Pedroko uretan, ohorezko txandan.

KAE1: SAN JUANEN «EZUSTEKOA»

Bigarren txandan txalupa bat gurutzatzeak kalte egin zion faboritoetako bati, Lapurdiri. Etxeko traineruak ezin izan zuen San Juanek lehen txandan egindako markarik onena hobetu. Koxtape bikain aritu zen. Pentsa, denek laugarren kaleari beldurra zioten eta bertan aritu ziren sanjuandarrak. Hori bai, lehen ziabogan San Pedro izan zen azkarrena.

Baina bigarren biraketan Joseba Campanoren gidaritzapean ari diren arraunlariek beste martxa bat sartu eta lehen postua bereganatu zuten. Bigarren ziaboga horretan segundo bateko aldea atera zioten “Libia”ri; hiru segundo, hurrengoan; zazpi, laugarren biraketan; zortzi, bosgarrenean eta 11, amaieran.

Hirugarren txandan, Zumaiak, beste faboritoetako batek, marka hobetuko zuela zirudien. Lehen ziabogan San Pedroren denbora berdindu zuen (3:27), baina estropada aurrera joan ahala, ezin izan zioten erritmoari eutsi eta urruti geratu ziren, seigarren.