GARA
BIARRITZ

Konpentsazio araua betearazteko etxebizitza «alokatu» du Aldak

Ekintzaileen aurka oldartu zen atzo Biarritzen bizitokia baimenik gabe alokatzen duen jabea. Izan ere, hiru eguneko egonaldia 450 euroan ordaindu zuten «maizterrak» ezin izan zituen kanporatu. Gites.fr webguneak arratsaldean ezabatu zuen alokatze eskaintza ilegala.

Etxearen jabeak eraikinetik alde egin zuen unea grabatu zuten ekintzaileek eta kazetariek.
Etxearen jabeak eraikinetik alde egin zuen unea grabatu zuten ekintzaileek eta kazetariek. (Guillaume FAUVEAU AGENTZIA | AGENTZIA)

Biarritzeko hiri erdian dagoen bizitokian sartu eta lau oren geroago, etxebizitza turistikoen jarduera mugatzeko xedez, Ipar Euskal Herrian indarrean den araua betearaztea eskatzeko Aldak antolaturiko ekintzak behin-behineko emaitza izan zuen.

Hala iragarri zuen aipaturiko kolektiboak arratsaldean plazaratu zuen agiri batean. Hain zuzen, Gites.fr webguneak Les Marguerittes eraikinean dagoen bizitokia alokatzeko iragarkia ezabatu zuela ezagutzera eman zuen Aldak. Beste hainbeste egiteko galdetu zion berehala elkarteak Booking.fr webguneari.

«Okupazio ekintza mugagabeari» dagokionez, goizeko 11.00ak aldera hasi zen Prestre etorbidearen 6. zenbakian. Aldez aurretik alokatu zuten apartamentuan sartu ziren zenbait lagun, besteak etxe atarian gelditu ziren bitartean. Orotara, 24 bat ekintzailek parte hartu zuten protestan.

Ez zuten atea bortxatzeko beharrik izan, hiru eguneko egonaldia 450 eurotan ordaindu ostean, maizterrak emandako gakoa baliatu zutelako bizitoki horretan lasaiki sartzeko. Ondoren, banderola bina ezarri zituzten, etxeko balkoian bat eta eraikinaren sarreran bestea.

Iragan martxoaz geroztik Ipar Euskal Herriko 24 bat hiri eta herrietan indarrean dagoen konpentsazio araua betetzen ez duen orok 50.000 euro arteko isuna arriskatzen duela idatzi zuten etxebizitza eskubidea aldarrikatu zuten ekintzaileek. Aldako lehendakari den Xebax Christyk salatu zuenez, ehunka dira alokairu turistikoak ilegalki eskaintzen dituzten sozietateak.

Horren karira, ekintza bultzatu zuen elkarteak argibide batzuk eman zituen. Dirua ematearen truke giltzak eskuratzeko ekimena «hitzezko alokairu akordio» batekin alderatu daitekeela oroitarazi zuen. Hala, etxejabeak epe motzeko alokairua egiteko baimena ez badu, horrek bere alokairu ilegal horri etxebizitza nagusiari egokitzen zaion araua aplikatzea ekartzen du. Lege urraketa hori tartean, Aldak adierazi zuen «hiru urtez bertan gelditzeko» eskubidea dutela Biarritzen etxea okupatu zuten lagunek.

Ekintzaileekin erasokor

Etxearen jabeak ez zuen inolako borondaterik agertu elkarteko kideen arrazoiak entzuteko. Are, jarrera zinez erasokorra hartu zuen, etxean indarrez sartzeko asmoa agertuz.

Izan ere, bai jabeak, bai etxera bertaratu ziren poliziek, apartamentua alokatuta zegoela baieztatu ondoren, alde egin behar izan zuten.

Alokairu turistikoei buruzko araua zorroztu dute aurten Ipar Euskal Herrian. Martxoan indarrean sartu zen konpentsazio arauak hala aginduta, alokairu turistikoa eskaintzen duen orok bigarren ondasuna behar du merkaturatu. Hala, urte osorako 10.000tik gora bizitoki berreskuratzea aurreikusten du Euskal Elkargoak.