Alessandro RUTA

Politikagintza Berlusconiren gorpuaren gainean eraberritzen

Forza Italiako liderra hil ostean, asko eta asko umezurtz gelditu dira. Agertoki berrian karta batzuk ditu eskuan alderdi bakoitzak, baina aldi berean «familiartean» zalantzak areagotu dira.

Giulia Meloni lehen ministroa eta Marta Fascina, Berlusconiren azken bikotekide eta legebiltzarkidea, elkar agurtzen Duomoko katedralean.
Giulia Meloni lehen ministroa eta Marta Fascina, Berlusconiren azken bikotekide eta legebiltzarkidea, elkar agurtzen Duomoko katedralean. (AFP)

Mahai gainean 2-3 milioi boto daude une honetan, Forza Italiak (FI) azken hauteskundeetan lortu zituenak, hain zuzen ere. Zein izango da Berlusconiren alderdiaren etorkizuna? Eta Giorgia Meloniren gobernuarena? “Il Cavaliere”-ren heriotzak sekulako hutsunea utzi du eta hori betetzea ez da erraza izango.

Milanen denon begietara agertu zen albisteak eragindako astindua ez da itzali, gainera: datorren urtarrilean egitekoa zen Forza Italiaren sorreraren 30. urteurrena baina, antza, ez da ospakizunik izango.

FAMILIAREN KONPROMISOA

Ataka honetara iritsita, erantzukizuna Forza Italiarena litzateke, baina FI alderdi «pertsonala» izan da beti. Horrenbestez, Berlusconiren familiak erabaki batzuk hartu beharko ditu. Nabarmena da bere bost seme-alabek politikagintzarekin konpromiso apalagoa nahiko luketela, baina aldi berean Marta Fascina (Il Cavaliereren azken bikotekidea) legebiltzarkidea da eta horretan segituko du.

Zurrumurruei kasu eginez gero, azken hilabeteetan Fascinak lidergo handia eskuratu du alderdian, nahiz eta politikari dagokionez eskarmentu txikia izan. «Familiakoen» barruan oso maitatua da: Marina Berlusconi (enpresa-inperioaren «burua») aitaren azken bikotekidearekin eskutik helduta sartu zen Duomoko katedralean, “Sua emittenza”-ren hiletetarako.

Agian, Antonio Tajani Atzerri ministro eta lehen ministrordearen laguntza beharko dute bai Fascinak, baita Forza Italiak ere. Tajanik bai, ibilbide luzea egina du, eta Europa mailan ere aurpegi ezaguna eta orokorrean ondo hartua da, iraganean Europar Parlamentuko presidente izan zelako. Negarrez ikusi dugu Berlusconiri azken agurra ematean, haren laguntzaile estua zen eta. Momentuz FIren arduradun ad interim bilakatu da.

Familiak ondo daki patriarkaren ondarea bizi-bizirik dagoela. Berlusconi hil ondoren %8 egin du gora Forza Italiak inkestetan, eta Mediasetek, Burtsan.

Familiak ongi daki, bestalde, patriarkaren ondare politikoa bizi-bizirik dagoela Italiako gizartean. Hori dela eta, ezin izango da momentuz baztertu. Ironikoki, Berlusconi hil eta gero eginiko lehen ikerketek erakutsi dute Forza Italiak sekulako gorakada izan duela, %8ra heltzeraino. Mediasetek bezala, baina azken hau Milaneko Burtsan.

MELONIREN HARROTASUNA

«Eskerrik asko Silvio: harro sentiaraziko zaitugu eta ez zaitugu ahaztuko». Honako hau Giorgia Melonik bere sare sozialetan argitaratu zuen, Berlusconi zendu ostean. Italiako lehen ministroak, alde batetik, aliatu deseroso bat kendu du gainetik, eta, bestetik, itxaropenerako arrazoi bat aurkitu du: Forza Italiaren botoak bere aldera ekartzea.

Beti gogoratu beharko dugu Meloni Berlusconiren «asmakizuna» izan zela. Il Cavalierek ekarri zuen Gobernura, 2008. urtean, eta nolabait bere babesa eta bedeinkapena ere eman zizkion lehen ministro bilaka zedin, joan den urtean. Euren arteko harremanak ez dira hain errazak izan gero, batez ere Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerraren testuinguruan. Donna Giorgiak zama handia kendu du bizkarretik.

Horretaz gain, telebistak puztutako jarduera izan du lehen ministroak. Mediasetek bultzada izugarria eman zion Meloniri. Eta, gainera, telebista kate honetan bertan lan egiten du bere senarrak, saio ezagun batean. Duda izpirik gabe, ez zaio komeni jaten ari den platerera tu egitea.

Eskuinean, Matteo Salvinik ere oso adi egon beharko du. Momentu honetan Meloniren a ruota (txirrindularitzan bezala) dabil Liga Norteko agintaria, gurpilean itsatsita. Forza Italiako iparraldeko botoen bila abiatuko da, jakina, beren arteko oreka berriz zuzentzeko asmoz. Hegoaldean ere FI oso indartsua izan zen, baina agian hango botoek abstentziorako bidea hartuko dute orain.

Aski ezaguna den sekretua da Matteo Renzi ere zerbait egiten ahaleginduko dela. Zirt edo zart egiteko unea heldu zaio beharbada. Izan ere, aurreko lehen ministroa, «hirugarren polo»-aren liderra, Carlo Calendarekin batera, askorentzat Royal babya da, Berlusconiren benetako oinordekoa, alegia.

Ohiko duen hiperaktibitateaz, Florentziako senatariak pieza batzuk mugitu ditu dagoeneko azken hilabeteotan. Hasteko, hirugarren poloaren aukera ia ito egin du, Calendarekin eztabaidatu ondoren. Gero egunkari bateko zuzendari bihurtu da (“Il Riformista”), Berlusconi imitatzen itxuraz.

«Silvio Berlusconik historia egin zuen herrialde honetan. Askok maite zuten, askok gorroto zuten, baina gaur denek aitortu behar dute bizitza politikoan baina baita ekonomikoan, kirolean eta telebistan ere izan duen eragina aurrekaririk gabekoa izan dela. Gaur egun Italia saminduta dago, bat egin du haren familiarekin, bera maite zutenekin, bere enpresekin... Maitatu zuten guztiei, nire besarkada maitekor eta zintzoena». Hau adierazi zuen Renzik sare sozialetan. Ez dago gaizki, iraganean ezkerraren burua izan zenaren ahotan...