Andoni Tolosa «MORAU»
Musikaria

200 euro

Zer egin daitekeen Donostian 200 eurorekin? Ezer gutxi, lazoan ongi harrapatutako turista sakelberoa bazara; lau pintxo, bost zurito eta tren txutxu buelta bat. Ezingo duzu gauza handirik egin, kategoriakoak diruditen arren, frankiziaren baten garro garestia baino ez diren dendetako ateak gurutzatuz gero. 200 eurorekin, agian, sona apur bat lortu duen jatetxeren batean otorduren bat egin ahalko duzu, ardoarekin kontu apur batekin ibiliz gero. Eta, igual, apartamenturen bat alokatu gau baterako, eta ez zona oso zentrikoan. Alde horretatik begiratuta, noski, huskeria da, 200 eurorekin ez zara inora iritsiko Donostian.

Bueno, bai, baina horretarako ondo administratu beharko dituzu sosok; maiz Lidl saltokien mapa zabaldu, mendebalekoak ez diren jatorri etnikoetakoen saltokien eta jantokien fan bihurtu, bizitza soziala birplanteatu eta sarritan jo, berau, aire librean garatu daitekeen lekuetara; parkeetara, babes simulakro bat eskaintzan duten txoko urbanoetara, kaleetako banku funtzioaniztunetara... Esango nuke gehienoi ez zaigula ahaztu pobrearen bizimodua. Horregatik, gehienontzat, 200 euro fortuna txiki bat da, baita Donostian ere.

Egia da ez naizela zaletasun kontuak larrutzen hasi. Baina, inork leporatu baino lehen, aitortu behar dut ez dudala arazorik neure zaletasunak diruz hornitzeko. Afizioak eta droga gogorrak maitale krudelak dira, badakit. Beraz, ezin inori ezer leporatu. Baina eskerrak ez naizen Donostiako pobre Dylan zale bat.