GARA
NAFARROA

Suziria botata, jaietarako prest daude Nafarroako zenbait herri

Uda usaina dugu dagoeneko nonahi, eta, parranda izango da nagusi batean eta bestean; Nafarroako herri eta auzo askotan bezala, Barañainen eta Arbizun sanjoanak ospatuko dituzte egunotan. Asteazkenean bota zuen festak abiatzeko lehen suziria Barañainek.

Asteazken arratsaldean abiatu zituzten festak Barañainen.
Asteazken arratsaldean abiatu zituzten festak Barañainen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Esan daiteke ekaineko sanjoanekin zabaltzen dela nagusiki jaien zerrenda Euskal Herrian, eta aste honetan bertan dira jaiak Nafarroako Barañainen eta Arbizun, besteak beste.

Ekaineko azken asteburuan ospatzen dituzte sanjoanak Barañainen, eta, aurten, asteazkenean hasi ziren eta igandean amaituko dira. Adin guztietarako jaiak antolatu dituela dio udalak, berdintasuna bultzatuz, eta, noski, Jai Guneak eta Jai Batzordeak ere egitaraua prestatu dute, kontzertu mordoarekin. Eraso sexisten aurkako protokoloa osatu dute elkarlanean, Puntu Morea eta laguntzarako telefonoa ere prest daude.

Lagunak Elkarteko gimnastika erritmiko sailak izango zuen jaiei hasiera emateko ardura; taldeak izandako kirol lorpenak saritu nahi dituzte horrela, baita talde misto bat sortu izana ere. Hain zuzen, Uxue Almiñana arduratu zen suziria botatzeaz, udaletxeko balkoitik. Adin eta gustu guztientzako aukera izango dute baraiñaingo herritarrek aste osoan zehar, eta larunbatean herri bazkarian elkartuko dira denak.

ARBIZU ERE JAIETAN

Gaur hasiko dira jaiak Arbizun eta hurrengo ostegunean bukatuko dira (ekainak 29). Horrela bada, 19.00etan, brindisa egin eta suziria botako dute, jaiei hasiera emateko. Horren ondoren, Zidakos txarangarekin San Juan ermitara igoko dira kalejiran, eta dantzan aritu ostean, 21.30ean jaitsiko dira kalejiran, blusa jantzita.

Egunero udalak auzatea («aatea») eskainiko die herritarrei plazan, iluntzeko zortzietan. Sakanako herrietako ohitura da; ardoa zilarrezko ontzietan banatzen dute. Gauero plazan herri afaria egingo dute, kuadrilla bakoitzak bere mokadua eramanda.