GARA
DONOSTIA

Bilboko Arte Ederren Museoko ehun lan Tabakaleran, hiru ahotsetan

Sorkuntza zentrotik museora joan ohi dira artelanak. Norabidea aldatuta, kontrako bidea egin dute oraingoan Bilboko Arte Ederren Museoko artelanek Donostiako Tabakalerara bidaiatuz. Denera ehun lanetik gora, Bizkaiko hiriburuko museoa handitze lanetan dela aprobetxatuz. Hiru sorkuntza berri gehitu zaizkie, Ainara LeGardon, Jorge Moneo eta Ilke Gers egileenak.

Azaroaren 5a arte dago ikusgai erakusketa.
Azaroaren 5a arte dago ikusgai erakusketa. (Maialen ANDRES | FOKU)

Denbora. Iragana, oraina eta etorkizuna. Hiru harion gainean dantzan dabilen kontakizuna sortu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak.

1908. urtean ateak ireki zituenetik, iragana eta oraina izan dira Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumagintza lanaren funtsezko bi ardatzak.

Tabakalerak, bestetik, sorkuntza garaikidea, artea eta gaur egungo eztabaidak bultzatzea ditu egitekoen artean.

Ohiko bidearen alderantzizko noranzkoa hartu dute lanok; alegia, museo bateko bildumatik sorkuntza garaikideko zentro bateraino. «‘That Time’ orainean finkatutako begirada batez hurbiltzen da bildumara, baina begirada hori iraganera eta etorkizunera ere mugitzen da», adierazi dute erakusketaren arduradunek. Bi erakundeen arteko lehen lankidetza da. Miriam Alzuri, Bilboko Arte Ederren Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea, eta Oier Etxeberria, Tabakalerako Programa Publikoaren arduraduna, elkarrekin arduratu dira komisariotzaz.

HIRU AHOTS

Samuel Becketten “That Time” (1976) antzezlanak eman dio izena erakusketari. Lan horretan, poeta eta antzerkigile irlandarrak hiru ahots sortzen eta nahasten ditu, protagonistaren bizitzako hiru momenturen berri emateko: gaztaroko ahotsa, helduaroko ahotsa eta zahartzaroko ahotsa.

Era berean, Tabakalerako erakusketa-espazioetan barrena egindako ibilbide zirkular batean antolatuta dago erakusketa; aipatutako hiru ahots horietan islatutako hiru eremutan banatzen da: iragana (C ahotsa, zahartzarokoa), oraina (A ahotsa, helduarokoa) eta etorkizuna (B ahotsa, gaztarokoa). Horien bidez, bisitariak bilduma baten denboraren eta historiaren hiru aro ezagutuko ditu. Ohiko espazioa 500 metro karratu baino gehiago zabalduz, “That Time” erakusketak 1.500 metro karratu hartu ditu guztira.

IBILBIDE ZIRKULARRA

Tabakalerako lehen solairuan barrena ibilbide zirkularra osatu dute 80 artistaren 107 lanekin. Iritsi eta hamaika bustorekin egingo du topo bisitariak; eskultura horiek erretratuen izaera memoriala azpimarratzen dute. Izan ere, munduaren eta aldi baterako gauzen hauskortasunaren aurrean, gure artean ez dagoenaren oroitzapena bizirik mantentzen dute. Memoria aldarrikatzen du, eta, iraganetik, beste denbora (bizien denbora) eta toki batera (etorkizuna) eramaten gaitu. Batzuk anonimoak eta data ezezagunekoak dira, eta, beste batzuk, aldiz, artista ezagunek eginak -Francisco Durrio, Quintin de Torre, Josep Clara, Eduardo Arroyo-. Irudietan garai batean ezagunak izan ziren pertsonak daude -Aurelio Arteta margolaria, Josephine Baker dantzari eta abeslari afro-amerikarra-, baita ezezagunak ere.

Aipatutako bustoak “Pausa pulsar” ekoizpen berriarekin elkarrizketa sortuz daude espazioan. Ekoizpena Ainara LeGardonen sorkuntza lana da. Konposizio bokal bat da, eta hainbat garai, tamaina eta ezaugarritako bozgorailuen bidez entzun ahal izango da. Horiek, era berean, busto hiztun gisa hartzen dira.

C AHOTSA, ZAHARTZAROKOA

Vicente Ameztoy, Ibon Aranberri, Bonifacio, Marta Cardenas, Juan Luis Goenaga, Susana Talayero eta Cy Twomblyren lanek iraganeko aro zaharkitua (baina ez amaitua) irudikatzen dute lehenengo aretoan: C ahotsa, zahartzarokoa. Izan zen hura oraindik ez da erabat igaro. Iraganeko presentzia materiala oraineko forma artistikoetan nabari daiteke -Joan Pieren “Idoloa”; Albertoren “Otiaren emakumea”; Elena Asinsen “Zortzi menhir bidimentsional” eta Remigio Mendibururen “Sustraiak”-.

Eta sekularizatutako orainaren enigmak -Oscar Dominguezen “Ehiztaria”; Francis Baconen “Irudia etzanda ispiluan”-, berriz, Erdi Aroko eskulturaren erritualaren eta mitoaren bidez irudikatzen dira (“San Joan gurutzearen oinaldean”, XIV. mendeko anonimo espainiarra), baita aldareetako margolanaren bidez ere (Grecoren “San Frantzisko otoitzean”), hau da, bizitza jainkotiarraren eta gizakiaren patuaren irudikapenen bidez.

A AHOTSA, HELDUAROKOA

Denbora heztea, unitate homogeneoetan banatzea eta modu arrazionalean antolatzea (zortzi orduz lan egiteko, zortzi orduz atseden hartzeko eta zortzi orduz aisialdia) XIX. mendeko iraultza industrialaren helburua izan zen, eta, gaur egun, oraindik ere, horren ondorioak bizi ditugu. Erakusketaren bigarren aretoa -A ahotsa, helduarokoa- orainaldiari dagokio. Areto horretan, gizarte teknologiko eta industrialaren aginduak artista askoren lanean irudikatzen dira -Vicente Cutanda, Celso Lagar, Daniel Vazquez Diaz, Aurelio Arteta, Agustin Ibarrola, June Crespo-. Teknologia eta energia industriala sorkuntzarako indar ahaltsuak dira; gerra eta horren ondorioak albo kalte garrantzitsuak (Goya, Anthony Caro, Mari Puri Herrero, Idoia Monton, Vicente Larrea, Iñaki Gracenea).

B AHOTSA, GAZTAROKOA

Azkeneko aretoan ikusleek etorkizunaren ziurgabetasunari aurre egin beharko diote B ahotsaren bidez. Becketten antzezlanean, gaztaroari dagokio, hain zuzen ere. Txomin Badiola, Fernand Leger, Markus Lüpertz, Nemesio Mogrobejo, Miren Arenzana eta Maria Helena Vieira da Silvaren artelanek erakusten digute artista garaikideek nola egiten dioten aurre artearen historiari (iragana eta horren mamuak), arte berri bat sortzeko. Zurbaranen “Aurpegi Santua”-n, ordea, espektro itxura duen eta ez dagoen gorputz baten irudia berariazko presentzia bihurtzen du artistak. Ilke Gersen “The Same Ground” eta Jorge Moneoren “Exergo” ere ikusgai daude azaroaren 5a bitarte.