GARA
IRUÑEA

Sumarrek egindakoa zigilatu nahi du eta EH Bilduk «eskubideak zabaldu»

Espainiako Kongresu eta Senaturako Nafarroako hautagaiak aurkeztu zituen atzo EH Bilduk.
Espainiako Kongresu eta Senaturako Nafarroako hautagaiak aurkeztu zituen atzo EH Bilduk. (EH BILDU)

Uztailaren 23ko espainiar bozetarako hautagaiak aurkezten ari dira alderdiak lurraldez lurralde, eta hala egin zuten atzo Sumarrek eta EH Bilduk; lehenak Bizkaian eta bigarrenak Nafarroan. Biek ala biek nabarmendu zuten euskal herritarrentzako hauteskunde garrantzitsuak izango direla datozenak, nola azken legegintzaldian garatutako politikak «mantentzeko», Sumarren kasuan, hala eskuina geldiarazteko eta euskaldunen eskubideak «zabaltzeko», ezker subiranistarenean.

Lander Martinezek hartu zuen hitza Sumar taldeak Bizkaiko zerrendak aurkezteko Bilbon egin zuen ekitaldian. Kongresurako zerrendaburuak adierazi zuen hurrengo hauteskundeetan erabakiko dela legegintzaldi honetan lortutako «neurriak eta aurrerapenak» mantenduko diren edo ez. Bere taldeak, mantendu ez ezik, lortutako hori «zabaldu» asmo duela segurtatu zuen.

Yolanda Diaz presidenteorde espainiarrak koalizio-gobernuan egindako lana, negoziatzeko duen gaitasuna eta Sumarren inguruan abian jarri duen «proiektu zabala» goratu zituen Martinezek. Gobernu horrek hartutako «neurri aurrerakoiek» euskal herritarrengan eragin zuzena izan dutela zehaztu zuen, eta gaineratu zuen Sumarrek «etorkizuna eta bermea» eskaintzen diela euskaldunei.

«Sumarren aulkiak benetako bermea dira Estatuko Gobernu aurrerakoi batentzat, guztiona dena zaintzeko, eskubideak zabaltzeko eta jendeari bizitza errazteko», esan zuen.

EH Bilduk, bestalde, Ezkabaren magalean aurkeztu zituen Nafarroako hautagaiak. Lekua «sinbolikoa» da taldearentzat, mendi horretako San Kristobal Gotorlekua memoria gune bilakatzeko akordioa lortu baitzuen Gobernu espainiarrarekin. Hain zuzen ere, EH Bilduk «akordioak lortzeko eta ezberdinen artean negoziatzeko» erakutsi duen gaitasuna nabarmendu zuen ekitaldian Bel Pozueta Kongresurako zerrendaburuak. Aipatu zuenez, gaitasun horrek ekarri ditu, besteak beste, Etxebizitzaren Legea eta gutxieneko soldataren igoera.

Madrilen egindako lanak hiru ardatz izan dituela gogoratu zuen diputatuak: «Eskuindarrak gelditzeko bermea izan gara; eskubideak zabaldu eta herri-klaseen bizi eta lan-baldintzak hobetu dituzten akordioak lortu ditugu. Eta Nafarroan autogobernu handiagoa defendatu dugu».

Datozen hauteskundeen garrantzia azpimarratu zuen Pozuetak, «ezker subiranistarik gabe, ez dagoelako Gobernu progresistarik, ezta langile klasea eta euskaldunak erdigunean dituzten politika publiko aurreratutik ere».

Zentzu horretan mintzatu zen Senaturako hautagai den Koldo Leoz ere. Instituzio horretan ordezkari nafarra izan nahi du taldeak, nafarren «ahots propioa» eramateko hara. Eta, horrekin, ezker subiranisten ahotsa. «ERCrekin koalizioan aurkeztu gara Senatura, gure lan esparrua zabaltzeko eta independentisten ahotsa ozenago entzuteko», agertu zuen Leozek.

«EUSKADI» DEFENDATZEKO

Hautagaitza ez, uztailaren 23ko bozetarako leloa aurkeztu zuen atzo EAJk Bilbon -“Euskadiren ahotsa”-. Andoni Ortuzar alderdiko presidenteak ekitaldia probestu zuen ohartarazteko U23an herritarrek aukeratuko dutena «Madrilen Euskadi defendatuko» duen hori izango dela eta, bere esanetan, EAJ da hori egiteko «ahots garrantzitsuena» eta «eraginkorrena».