GARA
DONOSTIA
AITA MARI, BIZITZAK SALBATZEAGATIK KRIMINALIZATUA

«Itotzear ziren hirurehun lagun erreskatatzea ez da legez kanpokoa»

Ustez itsasoko segurtasun araudia urratzeagatik, Aita Mari ontziaren aurkako salaketa aurkeztu du Italiak, beste ontzi batekin batera Mediterraneoan itotzear ziren hirurehun lagun salbatu ondotik. Itsas Salbamendu Humanitarioko Isa Eguigurenek kriminalizazio nahia salatu du, eta itsasoan dauden ontziek noraezean dauden lagunak erreskatatzeko obligazioa dutela adierazi du.

Aita Mariren erreskatea, joan den ekainaren 22an.
Aita Mariren erreskatea, joan den ekainaren 22an. (DAVID MELERO EUROPA PRESS)

«Salaketa eta traba hauen asmoa argia da: lekuko deserosoak gara, ez gaituzte Mediterraneoan nahi», adierazi zuen Isa Eguiguren Itsas Salbamendu Humanitarioko ordezkariak, atzo, NAIZ Irratian. Gobernuz Kanpoko Erakunde honek Aita Mari euskal erreskate ontzia kudeatzen du. «Bizitzak salbatzeagatik kriminalizatzen gaituzte», kritikatu zuen, itsasoko segurtasun araudia urratzea egotzita, azken erreskateagatik Italiak Aita Mariren aurkako salaketa aurkeztu ondoren.

Joan den astean, «burdinezko zazpi ontzitan» hondoratzeko arriskuan zeuden 300 pertsona atzeman zituzten Aita Marik eta beste ontzi batek. Euskal ontziak 172 lagun erreskatatu zituen.

Salernon porturatu ostean jaso zuten euren aurkako salaketaren berri, baina oraindik ez zekiten zehazki zer egozten zieten. «Esan dute segurtasun arloan zerbait gaizki egin dugula, baina guk momentu oro errespetatu ditugu segurtasun irizpideak, horregatik jakin nahi dugu zehazki zer leporatzen diguten», azaldu zuen Eguigurenek.

Gero eta traba gehiago

Itsas Salbamendu Humanitarioko kideak azpimarratu zuen Aita Marik ez zuela legez kanpoko ezer egin. «Zazpi patera ikusi genituen, eta azkenean kapitainak esan zuen erreskatatu egin behar genituela. Maltak ez zuen erantzun, eta Italiak esan zuen bere urak ez zirenez, ez zuela joan behar».

GKEko kideak esplikatu zuenez, «herrialdeen erantzunik ez dagoenean, ontziko kapitainak du zer egin erabakitzeko ahalmena. Itsasontziekiko herrialde orok duen betebeharra da itsasoan arriskuan dauden bizitzak erreskatatzea, hala diote itsasoko legeek eta hainbat herrialdek sinatutako itunek: Maltak, Greziak, Italiak eta Espainiak barne».

Hori horrela izanik ere, salatu zuen erreskate ontziek «gero eta traba gehiago» izaten dituztela beren lana egiteko. «Oso-oso zaila izaten da ateratzea. Batetik, diru pila bat behar da. Baina behin helburu ekonomikoa beteta, oro bihurtzen da eragozpen. Salaketa hau horren adibide da».

«Traba administratiboak jartzen dizkigute, beren herrietatik ihes egin behar izan duten pertsonen bizitzak salbatzeagatik kriminalizatzen gaituzte. Intentzioa oso argia da: badakigu lekuko deserosoak garela, eta Europako gobernuak ahaleginak egiten ari dira gu Mediterraneoan egon ez gaitezen».

Eguigurenek deitoratu zuenez, Europako agintariak Gobernu italiarraren jokaera babesten ari dira, nahiz eta Giorgia Melonik hartutako hainbat neurrik «nazioarteko itsas legeekin edo Europako giza eskubideen legeekin talka egiten duten»: adibidez, erreskate bakarra egiten uztea, portura joatera behartzea, portuak itsasontzitik hiru edo lau egunera esleitzea eta «Gobernuak horrela egin behar dela uste baldin badu itsasontziak geldiaraztea».

Gobernuen erantzukizuna

«Italiako Gobernuaren politikak babesten ari dira Europako gainerako gobernuak, eta horien guztien erantzukizuna da itsasoan gero eta emakume, gizon eta haur gehiago hiltzea», nabarmendu zuen Isa Eguigurenek.

Aita Mari Salernotik atera zen igandean, eta Sirakusarantz zihoan, Siziliara. Han, konponketa eta mantentze lanak egin, eta janaria erosi behar zuten eskifaiarentzat. Ondoren zer egingo duten erabaki gabe zeukaten.