Marcel PENA

Bilbo horiz jantziak Tourrari ongi etorri

Heldu zen eguna azkenean eta Bilbok giro izugarrian hartu zituen Tourreko lehenengo etaparen irteera eta amaiera. Zaleek goiz-goizetik bete zituzten txirrindularien ibilbideko kaleak Bizkaiko hiriburuan. Beste batzuek San Mameseko zelaigunean euskal ziklistak animatu zituzten, taldeen aurkezpenean.

Bilboko kaleak, jendez lepo Tourrari ongi etorria egiteko.
Bilboko kaleak, jendez lepo Tourrari ongi etorria egiteko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Azken egunetan Bilbo bete duten kamiseta eta txapel horiek hiriko kale nagusietan gainezka egin zuten atzoko lehen ordutik. Egun batez, San Mameseko zelaiguneak beste kirol bat hartu zuen, eta txirrindularien maillotek Athleticen elastikoak ordezkatu zituzten 2023ko Tourraren edizioari ongietorria egiteko. Tourra martxan hasi baino ordu batzuk lehenagotik, milaka lagun zeuden Euskal Herritik bigarrenez atera den Tourrean parte hartzen duten taldeak aurkezteko prestaturiko eszenatokiaren aurrean. Aurreko aldia 1992an izan zen, Donostiak Grande Boucle-ren hasiera hartu zuenean, Miguel Indurainek irabazitako erlojupeko batekin. Euskal txirrindularitzaren urrezko garai haietatik urrun -Indurainek 1991 eta 1995 artean jarraian bost garaipen lortu zituen-, Euskal Herriko txirrindulariek tokiko zaleen artean grina pizten jarraitzen dute.

Ion Izagirrek (Cofidis), Alex Aranburuk eta Ionen anaia Gorka Izagirrek (Movistar) edo Pello Bilbaok eta Mikel Landak (Bahrain Victorious) txalo zaparrada jaso zuten euren txanda heldu zenean, eta esker ona agertu zuten bueltan. «Hau baino gehiago ezin da eskatu. Egun ahaztezina izango da», esan zuen Bilbao gernikarrak eszenatoki gainean, zaleak «Pello, Pello» oihuka ari zirela. Baina ez zuten euskal txirrindulariek soilik jaso ikusleen berotasuna.

Atzerriko zaleek ere faborito nagusiren batzuen izenak oihukatu zituzten, hala nola Jonas Vingegaard egungo txapeldunarena, Tadej Pogacar eta Jai Hindley-renak. Luis Leon Sanchez eta Mark Cavendish beteranoek ere, Tourreko azken hamarkadako izen handienetako bik, protagonismo kuota izan zuten. Britainiarrak esker oneko hitzak izan zituen, euskaraz, Euskal Herrian txirrindularitzak bizi duen giro ikaragarriagatik «eskerrik asko» trabatuarekin baina bihotzez.

Australia, Bretainia, Eslovenia, Herbehereak... Dozenaka bandera mugitzen ziren zaleen eskuetan, 176 korrikalariak banan-banan aurkezten zituzten bitartean. Jona, Yonier, David eta Stefan, Team Colombia Barcelona taldeko kideak, Tourreko lehen bi etapak ikustera etorri dira Euskal Herrira. Jakina, Daniel Martinez, Egan Bernal, Esteban Chaves eta Rigoberto Uran izan ziren gehien animatu zituztenak. Hala ere, euren faboritoa, batez ere Davidentzat, Harold Tejada izan zen, biak Pitalito hirikoak baitira. Txirrindularitza zaleak bezala, Tourraz eta Euskal Herriaz gozatzen ari dira katalan-kolonbiar horiek, penaz ezin dutelako luzaroago geratu Zornotza eta Baiona arteko hirugarren etapa ikusteko.

Etaparen hasiera

Taldeen aurkezpena amaitu eta hamar minutura, 12.30ean, hasi zen munduko txirrindularitza itzulirik ospetsuenaren 110. edizioa. Irteera neutralizatuaren lehen metroetan jende pilaketa ikaragarria zela eta, Tourraren hasiera San Mamesen jarritako pantaila erraldoietan ikusi behar izan zuten zaleek.

Behin lasterketa Bilbotik irtendakoan, jende kopuruak behera egin zuen, baina ez ikurrina kopuruak. Kolore horiari lekukoa hartuta, milaka ikurrinaren gorri, berde eta zuriak Bizkaiko errepideen ertzak bete zituzten etapako ibilbide osoan. Gure Esku herri mugimenduak dei egin zuen Tourreko ikusleek ikurrinak eraman zitzaten lasterketara, aldarrikatzeko «gure herria zazpi lurraldez osatuta dagoela eta geure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea egikaritu arte pedalkadaz pedalkada bidean jarraituko dugula». Zalantzarik gabe, euskal herritarrek proposamena ondo jaso zuten etapako 182 kilometroetan, «Euskal Herriak erabaki» lelodun ikurrinekin.

Etaparen amaieran, milaka pertsona zeuden berriz ere lasterkarien zain Campo Volantin pasealekutik Bilboko Etxebarria parkeraino, UAE Team Emirates taldearen Adam Yatesen garaipena ikusteko, bere anaia Simon eta Pogacarren aurretik iritsita. Britainiarra izango da maillot horia eramango duen lehen karrerista, gaur bertan, Gasteiz eta Donostia arteko etapan. Bihar hasiko da osorik Euskal Herrian egingo den azken etapa, Zornotza eta Baiona artekoa. Denbora gehiagorik gabe, bi egun geroago Pirinioen txanda iritsiko da, eta euskal zaleak Okzitaniako lurraldean nabarmenduko dira berriro.