Jon GARMENDIA
Idazlea

Aurkitu bidea

Euskaldun gisa euforia kolektiboa bizi dudanean Benito Lertxundiren “Bide galduak” entzuten dut eta pasatzen zait.

«Gu gazteok gaur gabiltza mundu galdu honetan, gerra bat barruan degula zer egin jakin gabe» gaur, drogak ekarri dizkit, eta haren menpekotasuna, azken urteotan mundu mailako kontsumoak %20 egin duela gora; gure munduan gehiago agian, kontra egiteko geroz eta tresna gutiago dugulako.

Droga berriak, sintetikoak, buruko nahasmenduak sortzen dituztenak, familietako miseriak, heriotza, eta horren aitzinean ia banalizatzera iritsiak gu, nehoiz landuko ez den drogen eztabaida atzeratuz, ostrukaren politikari helduz askatasun pribatu eta intimoa omen denaren aitzinean.

Ezen etxebizitza, lurra, eta hizkuntza defendatzeko aldarri egiten dugu elkarrekin, baina gai honek kalanbrea ematen digu kolektibo gisa. «Gurasoen mundu aldrebes hau ez dugu onartzen, diruaren morroi izaten erakutsi digute» ez, guk ikasi dugu, ohartu ez bagara ere.

«Ilunpe horrek bakardade galduan utzi gaitu; argirik gabeko bideak etorkizunik ez du». Drogaren atzaparretatik libra zaitezkeelako, baina haren atzaparretan nehor ez da libre. «Bizimodu lasai bategatik idealak galdu. Bizitzaren gauza ederrenak dizkigute zapaldu». Gaixotasun handi bat da hau, pandemikoa, eta ari denik ez dut gutxietsi nahi, baina orokorrean ez gara aurre egiteko gai, ez gaude arazoaren neurriaren neurrira. «Maitasun hitzak nahi nituzke esan baina gaur ezin dut; Gure bide galduak kalte hau ekarri dit».