Maite UBIRIA
HENDAIA

Etorbidearen zubia berriz ixteak haserrea areagotu du Txingudi aldean

24 orenen bueltan, aldarte ezberdineko agerraldi bi egin dituzte Irungo eta Hendaiako alkateek. Astelehenean, Jose Antonio Santanok eta Kotte Ezenarrok elkarri bostekoa emanez ospatu zuten Etorbidearen zubiaren irekiera. Behin Tourra pasatuta, Prefeturak atzo hesiak berrezarri zituenean, protesta egitera deitu zuten biek: ostiralean, 18.00etan.

Etorbidearen zubia gurutzatu nahi zuen gizon honek hesiekin topo egin zuen Hendaian.
Etorbidearen zubia gurutzatu nahi zuen gizon honek hesiekin topo egin zuen Hendaian. (Patxi BELTZAIZ)

Duela bi urte eta erdi itxi zuten Etorbidearen zubia itxita mantentzea erabaki duela baieztatu zuen atzo Pirinio Atlantikoen Prefeturak. Bezperan, goizeko 06.00ak pasatxoan, 2021ko urtarrilaz geroztik hendaiarrek eta irundarrek espero zuten unea heldu zen ezustean: zubia ireki zuten Tourra heldu baino ordu batzuk lehenago.

Hain zuzen, Hendaiako auzapezak hesiak kentzeko agindu zien udal langileei, eta pozik zen Estatu frantziarrak herritarren aspaldiko eskaera aintzat hartu zuelako.

Atzo, ordea, Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin batera egin zuen presazko agerraldian gogorki kritikatu zituen Kotte Ezenarrok frantses agintariak, bi hirien artean igarotzeko oinezkoen zubia berriro ere blokeatzea deliberatu dutela-eta.

Prefeturaren arabera, Tourrari loturiko mugikortasun- plangintzaren barnean jaso zen egun batez zubia berrirekitzeko erabakia.

Kotte Ezenarrok, ordea, jakintzat eman zuen nonbait, behin zubia trabatzen zuten hesiak udal biltegian sartuta, ez zela atzerapausorik izango. Are gutxiago, biharamunean.

Hala gertatu da, ordea. Tourraren tropelak astelehenean, arratsaldeko 16.30 pasatxoan, zeharkatu zuen Etorbidearen pasabidearen parean dagoen Santiago zubia. Ziztu batean, Gipuzkoako errepideak atzean utzi eta, zaleek astindutako ikurrinen babespean, Lapurdiko bidea hartu zuen.

Atzo, goizeko 08.00etan, Twitter sarearen bidez, Bidasoaldeko egunerokotasuna jorratzen duen Antxeta Irratiak Jose Antonio Santanoren hitzetan «Irun eta Hendaiako biztanleak iraintzen dituen erabaki lotsagarriaren» berri eman zuen.

ARGAZKIAK EGITEKO MUGAK

Irratiak sareraturiko mezuari atxikitako argazkian hainbat langile zutabeak jartzen agertzen ziren. 9.30ean GARA zubira hurbildu zenean hesiak finkatzeko lanak bukatzen ari ziren. Jada bloke urdin batzuek trabatzen zuten bidea. Operazioa gertutik behatzen ziharduten poliziek ez zuten antzeman argazkiak egiteko asmoa, baina konturatzean langileak eta poliziak ezin direla argazkietan hartu ohartarazi zuten.

Behin baldintza hori onartuta ere, argazkiak erakusteko galdegin zuten ondoren. Mugan askatasunen murrizketa larriagoak gertatzen direla jakinik ere, talka horrek agerian uzten du zubia berriz hesteko erabakia ez dela anekdota hutsa, jazarpen eta eragozpenen soka berria iragartzen duen hautua baizik.