XOLE ARAMENDI
DONOSTIA

Elena Cajaravillek eta Koldobika Jauregik, natura hausnargai

Egia auzoan jaioa bata, Grosen bestea; urteak daramatzate Donostiatik kanpo. Ulia mendiaren magalean hartu dute lur beraien artelanek, labetik atera berriak gehienak, irailera bitartean. Natura dute abiapuntu eta jomuga.

Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville, atzo Donostian, lehenaren lan baten ondoan.
Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville, atzo Donostian, lehenaren lan baten ondoan. (A. CANELLADA | FOKU)

Donostiako Okendo Kultur Etxeko areto berrian ireki ditu ateak asteazken honetan Elena Cajaraville-ren (Donostia, 1965) eta Koldobika Jauregiren (Donostia, 1959) erakusketak. Denera 77 artelan ikus daitezke irailaren 5era arte, berriki sortuak.

“La terre est bleue comme une orange” (Lurra urdina da, laranja bat bezala) Paul Eluard poetaren poema izan dute gogoan erakusketari izenburua jartzean. Artearen paradigma islatzen du: laranja ez da urdina, ala bai? «Bizitza eta artea surrealismoari lotuta daude. Zer da egia? Zer ez da egia? Joko horretan gabiltza... Gustukoa dugu, gainera, bere poesia», adierazi zuen atzo Cajaravillek.

Bi sortzaileen bideak Gipuzkoako Artisten Elkartean batu ziren 1984an, eta orduz gero elkarrekin egin dute bidea. Italian (1988an), Nafarroan (Leazkue, 1994an) eta Alemanian (1995etik 2000. urtera arte) bizi izan dira; azken honetan Neuss-Hombroicheko Insel Hombroich Museoan, beste artista plastiko, idazle eta zientzialariekin, “Naturarekiko paraleloa den artea” izeneko proiektuan.

Alkizan duten etxean tailerra partekatzen dute. «Tailerrak bata bestearen ondoan ditugu, eta irakurgaiak eta ideiak partekatu ditugu. Horrek aberastu egin gaitu, nola ez», aitortu zuen Jauregik. Elkarren ondoan, bai, baina nor bere ibilbide artistikoa garatuz. «Elkarri ideiak lapurtzen saiatzen gara, horrelakoak gara artistak, bekaiztiak», esan zuen eskultoreak irribarrez.

ITURRI BERA

Iturri beretik edaten dute Cajaravillek zein Jauregik. Naturaren erdian bizi dira eta hura dute abiapuntu biek. Baina planteamendua arras ezberdina dute. Inguruan ikusten duen kaosa bere buruan ordenan jartzen saiatzen da lehena. «Horregatik bilatzen dut geometria, simetria..., une oro, ekaitzaren ondorengo goxotasuna balitzbezala. Naturaren gaineko hausnarketa da; hildako txori bat ikusteak eragiten didan bertigoarena, esaterako», azaldu zuen Cajaravillek.

«Nik adierazi nahi dudanaren %50a oihalak berak esaten du. Berdin gertatzen da bitxigintzan. Oihalen bidez espazio jakin bat okupatzen dut; bitxikien, aldiz, gorputza. Materialarekin batera diskurtsoa ere aldatu egiten da», zioen.

Izadiaren edertasunak zer pentsa ematen die batzuetan. Beste batzuetan honen suntsipenaren aurreko beldurraz egiten dute hausnarketa. Gizakiaren akzioari -gehienetan ondorio tamalgarriekin- erreparatzen dio Jauregik. Gerrak badu presentziarik bere obran. Erretako egurraren beltza -gaua-, gorria eta urre kolorea nagusitzen dira hainbat lanetan. Urdin bizia, beste batzuetan. Koloreek bisitariaren arreta bereganatzen dute erakusketan zehar. «Epikoak, tragikoak... dira bere lanak, suaren erabilpena tarteko. Lasaiagoa naiz ni, etxe barruko gaiak eta intimoak lantzen ditut. Kontraste handia dute bion lanek, ez dute antzekotasunik. Oihalen sotiltasuna egurraren indarraren aurrean. Elkar osatzen dugu, nolabait», adierazi zuen Cajaravillek.

Lihozko oihalak ditu lehengai Cajaravillek. Egurra, harria eta burdina, Jauregik. Eskultura eta koadro forma hartzen dute bere eskuetan. Triptikoak edo erretaulak aipagarriak dira, artegintzan hasi berritan Donostiako San Bizente elizan ikusitako erretaulak betirako beregan utzi zuen arrastoaren isla. Aipatu bezala, bitxigilea ere bada Cajaraville. Bere lanak ikusgai jarri ditu erakusketan, baita Jauregik diseinatu eta Cajaravillek landu dituen hainbat pieza ere. «Koldobikak bere ohiko sorkuntza ildoa mantentzen du; nire kasuan askeago sentitzen naiz bitxigintzan oihalekin baino», esan zuen Cajaravillek.