Manex ALTUNA
ATHLETIC

Javier Marton aurrelariak Valverderen aginduetara hasiko du denboraldiaurrea

Jokalari nafarrak hiru urterako akordioa sinatu du talde zuri-gorriarekin eta Sanseko golegile nagusia izan da azken denboraldian.

Mikel Gonzalez kirol zuzendaria, Javier Martonekin batera, Lezaman.
Mikel Gonzalez kirol zuzendaria, Javier Martonekin batera, Lezaman. (ATHLETIC CLUB)

Athleticen lehen taldeak denboraldiaurreari hasiera emango dio gaur goizean Lezaman eta Javier Marton aurrelariak lehen entrenamenduak egingo ditu Ernesto Valverderen aginduetara. Arratsaldeko seietan egingo den lan saioa ateak irekita izango da eta zale zuri-gorriek jokalariak zuzenean ikustera gerturatu ahal izango dute.

Asteartean Iñigo Ruiz de Galarretaren itzulera San Mamesen ofizialki aurkeztu ondoren, klub zuri-gorriak Javier Marton nafarra fitxatu duela jakinarazi zuen atzo. Erdiko aurrelari postuan jokatzen du, 24 urte ditu eta 12 gol egin zituen azken denboraldian Sanserekin. 2017an iritsi zen Zubietara Tafallako Peña Sport taldetik eta Bigarren Mailan ere 15 partida jokatutakoa da Sanserekin.

Hiru urterako kontratua sinatu du Athleticekin eta, toki bat egitea zaila izango duen arren, lehen taldearekin entrenatzen abiatuko du denboraldiaurrea. Izan ere, Raul Garciak joan den astean luzatu zuen urtebeterako kontratua eta Iñaki Williamsek, Guruzetak eta Villalibrek ere postu berean joka dezakete. Alavesekin Lehen Mailara igotzeko gola egin ostean, Gasteizen argi esan dute hurrengo denboraldian beso zabalik hartuko zutela aurrelari gernikarra. Villalibre, Simon, Sancet, Agirrezabala eta Paredes bezala, beranduago hasiko da taldekideekin entrenatzen eta bigarren taldeko zazpi jokalari izango dira lehen lan saioetan.

IÑIGO MARTINEZ

Ondarroako atzelaria atzo aurkeztu zuen Bartzelonak jokalari berri gisa eta 2025era arteko kontratua sinatu du.