Jon ORMAZABAL
Entrevue
xabi TOLOSA
Aspeko atzelaria

«Pena izan zen; baina pozten nau lehen mailan sinesgarritasuna lortu izanak»

Anoetarrari nahi eta espero baino gehiago luzatu zaio Binakako finaletik, eta txapeletik, baztertu zuen zuntz haustura; baina gaur kantxetara bueltan izango da, non eta Iruñean, San Fermin egunean, Jaka eta Altunaren arteko kaiolako finalaren aurretik. Baikorra izateko gaitasun handiarekin, Binakako kapitulua itxi, eta dagoeneko aurrera begira dago.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Hasteko, nola zaude? Bi astez atzeratu da zure itzulera, baina arriskurik ez hartzeko izango zela uste dut, ala?

Bai. Frontoian entrenamenduetan hasi nintzenean zuntz hausturaren inguru horretan gainkarga batzuk izan nituen, eta orduan, ekografoarekin begira aritu ginen. Esan zigun oraindik bi aste inguru geratu beharko genuela. Orain frontoiko entrenamenduetan sentsazio hobeak ditut, inguru hori askoz hobeto daukat, gainkarga hori kenduta.

Animoz ere ondo sumatzen zaitut.

Bai, esan izan dut filosofia oso onarekin hartu dudala, kontzientzia oso lasai. Makuluak kendu nituen lehen egunetik egon naiz jo eta su osatzeko prozesu horretan, gimnasioan ordu asko sartu ditut azken aste hauetan, baita frontoian ere, eta egindako lanarekin gustura nago. Ea orain hankak ondo erantzuten duen.

Irudipena dut hasierako kolpea hain gogorra izanda, oso azkar eman zeniola buelta.

Bai, momentuan sekulako pena izan nuen, eta hurrengo egunean ere pena horrekin egon nintzen, baina nire izaera oso baikorra da eta, alde horretatik, nik uste dut izaera horrek lagundu didala egoera hau hobeto pasatzen. Berez haustura hau ez da ezer; pentsatzen jarrita, beste hamaika gauza okerrago etortzen zaizkit burura, hau, azkenean, hiru hilabeteko kontu bat baino ez da izan.

Ez da agian horren larria izango, baina bai oso krudela. Gogoan dut nola esaten zenuen zure ibilbideko aukerarik onena zure sasoirik onenean heldu zela, eta lesioa ere unerik gozoenean heldu zen.

Bai, aukerarik onena momenturik onenean heldu zitzaidan, eta nik uste, oso ondo aprobetxatu nuela. Ilusioz gainezka nengoen, entrenatzen izugarrizko gogoarekin, gero partidetan maila ona emateko. Nik uste, txapelketa oso ona egin nuela eta aurreneko mailan nire izenak sinesgarritasuna lortu zuela. Pena izan zen nola bukatu zen baina kontzientzia oso lasai neukan, banekien egindako txapelketa oso ona izan zela eta horrek ere ematen zizkidan lasaitasuna eta animoak aurrera jarraitzeko.

Gorengo mailan zure tokitxoa egin duzula sentitzen duzu?

Esandakoa, sinesgarritasun hori lortu dut, baina jakitun izan behar dut nire gainetik maila hobea duten pilotari asko daudela eta hankak lurrean izan behar ditut; une oro jakin behar dut zein den nire maila; gero, kantxak epaitzen du norberaren maila. Ni, behintzat, Binakakoan egindako lanarekin lasai nago, eta sinesgarritasuna lortuta.

Eta horren baikorra izanda, txar horretatik ere zerbait ona aterako zenuen, ala?

Halako momentuetan kontzienteago zara eta ondo gauden momentu horiek baloratzen dituzu, baina kontuan izan behar dugu lesioak ere kirolaren parte direla, eta ahalik eta umore onenarekin saiatu behar dela hartzen. Saiatu naiz lagunekin eta familiarekin denbora gehiago pasatzen, plan desberdinak egiten, ahalik eta denbora gehien betetzen... Horrek guztiak ere laguntzen du hau pasatzen.

Zuretzat ere aringarri izango zen, baina zuk eta kideek egun horretan emandako irudiak ere, nik uste, pilotari mesede handia egin ziola.

Bai, noski baietz, jendeak eta pilotazaleek eman zidaten babesa izugarria izan zen, eta horrez gain, telebistan ikusitako irudi horiek pilotaren irudia oso maila altuan jarri zuten; pilotaren baloreak, dagoen elkartasuna, laguntasuna... Izugarri polita izan zen dena. Kanpotik ikusita, ematen zuen gidoi batean idatzita zegoela.

Pentsatzen dut orain helburua maila hori berreskuratzea izango duzula eta uda ez da sasoi txarra horretarako.

Bai, udan partidak izango dira, ikusi beharko ea hankak nola erantzuten duen, baina erantzun ona ematen badut edo minik izaten ez badut, partidak izango ditut. Txapelketan emandako maila ez da egun batetik bestera lortzen, lan handia dago atzetik eta denbora beharko dut, hori badakit; pazientzia izan behar dut. Printzipioz, epe laburrean hankak inolako arazorik ez ematea izango da helburu nagusia, eta behin lesioa ondo kontrolatuta daukadanean, ba mailaz igotzen saiatuko naiz.