Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Arantza kendu du Oriok eta zalantzak uxatu ditu Urdaibaik Zierbenako uretan

Bigarren luzerako aurkaririk gabe geratu zen «Bou Bizkaia», estreinako garaipena ospatzeko. Sailkapen nagusia estu dago, Zierbena eta Hondarribia buru direla 31 punturekin. Euskotren ligan, oriotarrek arantza kendu eta lehen bandera astindu zuten.

Urdaibaiko eskifaia, lehen bandera astintzen, poza ezkutatu ezinda.
Urdaibaiko eskifaia, lehen bandera astintzen, poza ezkutatu ezinda. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Hiru estropada, hiru garaile ezberdin eta oraindik geratzen dena. Liga luzea da eta edozer gerta liteke». Nadeth Agirre Orioko patroiaren adierazpenek ondo deskribatzen dute Euskotren ligaren hasiera parekatua. Oriotarra, atzo herenegun Donostian baino aurpegi alaiagoarekin, garaipenarekin pozik agertu zen baina ez erabat aseta, azken unera arte ederki sufritu baitzuten. Tolosaldea, Lugañene eta “Txiki” ontzien artean segundo bakarreko aldea egon zen, aurten garaipena oso garesti dagoela berretsita.

Arraun Lagunakek hiru segundoko abantaila izan zuen ziabogatik ateratzean, baina lehendabizi Tolosaldeak eta ondoren Oriok indarrak parekatu zituzten eta halaxe iritsi ziren azken metroetara, azken unean Nadeth Agirreren eskifaiak apur bat aurrea hartu zuen arte. Hogeita bi ehuneneko tartea egon zen Tolosaldearen eta Arraun Lagunaken artean. Lugañeneko ontziak jarraitzen du lider, baina jada Orio bigarren postura igo da.

Beltzetik zurira igaro zen Orio eta kontrako bilakaera izan zuen Donostiarrak, etxeko bandera irabaztearen gozotasuna dastatu ostean. Hasieratik kosta egin zitzaion Zierbenako ur bihurrietan moldatzea eta, azkenerako, Hondarribiaren aurretik bukatzearekin konformatu behar izan zuen, hogei ehunen eskasengatik.

Bezperan, Miren Garmendia Hondarribiko patroiak onartu legez, une batez ohorezko txandarako txartela lortu izana ospatu zuten, baina denborak berrestean Tolosaldea kokatu zen beraien aurretik. Bada, Zierbenan ere gutxigatik geratu ziren bosgarren, lehia estua aurkeztu zion Hibaikarekin ikuskizun aparta eskainiz. Garmendiak azpimarratu zuen ilusioz begiratzen diotela lehen lauren artean kokatzeari baina hankak lurrean dituztela: «Badakigu gure lekua non dagoen». Galiziako bi traineruak izan ziren makalenak, eta sailkapen nagusia ere beraiek ixten dute. Arraun Lagunakek jarraitzen du buruan, 21 punturekin eta Orio, Tolosaldea eta Donostiarra hemeretzina punturekin daude.

URDAIBAI EZIN HARRAPATU

Euskotren ligako sailkapena estu baldin badago, Eusko Label ligakoa ere ez da atzean geratzen. Urdaibaik ere denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen Zierbenan, zalantzak uxatuz. Dena dela, Gorka Aranberri patroiak argitu nahi izan zuen «zalantzan jarri nahi izan» dituztela, beraiek beraien gaitasunean duda gutxi baitzeukaten: «Gure lana ongi egiten dugunean badakigu azkar ibiltzen». Era berean, Ohorezko txandako aurkariak indartsuak direla onartu arren, zehaztu du euren aurkaririk handiena eurak direla.

Zierbenan lortu zuten beraien «arraunketa onena aurkitzea» eta, behin hori erdietsita, geldiezina izan zen “Bou Bizkaia”. Hondarribia, bigarren sailkatua, 18 segundora iritsi zen eta hirugarren izan zen Cabo, bigarren txanda irabazita. Galiziarrak denboraldi hasiera oso dotorea egiten ari dira eta Donostiako bosgarren postua hobetzea lortu zuten. Kaikuk ere nabarmen hobetu zuen, laugarren bukatuta.

Gizonezkoen estropadan ere Kaiarriba izan zen gehien sufritu zuena, aurreko eguneko garaipenaren ajeak eraginda-edo. Ozta-ozta lortu zuten azken sailkatu Ondarroaren -sasoi hasiera gogorra egiten ari zaie bizkaitarrei- denbora hobetzea. Erregulartasunean txukun antzean dabilena Getaria da, Zierbenan ere Orioren aurretik bukatuta.

Etxeko estropadara lider iritsita, zalantzekin aritu ziren galipoak eta Hondarribiarekin batera eusten dio lidergoari (31 puntu), Urdaibai puntu batera dagoela. Koska bat beherago dago Getaria. Laurak ariko dira ohorezko txandan Bilboko Banderan, larunbatean.