Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
ITSASOA

Nadia Erostarbe final laurdenetan Ballito Pro Challenger Series lehiaketan

Challenger Series zirkuitua sortu zenetik euskal surflari batek inoiz lortu duen emaitza onena eskuratu zuen Nadia Erostarbek Hegoafrikan egin zen Ballito Pro txapelketan. Bronte Macaulay eta Cole Housmand izan ziren irabazleak.

Ezkerrean, Nadia Erostarbe, txanda osteko elkarrizketan. Eskuinean, goian, Ballitoko irabazleak, eta eskuinean, behean, Ariane Ochoa bilbotarra.
Ezkerrean, Nadia Erostarbe, txanda osteko elkarrizketan. Eskuinean, goian, Ballitoko irabazleak, eta eskuinean, behean, Ariane Ochoa bilbotarra. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Bronte Macaulay australiarra eta Cole Housmand estatubatuarra gailendu ziren Hegoafrikan egin zen Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketan. Joan den uztailaren 8an amaitu zen Ballito Pro txapelketan olatu bihurri baina duinak izan ziren eta lehenengo aldiz euskal hiritar batek CS txapelketa bateko finalerdietara iristea lortu zuen. Horrela, Nadia Erostarbe zarauztarra bosgarren postuan geratu zen.

Aurtengo denboraldia hasi denetik CS itzuliko hirugarren txapelketa zen Ballitokoa, baina Erostarberentzat lehena izan zen, Australian egin ziren txapelketetan ez baitzuen parte hartu. Hala ere, emaitza bikaina eskuratu zuen eta horri esker CS rankingeko 28. postuan kokatu da.

Kontuan hartu behar da CS itzulia osatzen duten sei txapelketetako lau emaitza hoberenak hartzen direla kontuan; beraz, beste hiru aukera ditu Erostarbek rankingean gora egiteko. Horrela, denboraldi amaieran lehen bost postuetako batean egongo balitz, hurrengo urtean lehen mailan lehiatzeko aukera izango luke. Aldiz, mutilen kategorian lehen hamar lehiakideak dira CT mailara igotzen direnak.

Erostarberekin batera Pauline Ado eta Ariane Ochoa ere CS mailan dira, baina ez zuten zorte handirik izan Balliton. Lapurtarra lehen errondan kaleratu zuten eta bizkaitarrak, ostera, erronda bat pasatzea lortu zuen arren, bigarrenean kaleratu zuten. Hala ere, Otsoa da CS rankingean postu hoberenean dagoen euskal surflaria, 25. postuan baita. Erostarbe, esan bezala, 28. postuan da, eta Ado, 31. postuan aurkitzen da egun.

Mutilen kategorian euskal ordezkari bakarra Adur Amatriain da, baina zarauztar gaztea ez zen lehiatu Hegoafrikan eta, Australian emaitza onik eskuratu ez zuenez, egun 70. postuan aurkitzen da. Bigarren urtea du CS mailan Amatriainek eta 19 urte baino ez ditu; beraz, badu prestatzeko denbora.

MACAULAY ETA HOUSHMAND

Lehia gogorra izan zen Balliton, CS mailan diren lehiakide asko gazteak baitira, baina esperientziak ere laguntzen du eta horregatik lehiakide beteranoak ere izan ziren azken txandetan. Azkenean, Bronte Macaulay 29 urteko australiarra eta Cole Housmand 22 urteko estatubatuarra gailendu ziren.

Ballitoko olatuak hondartzako olatuak dira, baina bada haitzei esker sarritan irteten den eskuin olatu indartsu bat, oso luzea ez izan arren edozein ariketa egiteko aukera eskaintzen duena, eta lehiakideek oso ongi baliatu zuten. Ikuskizun ederra eman zuten surflariek, batez ere txapelketako lehen egunetan olatuak handiagok zirenean, bi metro ingurukoak.

Azken egunean olatuen tamainak behera egin zuen baina, hala ere, metro bateko olatu trinkoak izan ziren eta surflariek ariketa indartsuak egin ahal izan zituzten.

Europarren artean, aipagarria izan zen Joan Dururen emaitza, mutilen mailako finalera iristeko zorian izan baitzen Landetako surflaria, baina Cole Housmandek ez zion aurrera egiten utzi.

Frederico Morais portugaldarra eta Cole Housmand estatubatuarra izan ziren mutilen kategoriako finalean buruz buru. Oso olatu gutxi hartu zituzten finalak iraun zuen 35 minutuetan; ez zituzten lau olatu baino gehiago hartu, eta bi olatu hoberenekin antzeko puntuazioak eskuratu zituzten, baina azkenean, 0,34 puntuko aldearekin Housmand gailendu zen eta mutilen rankingeko lehen postura igo zen.

Vahine Fierro polinesiarraren eta Bronte Macaulay australiarraren arteko finalean, ostera, alde handiz nagusitu zen Macaulay, bere aurkariaren puntuazioa bikoiztea lortu zuen eta, rankingean 20 postu gora eginda, egun bosgarren postuan da.