GARA
BILBO

Ereinek gezurtatu egin du Igela argitaletxea itxi duenik

«Erein argitaletxeak ez du erabaki Igela argitaletxea gelditzea. Aurreneko kasua izango litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den». Esaldi horiek laburbil dezakete atzo euskal sektore editorialak bizi izan zuen une kezkagarri eta deseroso bat. Ordu batzuk lehenago, Lander Majuelok berak Igela itxi zutela iragarri zuen, argitaletxearen zigilua zeraman komunikatu batean.

Itzulpengintzan lan handia egin du Igelak.
Itzulpengintzan lan handia egin du Igelak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ezusteko albiste batek astindu zuen atzo goizean euskal kulturaren unibertso txikia: Lander Majuelok, Igela argitaletxeko azken editoreak, hedabideei bidalitako komunikatu batean, iragarri zuen argitaletxe horrek abenduan bere ibilbidea etengo duela. Sare sozialen bitartez ere zabaldu zen oharra eta, jarraian, erantzun eta doluminak argitaratu ziren sareetan.

Liburugintzaren sektorearen egoera ez da onena egun, baina orain gutxi, ekainaren bukaeran hain justu, Yukio Mishimaren “Maskara baten aitortza” eleberria aurkeztu berri zuen Igelak Donostian eginiko prentsaurreko batean. Japonieratik euskarara zuzenean ekarritako nobela da.

Majueloren komunikatua kaleratu eta handik ordu batzuetara Erein argitaletxeak albistea gezurtatu eta honakoa argitu zuen: ez duela erabaki argitaletxearen jarduna gelditzea eta editorearen kontratua dela bertan behera gelditu dena.

«BUKATU DA»

Argitaletxearen zigiluarekin eta berak sinatuta, Lander Majuelok hau zioen ohar horretan: «Lagunok, bukatu da. Igelaren jabeek, arazo ekonomikoak direla medio, argitaletxea gelditzea erabaki dute». Abendura bitartean hitzartutako bost liburuak argitaratuko direla iragarri, eta horrela bukatzen zuen oharra: «34 urtez izan da Igela euskal literaturaren eta euskal itzulpengintzaren etxe ttipi bat. Etxe ttipi berriak eraiki beharko dira, beraz. Biba literatura!».

Albisteak haserrea piztu zuen Erein-en, orain hiru urte Igela erosi baitzuen Donostiako argitaletxe beteranoak: «Igelaren ‘jabe diren enpresariak’ enpresa bakarra da -argitu zuen Ereinek beste ohar batean- eta bere izena da Erein argitaletxea, orain hiru urte, orduko jabeak jubilatzera zihoazela-eta, argitaletxe hori erosi baitzuen, Nafarroan eta Euskal Herri osoan argitaletxe horren beharra dagoela iritzita».

1988an Igela sortu zuten Xabier Olarra, Joseba Urteaga eta Jose Manuel Gonzalez tolosarrek. GARAri 2015ean emandako elkarrizketan, Olarrak hau gogoratu zuen: «Euskaraz oso gutxi zegoen. Guk gure ikasleei eman nahi genizkien liburuak ez zeuden euskaraz». Ordutik, ehundik gora liburu ekarri dituzte euskarara, baina «itzultzea ia errazena da; saltzea gehiago kostatzen da», aitortu zuen. Eta nola egin dute? «Errazena argitaletxea sortzea zen; zailena mantentzea da. Zergatik mantendu gara? Ez garelako horretatik bizi», aitortu zion 2017an 111 Akademiari.

HIRU URTEREN BURUAN

Duela hiru urte Olarrak erretiroa hartu ostean, Ereinek Igela bere gain hartu zuen, eta «pentsatu zuen langile bat hartzea Iruñean -gizarte hartan sortua eta garatua baitzen Igela argitaletxea ordura arte- eta hari autonomia guztia ematea», aipatu zuen Ereinek, bidalitako oharrean. «Langile hari soldata bat esleitu zitzaion eta errentagarritasunaren gaineko helburu eta eginkizun batzuk itundu zituzten hiru urtean, urtero-urtero, errebisatzekoak», gehitu zuen.

Langile hori Lander Majuelo zen, eta «une oro izan du egoeraren gaineko berri zehatza eta lan egiteko askatasun osoa. Hiru urte pasatu direnean, eta besteak beste, aurrez itundutako helburu eta eginkizun horiek bete ez direnez, langile horren gaineko kontratua bertan behera utzi behar izan du Erein argitaletxeak».

Beraz, gezurtatu egin zuen argitaletxearen jarduna geldituko duela -«aurreneko kasua izango litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den», zioten-, hitzartuta dauden liburuak argitaratzeko asmoa baitute, «eta gero erabakiko du aurrerantz zein modutara jarraituko duen argitaletxeak».

«Aurreratu dezakegu, irakurleen eta euskaltzaleen lasaitasunerako, noski, Igelaren katalogoa eskuragarri egongo dela eta Ereinek ahal duen guztia egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko, orain arte egin duen bezala», bukatu zuen Ereinek.

2017an Xabier Olarrak ondorengo adierazpena egin zuen: «Gaur egun Eusko Jaurlaritzak zuzenean ez du itzulpenerako dirulaguntzarik ematen; ematen du liburuen produkziorako. Produkzio horretan itzulpena ere sartuta dago. Orduan esan dezakete itzulpena sartuta badago, argitaletxeek ordain dezatela. Eta berdin Literatura Unibertsala bilduman. Baina Gobernuak egiten al du nahikoa? Industria bat sortu nahi baduzu, fakultate bat… urtero ateratzen dira hainbeste lizentziatu eta gero haiek non egin behar dute lan? Seguru asko literatura itzuliak daukan harrerarekin ez dago modurik zure soldata egunero hortik ateratzeko».