Iraitz MATEO
KANTERRI, EUSKARAZ KANTATZEN DUEN HERRIA

Kubako eta Euskal Herriko kantuen zubia

«Kanterri, euskaraz kantatzen duen herria» ikastaroa egiten ari dira Oiartzunen. Joseba Sarrionandia izan zuten atzo goizean eta Kubako kantuak Euskal Herrikoekin lotzearen aitzakiapean, nazioaz, iraultzaz eta kulturaz jardun zen idazle iurretarra. Ikastaroaren bigarren edizioa da aurtengoa, eta gaur amaituko da.

Joseba Sarrionandia, «Kanterri» ikastaroan emandako hitzaldian, Oiartzunen.
Joseba Sarrionandia, «Kanterri» ikastaroan emandako hitzaldian, Oiartzunen. (Maialen ANDRES | AGENTZIA)

“Kanterri” ikastaroan buru-belarri dabiltza kantugintza zaleak Oiartzunen. Bigarren edizioa dute, eta atzo “Abestiak eta herriak” izeneko ikastaroa izan zuten. Joseba Sarrionandiaren gidaritzapean, hamaika hari-mutur bi orduan sartzen saiatu ziren; guztia ezin lortu, ordea. Nazioa definitu beharra behin baino gehiagotan iradoki izan du Iurretako idazleak, eta atzo kantuen bidez definituko zuela uste zuten bertaratutakoek. Hasi aurretik, ordea, ohar bat egin zuen: «Agian pentsatuko zenuten euskal kantuen inguruan hitz egitera natorrela, baina horretaz nik baino gehiago jakingo duzue zuek, eta ni Kubako kantuez mintzatuko naiz». Eta hala abiatu zen, garai bereko kubatar zein euskal kantu eta adierazpide kulturalak korapilatuz. Amaitzeko, nazioa ulertzeko moduaz, Euskal Herrian egiteke dauden etxeko lanez eta oztopoez mintzatu zen. Ondorio nagusi bat ere plazaratu zuen: euskaldunok ez dugu identitate arazo bat, komunikazio arazo bat dugu.

“Musika nazionalista” XIX. mendearen erditik bigarren mundu gerrara bitartean sortutakoari deitu zion Sarrionandiak; «musika hegemonikoaz apartatuta» sorturiko kantugintza izan zen, bere esanetan, eta ondorioz estatu dominanteek ez dutela inoiz musika nazionalistarik izan adierazi zuen; «nazio-Estatua izatea lortu ez duten kulturan egon da musika mota hau».

Kubaren kasuan sakondu aurretik, ohartarazpen bat egin zuen, guztia ezin baita nahi den moduan estrapolatu. Kubak independentziaren ostean eraiki zuen nazioa, eta hori datu garrantzitsua da haien kulturaren garapenean eta iraultzan, idazlearen ustez. Asmatutakoen zerrendan beste elementu bat ere gehitu zuen iurretarrak: kultura nazionala eta herri kultura eremu mestizoetan sortu zen. Hau da, «mendiko eta hiriko jendea nahastu» zenean, esklaboek eta burgesek eskubide berak lortu zituztenean… gerturapenetan, azken batean.

Kubako Independentzia Gerra baino pare bat urte lehenago abiatu zen kantugintza estilo hau Kuban, Sarrionandiaren arabera, eta garai zein abesti ezberdinak adibidetzat hartuz musika kubatarraren historia laburra azaldu zuen, euskal kantuekin zubiak eraikiz. Izan ere, prozesu paretsuak gertatu ziren, idazlearen ustez: «Diote globalizazioa oraingoa dela, baina ez da hala. Munduan inork ez du bakarrik funtzionatu, olatu berdinekin funtzionatu dugu guztiok».

BILAKAERA LABUR BAT

Hatueyren desagerpena (Kuban espainiarren aurka borrokatu zena) “Milia Lasturkoaren” kantuarekin lotu zuen; bietan «erreketa edo desagerpen» bat kontatzen duela esan zuen eta euskal letrei erreparatuta esan zuen «euskal literaturako irudi fuerteena» eraiki zutela. Garai bertsuan kokatu zituen biak.

Baina jarraian botatako adibideak antzekotasun handiagoak zituen: “La Bayamesa” (1851) eta “Ereserkia” (1867), eta “Gernikako Arbola” (1852). Herri baten ereserki izan nahi zuten guztiek, Iurretako idazlearen iritziz, eta tartean 1851n, Urruñan Lore Jokoak antolatzen ari zirela gogoratu zuen: «Gauza berak egiten geunden, garai berean».

Gauza antzekoak egiteko, baina, emaitza oso ezberdinak izan zirela mahaigaineratu zuen, eta galdera bat bota publikoari: «Kubak hain egoera arraroa izanik, nola lortu zuen independentzia eta euskaldunek ez? Guk ere mugimendu kulturala izanik, zergatik horrelako porrot politikoa? Nik argi dut, gerra karlistaren distortsioa». Sarrionandiaren ustez, nazioaren ideiak errepublikarena inplikatzen du, eta Kuban jakin zuten hori bermatzen. Karlistadan, ordea, ez zuten gaitasunik izan eredu errepublikanoa planteatzeko, nahiz eta Zumalakarregik bere azken urteetan aipatu. Idazlearen ustez, Sabino Aranak «ikuspegi kontraesankorra» zuen, Jainkoarengan jartzen zuen boterea, eta horrek «herria goitik behera egitea zekarren, euskaldunen eskubideak Jainkoak eman behar zituen». Eta Kubako iraultzan, esklaboen eskubideak jasotzen ziren; «bi gizarteak batzen jakin zuten kubatarrek, esklaboena eta burgesena, eskubideak berdintzen, eta hemen ez», gaineratu zuen.

Kubako “Troba berria” (Silvio Rodriguez, Bob Dylan, Victor Jara…) “Ez dok Amairu” taldearekin konparatu eta «arrakasta kultural» handia izan zuten garaiarekin lotu zituen. Baina Kuban, «salsaren booma» etorri zela aipatu zuen eta horrek iraultza-osteari eragin ziola: «Jendea lanera joan beharrean dantzara joaten hasi zen».

«POTAJE BAT»

Kubari begira jarraituz, «nazio kubatarra potaje bat» dela azpimarratu zuen, herri kulturako hiru osagai nagusi hartuta sortu zen jakia: indartsua, herritarra eta afrikarra. Gero, iraultza sozialista gertatu zela eta «sistema hankaz gora» jarri zuela azaldu zuen baina, bere ustez, herri kultura «ganorabakoa» dutela egun: «Iraultzaren ondoren ez du ez diziplinarik, ez lan kulturarik, ezta gizartea modu progresista batean egituratzeko gaitasunik ere».

Iraultza sozialista gauzatzeko kulturak ekarpen handia egin zuela kontatu zuen idazleak, baina kultura independentea zela iraultza horrekiko: «Kultura dependiente bat izango balute, ezingo zen egindako ekarpenik egin. Eta orain, berriz, kulturaren eragina oso txikia da gizartean». Iraultzaren arrakasta kulturala «porrot ekonomiko absolutua» izan zen, Sarrionandiaren iritziz, Kuban. Jesus Orta Ruiz errepentistaren hitzak ekarri zituen gogora: «Musikarik gabe, hegorik gabeko herria izango ginateke». Esaldi ederra iruditu zitzaion iurretarrari, eta euskal kantutegiarekin lotu zuen: «‘Txoria txori’ bururatzen zait esaldi horrekin, gogoratu beharra dago hegoak izatea garrantzitsua dela, baina behin hegoak izanik leku onetara edo txarretara joan zaitezke…».

NAZIOA DEFINITUZ

Kantuak eta herriak lotzeko nazioa definitzeaz aritu zen. Izan ere, bere ustez, «oso ideia anbiguoak erabiltzen ditugu Euskal Herrian nazioa zer den definitzeko». Publikoari egin zion galde eta ideia ezberdinak bota zituzten bertan zeudenek: hizkuntza, borondate komun bat, historia partekatu bat… baina guztiei atera zien punta iurretarrak: «Guk, euskaldunok, nahi duguna eta daukaguna nahasten ditugu».

Bere iritziz, ezinbesteko bi printzipio daude nazioa definitzeko: «We-feeling edo gutasun sentimendua» eta «komunikazioa». «Bakoitzak identifikatzen den naziokoa izateko eskubidea izan beharko luke, gutasun kolektibo bat eraiki behar dugu, gu imajinario baten partaide sentitu; nire kasuan, euskaldun izatea litzateke». Alor psikologikoaz gain, faktore soziopolitikoak ere beharrezkoak dira, idazlearen iritziz, eta horretarako komunikazioa behar da. Batetik, espazio geografiko baten identifikazioari egin zion erreferentzia -«Kultura bat sortzen joango da geografikoki konektatuta eta komunikatuta bagaude»-, eta, bestetik, hizkuntzari -«komunikazio modu zuzenena da hizkuntzarena»-.

Autoidentifikaziorako elementuen falta sumatzen du Sarrionandiak Euskal Herrian, eta «eskema okerren baitan» gabiltzala adierazi zuen: «Botere politikoaren kudeaketaren norgehiagokan gabiltza, garrantzia ematen diogu nork irabazten dituen udaletxeak… eta bitartean, kontsumo kulturalaren %90 espainiarra da». Beste adibide bat ere nabarmendu zuen komunikazioarekin loturan: «Frantsesa eskolatik kendu zutenean pentsatzen genuen abertzaleen lorpen bat zela, baina Ipar Euskal Herrira goaz, eta frantsesik gabe ezin dugu komunikatu, oztopo bat dugu parean, eta orduan erabakitzen dugu oporretara Hendaiara beharrean Benidormera joatea, eta horrek mugak handitzen ditu eta proiektu nazionalak -euskaldunak, noski- zaildu».

Halaber, euskaldunen identitatearen arazoa ez da egun euskal gizartean dagoen arazorik sakonena, bere ustez: «Ez dugu identitate arazorik. Geure burua gobernatu ezin dugun jendea gara». Desjabetza da arazoa, bere hitzetan. «Ez gara garenaren jabe», botere harreman oso asimetrikoak daude euskaldunen eta erdaldunen artean, bere ustez, eta horiek komunikazio arazoak direla gehitu zuen. Luzatzeko gogoz geratu ziren, eta bazkalostean eztabaidatzeko proposamena egin zuen: «Euskal Herrian eta Kuban, mahaiaren inguruan kantatu izan dugu beti».