GARA
PILOTA

Udako Master Laboral Kutxa, uda honetarako menurik zaporetsuena

Euskal Herriko eta mundu osoko gastronomiaren tenpluetako bat, Eneko Atxak Larrabetzun duen jatetxea izan da aurtengo Udako Master Laboral Kutxa aurkezteko eszenatoki berezia. Finala irailaren 29an jokatuko da Hondarribiko Jostaldin.

Udako txapelketan parte hartuko duten pilotariak, Eneko Atxaren jatetxean.
Udako txapelketan parte hartuko duten pilotariak, Eneko Atxaren jatetxean. (EMAKUME MASTER CUP)

San Fermin Torneoaren edizio arrakastatsuaren ondoren, Emakume Master Cup zirkuituak ez du atsedenik hartuko, eta igande honetan bertan, Barakaldon, emakumezkoen arteko pilotaririk onenak bilduko dituen txapelketa hasiko da, antolatzaileek atzo aditzera eman zutenez.

Aurkezpena Euskal Herriko eta mundu osoko gastronomiaren tenpluetako batean egin zen, Eneko Atxak Larrabetzun duen jatetxean, alegia. Han, erakustaldi moduan, pilotariek hiru Michelin izar dituen sukaldariarekin piloteatu ahal izan zuten haren jatetxeko kristalezko frontisean.

Txapelketari dagokionez, irailaren 29an Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan jokatuko den finalaren aurretik, torneoak Euskal Herriko kantxarik garrantzitsuenetako batzuk bisitatuko ditu: Barakaldo (igandean), Gasteiz zita bikoitzarekin (uztailaren 25ean eta abuztuaren 6an), Zarautz (abuztuaren 18an), Donostia (abuztuaren 19an), Bakio (abuztuaren 30ean), Lezo (irailaren 4an) eta finalerdiak hartuko dituen Galdakao (irailaren 13an).

Iaz Amaia Aldai eta Andrea Capellan izan ziren txapeldunak. Aurtengo edizioan bost bikote lehiatuko dira: Arraiza-Mendizabal, Garai-Capellan, Arrizabalaga-Galeano, Aldai-Oses eta Etxegarai-Gaminde.

Lehen fasean bikote guztiak elkarren aurka jokatuko dute ligaxka eran, eta ligaxka horretatik irtengo dira Galdakaoko finalerdiak jokatuko dituzten bikoteen izenak.

Aurkezpenean izan ziren pilotariek ilusioa agertu zuten txapelketa honetan ahalik urrutien iristeko. Amaia Aldairen arabera, «Emakume Master Cup Zirkuitua emakumezkoen esku pilotako lehiaketarik bereziena da. Hemen daude pilotaririk onenak eta gero eta gehiago kostatzen da irabaztea». Txapelketa honetara sasoi bete-betean iristen dena Enara Gaminde da eta bere uzta bikaina handitu nahi du. «Urte oso ona izaten ari da niretzat. Parte hartu dudan hiru txapelketetako hiru txapelak lortu ahal izan ditut: Binakakoa, Nafarroako Foru Erkidegoa torneoa eta San Fermin Torneoa», adierazi zuen.

BURUZ BURUKO ERREBANTXA, BERTAN BEHERA

Pilotazaleek egutegian gorriz markatuta zuten uztailaren 18a. Aitor Elordi, aurtengo Buruz Buruko txapelduna, eta Jokin Altuna egun horretan jokatzekoak ziren finalerko errebantxa Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Baina neurketa hau bertan behera utzi dute, amezketarrak gainkarga duelako eskuineko dortsal zabalaren lotura miotendinosoan.

Aspe enpresak gaineratu duenez, «Altunaren fisioterapeutaren gomendioen arabera, Amezketako aurrelaria buruz buruko partida baten eskakizunaren aurrean agertzeak amaiera okerragoa eragin dezake».

Oharrean ez zuten aipatu, baina Altunaren lesioa astelehen gauean San Fermin txapelketaren barruan jokatutako partidan etorri zen. Norgehiagoka hartan Rezustarekin batera, 14-22 irabazi zieten Ezkurdia-Zabaletari.