GARA
FUTBOLA

Europan barrena bidaiatzeko txapela jokoan izango dute Gal Stadiumean

Uztailaren 21ean Irunen jokatuko den Reala-Osasuna partidaren aurkezpenean, Euskal Herria Kirolak antolatzaileek, talde txuriurdinak, Real Unionek eta Asier Illarramendik elkartasuna erakutsi zieten iruindarrei UEFA jartzen ari zaizkien trabengatik.

Atzo aurkeztu zuten finala, partida hartuko duen Gal Stadiumean.
Atzo aurkeztu zuten finala, partida hartuko duen Gal Stadiumean. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Txapela buruan eta ibili munduan, edo gutxienez Europan barrena». Horixe izan daiteke hilaren 21ean Irungo Gal Stadimuean jokatuko den Euskal Herria Txapelaren finaleko leloa, historian lehen aldiz, datorren denboraldian Europan jokatzeko txartela eskuratuko duten bi taldeek, Realak eta Osasunak, lortu baitute final hori jokatzeko eskubidea. Besterik da, ordea, talde gorritxoak azkenean Conference Leaguen lehiatzeko baimena eskuratuko duen eta UEFA iruindarrekin izaten ari den jarrera oso presente izan zen atzo Irunen egin duten partidaren aurkezpenean.

Antolatzaileen aldetik, Euskal Herria Kirola elkarteak bi taldeak zoriondu zituen azken denboraldian lortutako emaitzengatik, eta elkartasuna eta babesa adierazi zion Osasunari UEFAk «zelaietan lortutakoa» kendu nahi diolako. Ildo horretan, Europako futbol federazioari bere erabakian atzera egin eta Osasunari lehiaketa horretan aritzeko eskubidea onar diezaiola eskatu zuen.

«Osasunak Conference League jokatzeko desiratzen gaude», azaldu zuen Joseba Ibarburuk. Realeko presidente ordeak Osasunarekin dituzten harreman onak aipatu zituen, elkartasuna adierazi zion Osasunari. UEFAk gorritxoak Europako lehiaketetatik kanporatzea bidegabea dela gaineratu zuen, eta hori zuzendu beharra dagoela nabarmendu.

Aurkezpenean gonbidatu gisa egon zen Asier Illarramendik ere babes osoa eskaini zion talde iruindarrari. «Niri ere bidegabekeria bat iruditzen zait zelaian lortu duten helburu bat orain dela urte asko gertatu zen gauza bategatik kentze hori. Euren indarrez eta euren ahaleginarekin lortutako zerbait da», azaldu zuen futbolari mutrikuarrak.

Igor Emeri, Real Unioneko presidenteak ere antzeko sostengu hitzak izan zituen Osasunarentzat, eta finala euren zelaian jasotzea ohore bat dela adierazi zuen.

BIGARRENA NAHI

Partida hurrengo ostiralean jokatuko da, gaueko 20.45etik aurrera, eta bertan euren bigarren txapela eskuratu nahi izango dute denboraldi aurreko lehen partida izango duen Realak eta ordurako beste bi jokatuta izango dituen Osasunak. Imanolenak izan ziren joandako denboraldian punturik gehien bildu zituztenak (9) eta iruindarrek, Athleticek bezala, 4 puntu eskuratu bazituzten ere, haien arteko norgehiagoketan gehiago izan zenez, Jagoba Arrasaterenek jokatuko dute final hau. Talde bakoitzak txapel bat du, 2020koa Realak eta 2021ekoa Osasunak, elkarren aurka jokatuta lortutakoak, eta bigarrena nahi dute.

Ohikoa den bezala, aurtengo edizioan ere izango da omenaldirik. Asier Illarramendi eta Oier Sanjurjo jokalariak omenduko ditu Euskal Herria Kirola elkarteak, «euren kirol ibilbide oparo osoan zehar, Euskal Herria Kirolak biltzen dituen baloreen ildoan jardun dutelako: profesionaltasuna, konpromisoa, kiroltasuna eta herria».

Ohorezko sakea egingo dute finalean. Eta, horrez gain, txapeldunari txapela jartzeko ohorea ere izango dute.

Sarrerak dagoeneko salgai daude interneten, ehkirola.eus webgunean. Realeko dendetan eta Lasesarreko bulegoetan ere zuzenean erosi ahal izango dira hurrengo egunetan. Tribunako sarrerak 20 eurotan salduko dira, eta albokoak 15 eurotan. 16 urte artekoentzat, 10 eta 5 eurotan.