Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
Entrevue
DANI PEREZ
Zierbenako entrenatzailea

«Baldintzek lehenbizi jarri gaituzte; gozatzen ari gara, baina errealistak izanda»

Zierbena Eusko Label Ligako liderra da, puntuetan Hondarribiarekin berdinduta. Dani Perez (Vigo, 1979) entrenatzailearen ustez, haien lekua «Bermeo, Donostiarra eta Hondarribiaren atzetik egotea da». Bizkaitarrak ikusten ditu «beste guztien gainetik».

(Raul BOGAJO | FOKU)

Oraindik asko dago jokoan, liga hasi besterik ez baita egin. Baina Zierbena lider da eta hori seinale ona da. Dani Perez Zierbenako entrenatzaileak nabarmendu du haien helburua lehen bost sailkatuen artean sartzea dela. ‘Galipoek’ aurten fitxatu dute Perez, Meiran bost urte egin ostean. Gaur jokatuko dute laugarren jardunaldia Bilbon: ligako erlojupeko bakarra izango da; emakumezkoak 17.25ean hasiko dira, eta gizonezkoak 18.21ean. Bihar Orion arituko dira; emakumezkoak 11.25ean eta gizonezkoak 12.15ean.

Liderrak zaretela esango balizute liga hasi baino lehen, sinetsiko zenuke?

Inola ere ez. Proiektua aurten hasi da Juan Zunzunegik klubean aro bat egin ostean [zortzi urte]. Lorpen asko eskuratu zituzten, bai txapelketetan, bai ligan. Iaz beste entrenatzaile bat egon zen, eta ez zitzaien nahi bezain ondo atera. Orain bigarren aldi bat hasten da berriz ere, eta horrek ziurgabetasuna eta konfiantza falta eragiten du, helburuak jartzeko. Gure xedea lehenak izatea baino askoz ere xumeagoa zen. Ibilbide orri berarekin jarraitzen dugu, nahiz eta txapelketako baldintzek lehen postuan jarri gaituzten. Gozatzen ari gara, baina errealistak izan behar dugu. Badakigu edozein unetan dagokigun postuan jarriko garela.

Zein baldintzek jarri zaituzte gorengo koskan?

Arraunean aldagai asko daude estropada baldintzatzen dutenak: estropada eremua, kaleak, haize aldaketak… Coruñan aldagai horiek mesede egin ziguten, eta aurkari zuzenei, esaterako Bermeori, faborito nagusia denari, baldintzak kontra ipini zitzaizkion. Zentzu horretan objektiboak gara, eta badakigu berandu baino lehen Bermeo ligako lehen postuan jarriko dela, behartu samar baitago irabaztera. Hala ere, egia da Donostian berriz ere ondo egin genuela eta lidergoari eutsi diogula.

Zierbenan lortu zenuten posturik kaskarrena, etxean.

Plangintzaren barruan sartzen da. Proiektu berria da, entrenatzaile berri batekin, taldean aldaketa dezente egon dira, alor teknikoan ere aldaketak daude… Azkenean badakizu urte batzuk behar dituzula dena finkatzeko, eta normala da irregularrak izatea. Hala ere, irregularrak izanda eta egun txarrak izango ditugula jakinda, uste dut ez zela emaitza txarra izan. Zierbenak aurten izan ditzakeen helburuen barruan sartzen da lehen bost traineruen artean sailkatzea. Kontua da lehen bi jardunaldien ondoren distira galtzen duela, baina uste dut ez dela ohikoa izango lehen bi sailkatuen artean egotea. Horretarako daude beste batzuk.

Liga hasi baino lehenago esan zenuen «bigarren lerroko» talde bat izango zinetela. Orain lehen lerroan zaudete.

Bai, oraingoz bai, eta disfrutatzen ari gara, oinak lurrean ditugula eta jakinda edozein unetan Bermeo, Donostiarra eta Hondarribia aurretik jarriko direla. Hori izango zen normalena. Saiatuko gara haiengandik gertu egoten borrokan, eta disfrutatzen, jakinda gure lekua haien atzetik egotea dela. Horrez gain, gure mailan egon daitezkeen gainerako traineruen aurretik egoten saiatuko gara: Getaria, Cabo, Orio... Orio ez da oso ondo hasi, baina hor goian egongo da. Saiatuko gara beti lehen bost sailkatuen artean ibiltzen.

Helburutzat duzue ohorezko txandan egotea eta banderen lehian?

Ohorezko txandan egotea ahalik eta gehien eutsi behar diogun xede bat da, jakinda Oriok maila igoko duela, oraintxe bertan puntuei dagokionez urrun egon arren. Banderen lehian egotea? Lehenik, guk estropadan dena oso ondo egin beharra daukagu; eta gero, hori posible egiteko aukera emango diguten baldintzak izan behar ditugu. Igandean Bermeok erakutsi zuen, ondo badabil, guztien gainetik dagoela. Banderen lehian egotea ez dago gure esku bakarrik.

Jokatu diren hiru banderetan hiru irabazle ezberdin izan dira. Lehiatua izango al da liga?

Joan den igandeko eta Euskadiko Txapelketako emaitzak ikusten badituzu, esango nizuke Bermeok nahi duenean irabazten duela, askogatik gainera. Orduan, agian Bermeoren atzetik dauden postuetan dago lehia. Hori litzateke logikoena, Bermeo arraunlari talde oso sendoa delako, eta haien bigarren urtea delako talde gisa. Uste dut haiek direla faborito nagusiak. Agian Hondarribia ere hor sar daiteke, aldaketak dituzten arren, talde fidagarria delako. Hala ere, zaila da Bermeori banderek ihes egitea.

Gaur Bilbon erlojupekoa jokatuko duzue. Estropada ezberdina izango da.

Bai, aurrekoen oso bestelakoa izango da. Itsasadarrean eta itsasbeheran estropada oso gogorra eta fisikoa izango da. Osagai teknikoek beti dute garrantzia, baina fisikoek, honetan, are gehiago. Ikusi dudanaren arabera, agian itsasaldiak eragina izango du emaitzetan.

Bihar Orion, itsasoan.

Bai, itsasoan, baina zulo handia duen erreka batean. Eguraldiaren aurreikuspena ikustea gustatzen zait, astea pixka bat aurreratuago dagoenean. Orion itsasoa pixka bat mugituz gero, eta aurreko eguneko neke fisikoa pilatuta, estropada gogorra izango da. Ez fisikoki, baina bai teknikoki.