EDITORIALA

Egungo bidegabekeria onartzea bada urratsa

Amaitu berri da G20ko Finantza ministroen bilera, Indiako Gandhinagar hirian burutu dena, aurrerapen gutxirekin, eta akordiorik gabe baliabide urrien dituzten herrialdeen zorraren berregituraketari dagokionez. Agian, aipagarriena Ajay Banga Munduko Bankuko presidentearen hitzaldia izan zen. Pobreziaren aurkako borrokan aurrerapenik ez dagoenez, munduko ekonomian haustura gertatzen ari dela aitortu zuen. Onartu zuen, halaber, mesfidantzak Iparraldea eta Hegoaldea banatzen dituela, eta handitu ere egiten dela, hitzartutako baliabideak Ukrainara desbideratuko dituzten beldur direlako.

Are gehiago, Hegoaldeko herrialdeen frustrazioa ulergarria dela esan zuen, «zentzu askotan gure oparotasunaren prezioa ordaintzen ari baitira». Nazioarteko harreman ekonomikoen egungo sistema izugarri bidegabea dela aitortzen duen adierazpena egin zuen. Izan ere, dolarraren nagusitasunak eta AEBek moneta politika arduragabeak aldiro munduko ekonomiak estutzen ditu. Interes tasa baxuko eta diru ugaritasuneko aldiak tasa eta diru doikuntza handiak dituzten beste batzuekin tartekatzen ditu, baliabide gutxien dituzten herrialdeak porrotaren zorian utziz. Nazio Batuen Erakundeak onartu berri duenez, diru sarrera txikiko gisa sailkatutako 69 herrialdeetatik erdia baino gehiago arrisku handian daude, eta errenta ertaina duten herrialdeetatik ia laurden bat. Testuinguru horretan, hartzekodun instituzionalak eta pribatuak biltzen dituen eta G20ak sortu duen Esparru Bateratua izenekoan zor horiek berregituratzeko akordioak lortzeko saiakerek ez dute aurrera egiten. Mailegu emaile multilateralek, hala nola NDFk edo garapen bankuek, uko egin diote Txinak bere zorraren zati bat kitatzeko eskatzen duen «lehentasunezko hartzekodun» estatusa galtzeari, maileguen galerak beren gain hartzearen aukera barneratuz.

Gutxi batzuen oparotasuna munduko biztanle gehienen kontura lortzen dela onartzea urrats garrantzitsua da, ezbairik gabe. Pribilegioak albo batera uztea beste kontu bat da. Urrats hori ere iritsiko da, nahi eta nahi ez, gaur egungo sistema jasanezina baita.