Alaia SIERRA

Berdintasuneranzko bidea, oztopatuta eta mehatxupean

Bukatu berri den legegintzaldia mugarria izan da Estatu espainolean, berdintasunari dagokionez. Abortuaren Legearen erreforma, sexu askatasunaren bermeari buruzko legea eta trans legea dira adibide nabarmenak, baina, aldi berean, eskuinaren oldarraldia piztu dute. PP eta Vox indargabetzeko prest daude, gobernatuz gero.

2019ko LGTBI Harrotasunaren Egunaren manifestazio jendetsua, Bilboko kaleetan.
2019ko LGTBI Harrotasunaren Egunaren manifestazio jendetsua, Bilboko kaleetan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gobernu espainolaren azken legegintzaldian berdintasunaren aldeko lege batzuk onartu eta indarrean sartu dira Estatuan. Esate baterako, «bai bakarrik da bai» izenez ezagutzen den sexu askatasunaren berme integralari buruzko legea, trans legea eta Abortuaren Legearen erreforma.

Eskuinak bereganatu duen nagusitasunak eta Gobernura heltzeko dagoen arriskuak, ordea, mehatxupean jarri ditu aurrerapen legal hauek. Espainiako eskuinak eta muturreko eskuinak argi utzi dute lege horiek indargabetu egingo dituztela, agintera helduz gero.

Alberto Nuñez Feijooren alderdiak, PPk, hauteskunde programan nahiz kanpaina hasi aurreko elkarrizketetan ziurtatu du trans legea indargabetuko dutela, Moncloara heltzen badira. Presidentegaiak argudiatu duenez, «lege minoritarioa da» eta PSOE-Podemos koalizio Gobernua mantentzeko onartu da.

Kritika honen barruan eta PPren ikuspuntua laburbiltzeko, Nuñez Feijook honakoa baieztatu zuen Onda Cero irrati katearen mikrofonoetan: «Errazagoa da legez sexua aldatzea, gidabaimena ateratzea baino». Legea «adingabeen, gurasoen tutoretzaren, kolektibo feministen eta medikuen aurkakoa» dela ere esan zuen.

Hau indartzeko, alderdi honen kanpaina arduraduna den Borja Semperrek Eskoziako, Australiako eta Alemaniako legediak jarri zituen adibidetzat, besteak beste. Esan zuenez, haietan aitzindariak izan ziren trans legeak berregin edo bertan behera utzi dituzte «zientifikoki eta sozialki frogatzen ari delako adingabeei modu oso negatiboan eragiten dietela».

Adierazpen horrek, baina, ñabardurak dauzka. Eskoziaren kasuan, Erresuma Batuak erabaki zuen Holyroodeko Parlamentuak onartutako lege berria blokeatzea, Australiak ez du atzerapausorik edo aldaketarik izan bere legeetan, eta Alemania legedi berri bat eztabaidatzen ari da, agiri ofizialetan sexu aldaketa errazteko.

Udal hauteskundeek PP eta Vox alderdiei boterea eman zieten Estatuko zenbait tokitan gertatutakoa Madrilen gertatu daitekeena ulertzeko lagungarria izan daiteke. Valentziakoa da kasurik adierazgarriena. Hizkuntza eskubidearen eta memoria historikoaren aurkako erasoez gain, indarkeria matxistaren kontrako legeak «familia barruko» indarkeriaz ari diren arauekin ordezkatu dituzte, «biktima guztien arteko berdintasuna» bermatu behar dela argudiatuz.

Auzitegietako bidea ere baliatu du muturreko eskuinak. «Bai bakarrik da bai» izenez ezaguna den legea iazko urriaren hasieran jarri zen indarrean, eta Voxek konstituzio kontrakotasun helegite bat aurkeztu zuen arauaren aurka. Zehazki, «oinarrizko printzipio juridiko eta konstituzional guztiak» urratzen dituela defendatu zuen Santiago Abascalen alderdiak. Izapidetzen ari dira Konstituzio Auzitegian aurtengo urtarriletik.

Konstituzio Auzitegian PPk trans legearen aurka aurkeztutako helegitea eta Voxek Abortuaren Legearen erreformaren kontrako beste bat martxan daude.

BIDEAN GERATU DAITEZKEENAK

Hala ere, hauteskundeak orain egiteagatik, beste zenbait lege onartu gabe geratuko dira: Pertsonen Salerosketaren Aurkako Legea, Familien Legea, Proxenetismoaren Aurkako Legea, Parekotasun Legea eta Arrazakeriaren Aurkako Legea.

Gainera, Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Hitzarmenaren irizpenaren erreforma ere zintzilik geratuko da.