Surflari ERNEGATUA

Itsasoratzeko aholku bat

Duela zenbait urte NAIZerako bideo bat egiteko eskatu zidaten, itsasaldien, korronteen eta antzeko kontuen berri emateko. Baiezkoa eman nien, baina baldintza batekin, nire modura egitea. Zorionez, guztion onerako, ez zuten nire nahia errespetatu. Bideo formalegia egin genuen, eta horregatik ziur aski zuetako gehienek ez zenuten ikusi ere egin.

Plana sinplea zen, norbait lotsagarri utzi behar nuen bideoak arrakasta apur bat izateko eta aldi berean itsasaldien eta korronteen berri emateko didaktikoa izan behar zuen. Arazoa da «ez dagoela ongi» norbait lotsagarri uztea zure helburuak burura eramateko, baina bestalde egiazko datuak ematearekin beti izango da lotsagarri geratuko den norbait.

Gauzak horrela, marea biziak ziren egun batean itsasbeherarekin hondartzara jaitsi ginen. Azalpenak emateko egun zoragarria zen, putzuzuloz inguratutako eremu batean eman nituen azalpenak eta marea igotzean gu ginean lekuan korrontea nola eta zergatik sortuko zen azaldu nuen. Gero, sorosle batengana gerturatu eta marea igotzen zenean korronteak non izango ziren galdetu genion. Sorosleak, espero bezala, ez zekien erantzuna eta zera esan zuen «bandera gorria hor da». Nik nahi bezala irten zen dena, gustura nengoen. Nire mezua itsasoan beti bakarrik gaudela azpimarratzea zen eta soroslearen adibidea bikaina zen hori agerian uzteko, eta bide batez bideoari grazia pixka bat eransteko.

Kameraria ez zen ausartu soroslearen hitzak behar bezala hartzera eta editatzera, «sorosle guztiak berdinak ez direlako». Ni neu sorosle izan nintzen, nire lehen ofizioa izan zen eta zorionez sorosle bikain ugari dagoela esan dezaket, baina nire gomendioak berbera izaten jarraitzen du, ikasi itsasoak nola funtzionatzen duen eta ez pentsatu itsasoan arazo bat izanez gero beste norbaitek lagunduko zaituenik. Laguntza baduzu bikain, baina hobe da bakarrik izango zarela pentsatzea.

Niri inork ez zidan ezer irakatsi itsasoko kontuen inguruan sorosle izateko eta ni neuk ere ezer gutxi nekien sorosle nintzenean baina, hala ere, Gurutze Gorriko kamiseta eta sekulako erantzukizuna eman zidaten. Ez da kritika bat sorosleei, hezkuntza ereduei baizik. Itsasoan ere heziketa on batek gehiago lagunduko zaitu, forma fisiko on batek baino. Gauza hauek eskolan irakatsi beharko lirateke, gutxienez kostaldeko herrietan, zeren itsasoan bizitza eta heriotzaren arteko distantzia segundo gutxi batzuetakoa izan daiteke.