GARA
IRUÑEA

Etxarri Aranatzek eta Berak bestetan barneratuta errango diote agur uztailari

Etxarri Aranatzeko eta Berako herriek hil honen amaieran ospatuko dituzte jaiak. Mota askotako ekitaldiak izanen direla iragarri dute jaien antolatzaileek; horien artean, kirol ikuskizunak, haurrentzako animazioa, herri bazkariak eta bertso saioak. Horretaz gain, Nafarroako bi herriotan kontzertu ugariz gozatu ahalko da; bertzeak bertze, Euskal Herriko hainbat talde entzutetsu, erromeriak eta DJ ugari izanen dira.

Etxarriko erraldoiak, iazko txupinazoan.
Etxarriko erraldoiak, iazko txupinazoan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Udako jaiak aurrera doaz eta, uztail bukaera honetan, Etxarri Aranatz eta Bera izanen dira jaietan sartuko diren Nafarroako herrietako bi.

Etxarri Aranatz izanen da jaien hasierako suziria lehenbizi botako duen herria. Bihar bertan izanen da hori eta, hortik aurrera, aurtengo egitaraua zazpi egunez luzatuko da, abuztuaren 4an izango den Inutillan Egunera arte.

Lehenbiziko egun horretan, suziriaren aurretik 2022an jaiotako haurrei zapia jarriko zaie, eta jaien hasiera ofiziala eguerdiko 13.00etan izanen da, txupinazoarekin eta erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteerarekin. Aurten Rafael Carasatorre herriko historialariak piztuko du suziria, «herriarekiko maitasuna gure barnean txertatzen laguntzeagatik eskerrak emateko». 20.00etan Sarek antolatutako Etxera! manifestazioa eginen da eta, ondoren, herriko elkarteek prestaturiko ohiko auzatea.

DENENTZAT

Hortik aurrera, zazpi egunetan mota eta gustu guztientzako ekitaldiak antolatu dituzte: herri kirolak, pilota partidak, zezensuzkoak, haurrentzako animazioa, herriko musika taldeen kontzertuak, kalejirak, herri bazkariak, pintxopotea, play back txapelketa eta bertsolariak, bertzeak bertze.

Musika arloak ere garrantzi berezia izanen du aurten, herriko plazan zein gaztetxean izanen diren kontzertuekin: larunbata 29, Trikiteens; igandea 30, Imperial Elegancia Mexicana, Xaibor, Pantxo Balbuena eta Etxarriko musikariak, eta gaztetxean Hofe eta DJ Reymi; astelehena 31, Trikidantz eta DJ Armo; asteartea 1, Swingtronics, Rockalean, Willis Drumond eta Dupla; asteazkena 2, Muxutruk eta gaztetxean Galazotak, Sustrai Berriak eta Herdoil; osteguna 3, Zazpizar erromeria; eta ostirala 4, Akerbeltza plazan, eta Fresa Morango DJ gaztetxean.

BERAKO JAIEN TXANDA

Beran jai hasiera hurrengo asteazkenean izan arren, asteburu honetarako hainbat ekintza antolatu dituzte: 4x4 auto ikuskizuna larunbatean (uztailak 29), Berako XX. Txirrindularitza proba igandean (uztailak 30) edo Berako IX. Gau Krosa asteartean (uztailak 1).

Esan bezala, aurtengo San Esteban besten hasiera ofiziala asteazkenean izanen da (abuztuak 2) eguerdiko 12.00etan botako den suziriarekin eta ezkil-jotzearekin. Ostean, erraldoiak eta buruhandiak karrikaz karrika ibiliko dira Incansables txarangak, Ezpelur gaiteroek eta Berako gaita eskolak lagunduta. Txosnen irekiera 19.00etan izanen da Toki Onako patioan.

Hortik abiatuta, bortz egunez luzatuko da aurtengo egitarau oparoa eta bertan ez dira faltako bertsolariak, dantza herrikoiak, herri danborrada, pilota partidak, kantu bazkaria… Aurten, hori bai, ez da kukañarik izanen, Ur Konfederazioak jarritako baldintzak «beteezinak» direlako eta urak ez duelako osasun bermerik, bertze arrazoi batzuen artean.

Musika arloan, berriz, honako talde hauen emanaldiak daude iragarrita: Akerbeltz (asteazkena, hilak 2), DJ Bull (osteguna, 3), Trikidantz (ostirala, 4), Olaia Inziarte eta Des-kontrol (larunbata, 5) eta Hammond York (igandea, 6). Gainera, bortz egunetan Incansables txaranga arituko da karrikaz karrika.