Jon GARMENDIA

Hegoak-egoak

Baionako festen irekieran jendetzak kantatutako «Txoriak txori» han-hemenka ibili da hizketagai. Pozik entzun nuen zuzenean, ez besoko ileak kiribiltzeraino halere; beharbada, letra ez dakien jende gehiegi sumatu nuelako hurbilean, oihuka, eta abestiari zentzurik eman gabe. Gerora sare sozialetan zoramena atzeman dut anitzen ahotan, euskal ereserki nazionala hau dela baieztatzeraino. Berotasun kolektiboen zalea banaiz ere, uste dut hau urrun joan zaigula.

Frantziak Munduko futbol txapelketa lehen aldiz irabazi zuenean Gloria Gaynorren “I will survive” karrika orotan himno bat zen Hexagonoan, bikoteak utzi berri duen emazteak aitzina eginen duela aipatzen du abestiak, uros izan daitekeela hura gabe eta ez duela berriro harekin harremanik nahi; feminista anitzen abesti ikurra, gay harrotasunarena… baina Munduko kopa ospatzeko baliatua, abestiari zentzurik harrapatu ez zionak ere. Ez da aspaldi, “Il partisano” berreskuratu eta kristo guztiak kantatzen duela, adierazten duenaren kontrako ideologia daukanak ere bai.

Gauza bera gertatzen da “Hegoak” bezala ezagunagoa den Artzeren poema eta Mikel Laboaren kantuarekin. Aizkoa abesbatzak lagunduta, Anne Etchegoyenek ezagun egin zuen Frantzian, enetzat euskal kanturik hedatuena, frantses anitzentzat haien erregio bateko kantu folklorikoa. Anne kritikatu zutenetatik batzuk ere txalotzen ikusi ditut orain, donapaleutar kantaria gure hizkuntza eta kultura hedatzen ari zela ikusteko gai izan ez zirenak. Egoak baztertuta, zuzentzeko okerrik badago oraino.