Lubakian behar naute eta
Uztailaren 25a, Donejakue eguna. Sukaldean. Kafesnea hartzen, sukaldeko leihoaren parean. Hor behean Bermeoko Portua ikusten dut. Arrantzako hamar ontzi daude nasa luzeari loturik, hamaikagarren bat erdi-erdian ainguraturik. Luzaroan dago hor geldi. “Beti Euskal Herria” du izena. Ontziaren izena eta egoera, nahiaren eta ezinaren arteko dialektikan. Euskal Herriko arrantza portu handiena-edo izan zena, husturik.
Kafearen ostean ordenagailua abiarazi dut. GARAko iritzi sailean Carlos Gorrindo lagunaren artikuluarekin topo egin dut. Irakurri dut. Sukaldera itzuli naiz goizeroko limoi-ura prestatzera. Tartean euria hasi du. Iazkoa gogoan, hau poza. Honela segituz gero ez dugu harako gas-ontzi hura Bermeoko portuan atrakaturik ikusi behar izango. Urdaibaiko Biosferaren Erreserban berton bizi garenontzat ur nahikorik ez eta, horra beste 140.000 bisitari hiru hilabeteko tartean. Guggenheim Urdaibai turismo megaproiektuaren hiru hileok zein izango diren argitu ez duen arren, udaldikoak izango lirateke. Gernikan bada akuifero eder handi bat kutsaturik. Beste ezer baino lehen, has bitez hori konpontzen. Horretan balegoke bai enplegu tasa polita.
Haria galdu dudala uste dut. Bermeoko portuaz ari nintzen. Negargura eragiten dit. Goizero. Batzuetan mikaztu egiten zait kafea, limoi ura berez da garratza. Euria gogorrago jotzen ari da. Behin batean arrantzarekin bildu ziren diruak eta beste batzuk ere Euskal Herritik kanpoko uretara doaz. Haietan lan egiten duten hemengoak migratzaileak dira. Estatistiketarako diot. Ez da joko makala horiekin egiten dena, gero. Ez-enplegu tasa Busturialdean, lanera hemendik Bilbo aldera joan behar dutenen kopurua. Horiek irakurrita, irudi luke eskualdea mortu bilakatu dela eta prozesua berezko izan dela. Ez Jaurlaritzarik, ez Aldundirik, ez Udalik, ez sunsuncodarik izan ez balitz legez. Eta izan ere izan dira, eta badira. Eta, Carlosek dioen legez, orain artekoan inbertsioa ganorazkorik egin gabeko lehen biak makroegitasmoan sekulakoak egitekotan, eta Gernika-Lumoko eta Muruetako Udalak ere tartean antza. Zein bertoko, zein nazioarteko, zein munduko hainbat lege eta hitzarmen urratzeko prest.
Whatsapp-aren bidez oraintxe jakin dudanez, Lemoizko Zentral Atomikoa izatekoa izan zen horretan -adi, atomiko hitza ez da aspalditik hona inon aipatzen- kanpoko hormatzarrean konponketak egiteko diru kopurua esleitu du Eusko Jaurlaritzak. Adi ba horra joatekotan zaraten langileak, eremu erabat kutsatuan jardun behar izango duzue eta.
Lemoizko horren harira, badirudi orain turismo megaegitasmoaren aldekoek garai hartan erabili zuten esku-liburura jo dutela. Hartan «zentralik gabe azak jatera kondenaturik geundeke» esan zuten bezala esaten dute orain «ala hau ala ezer ez», eskualdearen etorkizuna dela eta. Nola orduan “El Correo Español”, hala dute egun “El Correo” aldarri ofizialen agerkari nagusi, Carlosek bigarrena aipatu duelako diot azken hau. Eta bide batez zera erantsi beharko dut, egunkari hori argitaratzen duen enpresa Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren patroietako dela, eta megaegitasmoaren sustatzaile fundazio hori berori dela, eta ondo legokeela herriak jakitea nor diren beste patroiak. Ez gara eta ez dira inuzenteak. Beraz, gu, herriaren euspenaren bila.
Busturiako Axpeko patroia da Donejakue, Espainiako Erresumakoa eta Galiza ene bihotzekoarena den ber. Halaxe ba, hau idazten ari naizen artean ordenagailuak erakusten didan orduari begiratzen diot, ez nadin berandutu. Ordubete barru hitzordua jarrita daukagu Axpen, “Guggenheim ez dago salgai / Guggenheim Urdaibai Stop” dioen pankartari ordu erdiz eusteko eta etor litezkeenei informazioa emateko. Guggenheim Urdaibai Stop ekimena horixe egiten ari gara. Ibilbide gidatuak antolatuz, datuak eta informazioak zabalduz, hitzaldiak nongura eginez, gazteekin bilduz eta abar. Ez daukagu, noski, batzuek antza proiektuaz erakusten duten ezagutza. Ukatu egiten digute informazioa. Horra Europa mailako beste zera bat, Aharus Hitzarmena izenekoa hain zuzen, urraturik. Information, please!
Azkenik esan zeharo harritzen nagoela, Gernika izenari Guggenheim marka uztartu dakiokeela ikusita, Gernika-Lumoko herritarrek ez galdetzea, ozen galdetu ere, ea ba horren premiarik badagoen, batez ere gogoan izanda izen hori norena den, zeren oihartzuna duen munduan, historiaz paso egitea ez ote den eta, ahoan bilorik gabe esanda, ez luketen iraintzat hartu beharko. Turismo megaegitasmoaren alde agertzen diren argudioetara makurtuz, edota horiek onetsiz, Dalia fabrika ohian egin asmo dutenari berdin-berdin jar liezaiokete Gernika-Coca-Cola Museoa. Zer esan orduan?
Euria bere lehengoan ari du. Whatsapp-etik neguko jantziekin agertzeko aholkatu didate. Horixe aholkatu beharko udaldian etorriko omen liratekeen 140.000 bisitariei. Hemen, klima aldaketa eta guzti, udan ere euria egin lezake.
Ahaztu baino lehen, mega-proiektuak sortuko omen duen lanpostu zaparradarekin zer egiteko asmoa duten galdera kilika daukat buruan.
Elizako kanpaien egun handietako hotsak. Hamabiak. Negukoak bilatzen hasi behar. Lubakian behar naute eta.