ESTITXU ZABALA
GASTEIZ
Entrevue
Gorka Ortiz de Urbina
Zeledon

«Egunak faltako zaizkit festak ospatzeko eta agurtzeko»

Hogeita bat urteren ondoren, Gorka Ortiz de Urbinak aterkia zintzilikatu eta Zeledon izateari utziko dio aurtengo Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien ostean. Datorren urtean aldaketak egiteko aukera zabaldu du Blusa eta Nesken Batzordeak.

(Endika PORTILLO | FOKU)

Zer moduz zaude?

Pandemiarengatik bi urte egin nituen jaitsiera egin gabe, orduan, joan den urtekoa desberdina izan zen. Aurten, pixka bat urduri nago eta penaz ere bai.

Pena eta urduritasuna aipatu dituzu, baina denetariko sentimenduak izango dituzu...

Bai, normala da. Lagun bat galtzea bezalakoa izango da; badakizu lagun horrekin egon zarela hainbat urtez, eta berriro ikusiko duzu, baina beste era batera, beste batek egingo duelako lan hori.

Eta zer diote zure semeek?

Ez dutela Zeledon ezagutzen diote, aita ezagutzen dutela. Esan diete: «Ze zorte ona duzuen, zuen aita nolakoa den, ze jatorra...», eta haiek diote: «Bai, majoa bai, baina etxean ez, errieta egiten digu, zigortzen gaitu...». Bueno, azkenean pazientzia handia izan dute. Nik pentsatzen nuen ez zirela blusak izango, zeren Gasteizko jaietan nirekin ateratzen direnean itxaroten geratzen dira jendeak argazkiak atera nahi dituelako nirekin, eta askotan ordu bat pasa dezakete leku batetik bestera iristeko. Baina gauzak horrela dira eta kito.

Zeledon izan zaren urte hauetan guztietan zer aldatu da bereziki Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan?

Nabaritzen da neska gehiago dabiltzala blusetan eta euskararen egoerak hobera egin duela.

Zer esango zenuke eman diola Gorkak Zeledoni?

Euskaraz hitz egin duen lehen Zeledon izan naiz. Iñaki Landak egindakoa egiten jarraitu dut, baina kanta orain euskaraz egiten dugu.

Eta kontrakoa, zer eman dio Zeledonek Gorkari?

Kendu egin didala esango nuke. Jende askok ezagutzen nau eta oso zaila da jendeak ez ezagutzea Gasteizen edo Euskal Herri osoan. Jatetxe batean bazkaltzen ari banaiz familiarekin, adibidez, jendea hurbiltzen zait, abestu egiten dute, haiekin argazkiak ateratzeko esaten didate... beti gertatzen zait hori. Baina polita da.

Nolako jaiak aurreikusten dituzu aurten?

Dagoeneko izan ditut omenaldi batzuk; adibidez, joan den larunbatean nire kuadrillakoek egin zidaten eta primeran pasa genuen. Egunak faltako zaizkit festak ospatzeko eta agurtzeko.

Orain aldaketak etorriko dira. Aukera egongo da Zeledon emakumea izateko eta gehienez bost urtez hartuko du kargua hurrengoak.

Aldaketak proposatzen hasi zirenean, nik esan nuen nire ustez gutxi zela bost urte Zeledon izateko. Hasieran jendeak ez zaitu ezagutzen, eta ezagutzen hasten direnean, joan egin beharko da. Horregatik, nik esan nuen hobeto zela hamar urtez luzatzea. Egia da pertsona gehiagok izango dutela Zeledon izateko aukera, eta emakumea izan daitekeela. Hori albiste ona da denontzat. Aldaketak egin behar dira eta gizarte moduan aurrera jarraitu behar dugu.