Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
Entrevue
HARITZ OLASAGASTI
San Pedroko patroia

«Lapurdi, San Juan eta Arkote hortxe daude, marjinarik ez dugu»

San Pedro bigarren da KAE 1 Ligan: Lapurdi liderra hiru puntura du, eta atzetik beste hiru puntura daude San Juan eta Arkote. Haritz Olasagasti (Aia, 1987) taldeko patroiak esan du helburu nagusia kanporaketak jokatzea eta Eusko Label Ligara igotzea dela. Lau estropada falta dira liga amaitzeko. Etzi Hondarribian egingo dute arraun (16.30).

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Haritz Olasagasti gaztetan Orion ibili zen patroi 2001etik 2007ra. Gero, arrauna utzi, eta 2009tik 2021era rallyetan ibili da, pilotu-lagun. Lagun batek esan zion probatu behar zuela, eta hala hasi zen: Euskal Herrian Kopak irabaztetik 2016an Espainiako txapeldunak izateraino. Bigarren mailan -hiru baitzeuden-. Olasagastik bi anaia ditu, eta gazteena, Gorka Olasagasti, San Pedron dabil, eta zaharrena Orion ibilitakoa zen.

Haritzek kontatu duenez, Asier Carballeda San Pedroko entrenatzaileak lehendik zuen harremana Haritzen anaia zaharrarekin. Hala, behin Carballedak esan zion Olasagasti anaia zaharrari talde polita zuela, baina patroi bat falta zitzaiola. «Zergatik ez duzu nire anaia probatzen?», bota zion Jonek. Eta gero Carballedak bueltatu zion anaia zaharrenari: «Arraioa! Eta zergatik ez zara zu ere hasten?». Eta horrela hasi ziren Carballeda entrenatzaile eta arraunlari, Jon arraunlari, eta Haritz patroi. Orain, hiru Olasagasti anaiak daude “Libia” ontzian.

Nola ikusten duzu taldea?

Oso gogotsu eta indartsu ikusten dut. Sasoia oso ondo hasi genuen, uste baino hobeto. Gero, Zumaiako estropadan bi edo hiru arraunlari erdi gaixorik ibili ziren, eta entrenatzaileak aldaketa batzuk egin zituen, eta hor ez genuen batere asmatu. Astindu handia hartu genuen; puntuetan genuen errenta osoa jan ziguten, eta hurrengo hiru estropadak errioan pixka bat konplikatuak izan dira. Besteei meriturik kendu gabe baina, egia esan, kaleak, azkenekoan Camargon bezala, txarrenak tokatu zaizkigu eta defenditzea lortu dugu. Lapurdik pasatu gintuen, orain hiru puntura dugu, eta atzetik San Juan eta Arkote beste hiru puntura daude. Hortxe daude. Marjinarik ez dugu; lana ahalik ondoen egin behar dugu.

Zein da helburu nagusia?

Helburua liga irabaztea da, baina horrela helburu nagusia kanporaketetan sartzea dela esango nuke eta gora igotzea. Liga irabazten badugu, ba askoz hobeto. Eta Kontxarako sailkatzea lortzen badugu, azkena bada ere, denboraldiari ginga jartzea litzateke. Baina helburu nagusia kanporaketak dira. Lehengo urtean aurrenekoak geratu ziren ligan eta kanporaketa ezin izan zuten irabazi. Ni ez nengoen orduan, baina besteek har hori hor dute, eta uste dut horri begira nahiko lan egiten ari garela.

Espero zenuten Lapurdi hor goian egotea, lider gainera?

Egia esateko, bai, espero genuen hor egotea, baita San Juan ere. Hasieratik hirurok ikusten ginen indartsu. Agian sorpresa pixka bat handiagoa eman digu Arkotek: ondo hasi ziren, baina gero erabat gora etorri da, eta oso ondo lan egiten ari dira. Orain laurok batera gaudela esango nuke. Lapurdiren aldetik espero genuen ondo ibiltzea, baina oso indartsu daude. Esango banizu ez genuela espero hain ondo ibiltzea ez nizuke egia esango. Azkenean denok nahi dugu norbera egotea ondoen eta hori dena, baina puntu batean espero genuen, eta jakinaren gainean geunden.

Nolako estropada izatea espero duzue Hondarribikoa?

Pixka bat itsasoari begira gaude. Ematen du denborale bat sartu dela; ea noraino txartzen den itsasoa. Tendentziak ikusita ematen du jaisten ari dela; metro eta erdiko olatuak markatzen ditu. Bertan jokatu dudanetan asko gustatu zait estropada eremua. Esperantzarekin nago, ea talde konpletoa atera eta estropada ona egiten dugun.

Iaz San Pedrok liga irabazi zuen, baina kanporaketetan ez zuen lortu mailaz igotzea. Oso zaila da hori lortzea?

Alde batetik, bai. Azkenean Kontxa eta gero izaten dira, eta ikusi behar da indarrez eta fisikoki nola ailegatzen zaren. Izan ere, azkeneko estropada da, eta estropada batera jokatzen duzu dena. Ezin da akatsik txikiena ere egin, lan ona egin behar da eta, oso berdinduta egoten denez, kasik edonork irabaz dezake edo estropada txar bat egin. Orduan, beldur pixka bat eramaten duzu, baina konbentzituta joan behar duzu, norberaren lana ahal den ondoen egitera, besteei bakean utzita eta konfiantza horrekin. Badakigulako gure lana egin dugunean banderatik gertu edo oso aurrean ibili garela.